'Open Arms'-en ustez, Espainiaren proposamenak «ulertezinak» dira

GKEaren Italiako zuzendariak proposatu du ontziko migratzaileak Madrilera hegazkinez eramatea. Europako Batzordeak «kooperatzeko» eskatu die EBko estatuei, itsasontzia porturatu ahal izateko

Open Arms erreskate ontzian dagoen migratzaileetako bat otoitz egiten, atzo. FRANCISCO GENTICO / EFE.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Migratzaileak duintasunez tratatzeko, Cataniara (Sizilia) eraman ditzakete, han Madrileraino doan hegazkin bat har dezaten», proposatuzuen Ricardo Gatti Italiako Open Armseko zuzendariak, atzo. Open Arms erreskate ontziak hemeretzi egun daramatza noraezean, portu seguru batean lehorreratzeko zain. Izan ere, indarrean jarraitzen du Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ontzia han porturatu ahal izateko ezarri zuen debekuak. «163 pertsona erreskatatu eta zain ditzakegu. Haien eskubideak defendatu ditzakegu, eta bi gobernuren eraso mediatikoa eta propaganda populista jasan ditzakegu, baina gure baliabideak mugatuak dira, eta xahutzen ari zaizkigu», salatu zuen Oscar Camps Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen zuzendariak, atzo.

Espainiako Gobernuak Balearretan lehorreratzeko proposamena egin zion Open Arms-i, herenegun, erreskate ontziak Algecirasen porturatzeari uko egin eta gero. Gobernuak Palmako eta Maoko portuak eskaini dizkio, eta, Open Arms ontziko buruekadierazpen baten bitartez jakinarazi dutenez, ez dute baztertzen Balearretan porturatzea, baina baldintza bat jarri dute: Espainiak eta Italiak migratzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jar ditzatela. Hala ere, itsasontziko kideeniritziz, eskaintza hori «guztiz ulertezina» da, Lampedusa uhartetik 800 metrora baitaude, eta hiru eguneko bidaia bat hasi beharko bailukete. Horregatik, Lampedusan porturatzeko eskatu zuten, atzo, berriz ere. Bestalde, Gattik migratzaileak Espainiara hegazkinez eramateko proposamena egin zuen; izan ere, salatu zuenez, Espainiak emandako irtenbideak «barregarriak» dira.

Salvinik ontzian zihoazen 28 adingabe lehorreratzea baimendu zuen, bere «borondatearen aurka», pasa den larunbatean. Beraz, orduz geroztik, 107 dira porturatzeko baimenaren zain dauden migratzaileak. Barne ministroak honako hau idatzi zuen atzo, haren Twitter kontuan: «Zergatik ez doa Open Arms Espainiara? Hemezortzi egun hauetan Eivissa eta Formenterara hiru aldiz joateko eta bueltatzeko denbora eduki du». Gainera, zalantzan jarri zuen ontzian duten egoeraren larritasuna, bertan «adingabeak ez diren adingabeak eta gaixorik ez dauden gaixoak» daudela iritzita. Santiago Abascal Vox alderdiko presidenteak Salviniren hitzak partekatu zituen Twitterren, eta hau gehitu zuen: «Aurrean duguna propaganda operazio erraldoi bat da, gezurretan eta gizakiak salerosten dituzten mafien elkarlanean oinarritzen dena».

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordearen ustez, erreskate ontziak «Maltan sartzeko aukera zuen, baina Italiara joateko erabakia hartu zuen, han porturatzen utziko ote zioten jakin gabe». Azaldu zuenez, «ez da erraza ulertzea» erreskate ontziak ukatu egin duela «migratzaileak haientzat prest dagoen portu batera eramateko eskaintza». Calvok hau gehitu zuen: «Gertuen dagoen portua eskaini diegu, baina ezin ditugu gure portuak Italiara eraman». GKEaren arabera, ordea, presidenteordea «errealitatea desitxuratzen» ari da.

Europako Batzordeak, berriz,«kooperatzeko» eskatu die EB Europar Batasuneko estatuei eta Open Arms GKEari, ontzian gelditzen diren 107 migratzaileak porturatu ahal izateko. «Migratzaileak jasotzeko prest agertu diren herrialdeen arteko banaketa egiteko prest gaude, baina, lehenbizi, ontzia porturatu egin behar da», adierazi zuen Europako Batzordeak, atzo. Hala ere, gogorarazi zuen haiek ez dutela eskumenik erabakitzeko non porturatu behar diren migratzaileak.

'Ocean Viking', esperoan

Sos Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen Ocean Viking itsasontzia Italia eta Maltako uretatik gertu dago. Erreskate ontzi horrek 356 migratzaile daramatza, eta Italia eta Maltako Gobernuei han porturatzeko baimena eskatzen ari zaie etengabe. Maltak ezezkoa eman zien, lau erreskateak hango uretatik kanpo egin zirela iritzita, eta Italiak, berriz, ez dio erantzun ontziaren eskaerari. Sophie Rahal Sos Mediterraneeko arduradunak esan zuenez, ez dira «beste herrialde batzuekin harremanetan jarri». Haren arabera, ez dago «presazko» ebakuazio baten beharra duen migratzailerik, baina zenbait sarna kasu antzeman dira migratzaileen artean.

Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak adierazi zuenez, arrantzale batek hiru pertsona erreskatatu zituen pasa den igandean, txalupa bat irauli eta gero. Bizirik atera zirenek azaldu zutenez, «ontzian 100 pertsona baino gehiago zeuden».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.