OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakunde horrek bigarrenez atzeratu zuen atzo Siriako Duma hirian arma kimikorik erabili ote zen argitzeko ikerketa. SANA agentziak herenegun zabaldu zuen taldearen bederatzi ikerlariak hirian sartu zirela, baina taldeak atzo jakinarazi zuen NBEren segurtasun talde bat sartu zela haien aurretik, tokia segurua ote zen zehazteko, eta horren ondorio izan dela bigarren atzeratzea:OPCWren zuzendari nagusi Ahmet Uzumcuren arabera, taldea tirokatu egin zuten, eta leherketa bat ere izan zen. Ondorioz, OPCWk erabaki du ikerketarik ez abiatzea oraingoz, horretarako testuinguru aproposa izan arte, eta horren alde agertu zen atzo Siriaren NBErako enbaxadore Baxar Jaafari ere. Oraingoz, OPCWk ez daki ikerlariak noiz sartuko diren Duman.
Errusiak joan den astean jakinarazi zuen Duma guztia zegoela Siriako Gobernuaren kontrolpean, han zeuden matxino islamistak garaitu ostean. Bi toki ikertu zituen atzo NBEren taldeak: batean, tiroak eta leherketak izan ziren, eta, bestean, OPCWren arabera, herritar talde bat elkartu zen haien inguruan. Damaskok bigarren bertsio hori ere baieztatu zuen, gaineratuz herritarrak protestan ari zirela AEBen bonbardaketen aurka: «Herriaren mezu bat izan zen».
Hilaren 7an, oposizioko taldeek eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu zuten eraso kimiko bat izan zela Duman, eta Mendebaldeko estatuek berehala jo zuten Siria eraso horren erruduntzat, OPCWk 2014an adierazi zuen arren Damasko guztiz armagabetu zela. Frantziako presidente Emmanuel Macronek, berriz, behin eta berriz berretsi du Damaskoren egiletza frogatzen duten «frogak» dituela, zeintzuk diren azaldu gabe. Erresuma Batuarekin eta AEBekin batera, ziurtatu zuen kloroa eta nerbio agente bat erabili zituztela egun hartan. Eraso horri erantzuteko, «arma kimikoen programaren bihotzari» eraso zioten Sirian, joan den larunbatean.
Kasko Zuriak
Ikerketari dagokionez, Kasko Zuriak gobernuz kanpoko erakundearen ustez arma kimikoak erabili ziren tokiei buruzko informazioa helarazi zion atzo OPCWri. Erakundeko kide Raed Salehen arabera, mapa batean erakutsi diete biktimek ustez Dumako zer tokitan arnastu zuten gas pozoitsua.
Herenegun, berriz, Aleksander Xulgin Errusiaren OPCWrako ordezkari iraunkorrak azaldu zuen bere herrialdeak frogak eman zizkiola OPCWri, erasorik izan ez zela erakusteko: «Gertatutakoa kasko zuriek antolatu zuten».
OPCW Duman sartuko da, NBEk toki segurua dela ziurtatzen badu
Ikertzaileak Siriako hiri horretan zirela zabaldu zuten arren, erakundeak bigarrenez atzeratu du ikerketa, NBEren segurtasun talde bat haren aurretik sartu eta tirokatu egin dituztela jakitean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu