Nazioarteak, oro har, Trumpen asmoak kritikatu ditu

Palestinarren lekualdatze bortxatuaren harira, erreakzio biziak zabaldu dira mundu arabiarrean ez ezik, nazioarte osoan ere. NBEk azpimarratu du nazioarteko zuzenbideak «guztiz debekatzen» duela deportazioa.

Donald Trump atzo Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE
Donald Trump atzo Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko otsailaren 5a
13:15
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen adierazpenen ondotik, haserrea piztu da mundu arabiarrean ez ezik, nazioartean ere: beste behin, Gazako palestinarrak Egiptora eta Jordaniara bidali gogo dituela erran zuen Trumpek, gehiturik lurraldea «kontrolpean» hartzeko asmoa duela.

Egiptoko Atzerri ministroak azpimarratu du, erantzun gisa, «Gazako zerrenda berreraikitzearen garrantzia, palestinarrek beren lurrak utzi behar izan gabe». Hots, Trumpek kontsideratu badu palestinarrak Egiptora lekualdatzen ahalko dituela, Egipto beraren onespenik gabe izan da. Honako honetan, Jordaniak oraino ez du erreakziorik zabaldu; haatik, Trumpek gisa bereko diskurtsoak jadanik hedatuak zituen aitzinetik, eta, urtarrilean, Ayman Safadi Jordaniako Atzerri ministroak erran zuen «palestinarrak kanporatzeari uko egitearen erabakia oraindik ere irmoa eta aldaezina» zela.

Saudi Arabiako Atzerri ministroak ere Trumpek agindutakoa baztertu du, zehazturik erabakia «argia eta negozia ezina» dela. Eta gehitu: «Israelekin ditugun harremanak ez ditugu normalizatuko Palestinako Estaturik sortzen ez deno»; Israelen kolonizazio politikak eta Palestinako lurraldeen anexioa salatu ditu.

Arabiar Ligak ohar bat zabaldu du Trumpen adierazpenen aurrean ardura eskatzeko. Erakundeak konfiantza agertu du AEBekiko, Ekialde Hurbilean «bake justu bat» lortzeko borondatea duela iritzita, baina ohartarazi du palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko proposamenaren kontra daudela herrialde arabiarrak eta nazioartea. «Nazioarteko zuzenbidea urratzen du». Liga Arabiarraren ustez, halako egitasmo batek «ezegonkortasuna» eragingo luke Ekialde Hurbilean eta zaildu egingo luke bi estatuetan oinarritutako konponbide baterako aukera.

Mundu arabiarraz haratago nazioarteko oihartzuna ukan dute Trumpen adierazpenek. Antonio Guterren NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkariaren iritziz, «funtsezkoa da garbiketa etniko mota oro saihestea», haren bozeramaile Stephane Dujarricek adierazi duenez. Dujarricek azaldu du NBEko buruak arazoak ez okertzearen alde egin duela. 

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Volker Tuerkek ere hitza hartu du egun, legediari erreparatuz: «Nazioarteko zuzenbidea oso argia da; autodeterminazioa oinarrizko printzipio bat da, estatu guztiek babestu behar dutena [...] Guztiz debekatua da lurralde okupatuetatik edozein lekualdaketa bortxatzea». Palestinar populuaren sufrimendua ere azpimarratu du. Haren ustez, «fase berri batean sartu behar» da orain, «palestinarrei eta israeldarrei bakea eta segurtasuna bermatzeko, duintasuna eta berdintasuna oinarri hartuta».

Asia eta Europa

Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak erran du Trumpen oharrak «onartezinak» direla, eta palestinarrak «ekuaziotik kanpo» uzteak gatazka gehiago ekarriko dituela.

Txinak, Espainiak eta Frantziak ere adierazi dute «lekualdatze bortxatuaren aurka» direla. Saudi Arabiaren gisara, gainera, Txinako Atzerri ministroak espero du «parte guztiek su etena eta gatazka osteko gobernantza baliatuko dituztela bi estaturen konponbidean oinarritutako aterabide politiko batera» iristeko.

Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbocken esanetan, palestinarrak Gazatik kanporatzeak «sufrimentu eta gorroto handiagoa» eragingo luke. Nabarmendu du Gaza palestinarrena dela, eta pelestinarrak direla etorkizuneko estatu palestinar baterako oinarria.

Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek uste du palestinarrei «Gaza eraikitzen utzi» behar zaiela. «Guk haiekin egon beharko genuke, bi estatuen konponbiderako bidean».

Italiaren eta Errusiaren ihardespenak, ordea, epelagoak izan dira: lehenari «gauzatzeko zaila» iruditzen zaio Trumpen proiektua, eta bigarrenak bi estatuen irtenbidearen alde egin du. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gogorarazi du, gainera, Jordania eta Egipto Trumpen planaren aurka agertu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.