Azaroaren 17an heldu zen Euskal Herritik Tegucigalpara hamazortzi lagunez osatu ordezkaritza, bi xede nagusirekin: jende eskubideen egoera ezagutu eta jakinarazi eta hauteskundeetan ikuskaritza lanetan aritu, bertako Hautes-auzitegi Gorenaren bermearekin.
Noren eskaerari erantzun diozue delegazio hau antolatzeko ?
Ekainean Via Campesinak Jakartan eginiko kongresuan Hondurasera nazioarteko ikuskariak bidaltzeko deia zabaldu zuen, komunitate indigenek, nekazariek eta bestelako talde sozialek estatu kolpearen ondorioz pairatzen dituzten zangopilatzeak direla eta. Hauteskunde prozesu demokratikoa bultzatzeko nahi handia dago hemen, tresna instituzionalen bidez erreforma sakonen garatzeko. Nekazaritza arloan, elikadura subiranotasunaren eta lurren banaketaren eskaerak oso indarrean daude, eta hilketak eta bahiketak ohikoak dira erakunde militarren aldetik. Lau urte dira zilegi ez den gobernua boterean dagoela eta, eskubide urratzeak nabarmen hedatu direnez, haiek moralki eta materialki babestera etorri gara.
Zer egiten duzue zehazki ?
Gizarte zibileko elkarteekin ari gara biltzen, errealitateak bertan ezagutzeko. Ikusten ari garenez, baliabide naturalen ustiaketa bilakatu da gatazka iturri nagusietariko bat, pobreziaren eta biolentziaren alboan. Bestalde, nahiz hauteskunde hauetan joera politiko gehienak ordezkatuak izan, iruzur arrisku handia dago, eta hautagaiek mehatxuak eta erasoak izan dituzte. Igandean nazioarteko ikuskatzaile gisa ariko gara hiriburuko hauteslekuetan. Ez gara bakarrik egonen: helburu bera duten beste talde batzuk dira etortzen Suitzatik, Alemaniatik, Erdialdeko Amerikatik... Nazioarteko erakunde instituzionalek ere bidali dituzte ikuskatzaileak.
Nola laburbildu Hondurasi buruz daukazun pertzepzioa ?
Estatu kolpea gertatu zelarik, nazioarteko erakundeek ozenki gaitzetsi zuen. Gero, berriz ere, Honduras bigarren planora pasatu zen, eta betiko dinamikan jarraitzen du, joera neoliberalisten menpe. Euskal Herrian, adibidez, Hondurasko gertakaririk apenas aipatzen den. Alta, herri honen kokapen geografikoak, transnazionalen interesek, AEBen politikak edo oposizioaren jarrerak eragin handia dute Amerika osoan. Antolakunde zibilek daramatzaten erresistentzia eta proposamen jarduerak goraipa daitezke, halaber, kolpearen ondorioz gutxiengo banatu izatetik benetako indarra izatera pasatu direlako, ingurugiro politikoa eraldatzeko gaitasunarekin.
Hauteskundeen biharamunak zer utz dezake?
Alderdi denek jende eskubideak berma ditzaten eskatzen dugu, berriz egoera honetara itzultzeko arrazoirik ukan ez dezagun. Antolakunde zibiletatik ohartarazi digute gauzak pentsatu baino lasaiago ari direla gertatzen, baina datorren astelehenean edozer gerta litekeen beldur dira. Emaitzak edozein izanik ere, oligarkiak eskupean dituen eremuak ez dituela errazki utziko nabarmentzen digute, horrek dituen ondorio guziekin. Egoera arrunt iraul daiteke, onera edo txarrera.
Juana Canga Mahamud. Euskal Herritik joandako ordezkaritzako kidea
«Onera edo txarrera, egoera irauli egin daiteke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu