Protestak herrialde arabiarretan

Ondoko herrira aterpe eske

Sirian milatik goiti dira errepresioan hildakoak. Libanok itxi egin du muga, Bashar al Assaden zapalkuntzatik ihesi doazen siriarren joana eragozteko. 5.000 inguru dira muga gurutzatu dutenak.

Bukaja
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost pertsona dira, baina, horietatik, bakar bat da gizon heldua. Gainerakoak, emakumeak eta haurrak, 10 urte bitartekoak. Eserita daude, apaindura gutxiko sala batean: alfonbrak daude lurrean, kuxinak alboz albo, eta horma hutsak, Bukajako (Libano) beste hainbat etxetan bezala. Bost emakumeetako batek hartu du hitza, haurren iskanbila artean: «Ezer gabe ihes egin genuen; tiroka ari ziren herri osoan, eta kalean hilotzak zeuden nonahi. Nik ihes egitea lortu nuen, baina nire senarrak eta hiru haurrek ez. Autobus bat hartu, eta muga alderantz jo genuen. Emakumeak eta haurrak bakarrik geunden, eta, hala eta guztiz ere, armadak autobusa tirokatu zuen. Neska gazte bat hil egin zen. Baina pasatzea lortu genuen. Ihes egin nuenetik, ez dakit ezertxo ere nire familiaz».

Badira bi aste hori gertatu zela. Talkalakh hirikoa da Fatima; Libano iparraldeko mugatik hamar kilometrora baino gutxiagora dago, eta 70.0000 bizilagun ditu. Hiria setiatu zuten Siriako armadak eta shabiha izeneko miliziak —gobernuaren aldekoa da, eta ezaguna izugarrikeriak egiteagatik—, eta hiri barrura sartu ziren joan den igandean, apirilaren 15ean, Bashar al Assaden erregimenaren kontra hasitako protestak geldiarazteko asmoz. «Bi egun lehenago, erreguaren osteko ostiralean, protestak izan ziren», adierazi du Fatimak. Berak igandean bertan ihes egin zuen, eta, behin Libanora iraganda, ahaide batzuen etxean ostatu hartu zuen Bukaja izeneko herri txikian, Uadi Khaled eskualdean.

Muga batzuk mapan bakarrik daude; hala eta guztiz ere, erabakigarriak dira askoren bizian. Esate baterako, Bukajakoa: Kabir ibaiaren gaineko harrizko zubi txiki polit batek zedarritzen du Siriaren eta Libanoren arteko muga. Ez alferrik, Siriak okupatutako eskualdea izan da, de facto, 30 urtean, 2005era arte. Rafik Hariri lehen ministro izandakoaren erailketa gertatu eta gero, Libanotik irten egin zen ofizialki Siria, baina inguru horretako herrietako bizilagunek ez zioten utzi muga iragateari beren egunoroko bizimoduan.

Bizilagunak zibilei tiroka

Joan den ostegunetik, ordea, benetako eragozpen gertatzen ari zaie muga. Libanoko armadak, Damaskok estuturik, itxi egin zuen iraganbidea, iheslari siriarren joan-etorria eragoztearren. Ordura arte, 5.000 siriar inguru iragan ziren mugako alderdi horretatik herrialdera, zapalkuntzatik ihesi. Horietako asko Talkalakhekoak ziren.

«Geure auzoko alauiek tiro egiten ziguten. Sekula ez genuen harreman onik izan, beldurra genien, baina ez genuen berehalakoan pentsatuko honetaraino iritsiko zirenik, zibilei tiro egiteko gai izango zirenik». Hala esan du Shaimak, alboan Fatima duela—biek ere izen faltsu bat emateko eskatu digute, zapalkuntzaren beldur—. Talkalakhen, sunitak dira bizilagunik gehienak, baina bada alauien komunitate handi bat ere. Islamaren adar bi horietakoak beste hainbat komunitatetakoekin batean bizi dira Sirian: drusoekin, kristauekin eta beste komunitate xiita batzuetakoekin. Talkalakhen bezala, Sirian ere sunitak dira gehienak, baina gobernua eta administrazioa—ustelkeriak erabat jotakoa— alauien kontrolpean daude, gutxiengoa izanagatik eragin handikoak baitira; Al Assad da haien burua. Horregatik, suniten komunitatekoek egiten dituzte protestarik gehienak, bazterturik sentitu izan baitira historiaren joanean. Nolanahi ere, zatiketa alderdikoi hori areagotu egin da gaur egungo liskarrak direla eta, herrialdean sekula izan gabeko moduan.

«Nik banituen lagun alauiak», azaldu du Hassanek, Bukajako etxeko murru grisetako batean bermatuta. «Auzo onak ziren, baina orain erregimenari laguntzen ari zaizkio; traidore halakoak!». Hassan margolaria da, 35 urtekoa, eta protestetan ibilitakoa; muga itxi baino egun bat lehenago alde egin zuen herritik. Hala, bada, Fatimak ez bezala, joan den astearen erdialdera pairatu behar izan zuen infanteriak herriari eginiko erasoa. «Bonbardatu egin gintuzten; gutako asko hil zituzten, eta gero etxeak harrapakatu zizkiguten, eta autoak lapurtu. Gorpuak zeuden kalean nonahi. Asko hilobi komun batean lurperatu zituzten».

Alboan Mohamed du, 23 urteko artzain bat, eta asaldaturik kontatu digu bizitakoa: «Frankotiratzaile batek 15 urteko mutil bat hil zuen, haren etxe aurrean. Tiroa entzunik, aita ere irten zen atarira, eta hari ere tiro egin zion. Haren atzetik, amari. Hirurak hil zituen», salatu du. Eta hau erantsi: «Lehen aldia zen armada Talkalakhera etortzen zena. IV. Dibisioa zen, Maher al Assad buru zuena —presidentearen anaia—. Dara hiria suntsitu eta gero [Siria hegoaldean dago, eta apirilean zapalkuntza latza jasan zuen], gure bila etorri ziren».

Gazte biek kontaturikoaren arabera —ezin izan dugu haiek kontaturikoa egiaztatu, Siriako erregimenak herrialdean sartzea galarazia baitie kazetariei—, bonbardaketen ostean etxez etxeko jazarpenari ekin zioten. «Gobernuak eten egin zituen telefonia mugikorraren lineak. Hala, telefono finkoak erabili beharra zeukan jendeak, eta, horiek hartuta zeuzkatenez, bazekiten nor zegoen zaurituta, nork ihes egin zuen eta nork parte hartu zuen protestetan. Haien guztien eta haien familien bila jo zuten», adierazi digu Mohamedek; haren esanetan, ehunka pertsona atxilotu zituzten. «Atxilotu egiten dituzte bai gizon guztiak eta bai 12 urtetik gorako mutiko guztiak ere».

Egia esateko, herrialdeari buruzko informazioa blindatuta daukatenez, ez dago egiaztatzerik zenbat heriotza eragin dituen setioak —zenbait iturriren arabera, amaitua da—, eta ezin da jakin herrialde osoan zenbat lagun hil diren, zehatz-mehatz, protestak duela bi hilabete hasi zirenez geroztik. Siriako Giza Eskubideetarako Erakunde Nazionalak dioenez, «1.118 martiri» hil direla dokumentatu dute. Zaurituak kopuru horren laukoitza izan daitezkeela dio talde horrek.

Eta gazte horiei hizketan entzunik, nekez irudika daiteke gatazkaren amaia: «Ez dugu berriro elkarrekin bizitzeko itxaropenik. Itzultzen bagara, mendeku hartuko dugu», dio ziur Hassanek. Eta hau erantsi du Mohamedek: «Ez dugu negoziatuko erregimenarekin. Ez naiz gerra zibilaren beldur, gobernuak berak inposatu baitigu gerra sunitei». Eta zein da itxaropena? «Lehen, Saudi Arabian geneukan uste osoa, erregimena bertan behera erorarazteko; orain, Obamarengan».

Itxaropen hori nekez bete liteke, AEBetako presidenteak orain arte egindako adierazpen neurritsuak ikusirik; haren administrazioak zigorrak baino ez dizkio ezarri Siriari. Itxaropen horrek nekez lagunduko luke bakea lortzen, gizarte eraketari eta herrialdearen garrantzi geografikoari eta estrategikoari dagokionez beste Iran bat izan bailiteke Siria. Alde horretatik, Libanoko egunkari Al Balad-eko kazetari Salem Turkmanik hau uste du: «Gaur egungo egoeran, ez dugu atarramentu onik: protestak amaitzen badira, erregimenak irabaziko du, eta bere hartan iraungo; protestak amaitu ezean, gerra zibil bihurtuko dira; Al Assadek alde egiten badu, kaosa gailenduko da Sirian».

Nolanahi ere, Bukajan beldur dira denak, siriarrak nahiz libanoarrak. Eta ez, halabeharrez; bizilagunek salatu dute azken astean gau batean baino gehiagoan herriaren kontra tiroka aritu direla hainbat tiratzaile mugaz bestaldetik. Siriarren erasoaldiren baten beldur dira beti eskualdean. Herriko kale nagusi hautseztatuan, landa lurrez inguraturiko etxe txikien sail bat dago ingurumari osoan, eta handik ezin hobeto ikus daitezke siriarren tropa eta tankeen mugimenduak kilometro eskasera. Eta ez hori bakarrik. Eremu horretan bizi direnetako bat da Hussein mutil gaztea, eta, hark dioenez, okerrena etortzeko dago oraindik: «Siriara doaz eskolara gure seme-alabak, eta gutako askok ere han lan egiten dugu. Iheslariei aterpe eman diegula jakiten baldin badute, edo Al Assadez gaizki esaka aritu garela, gu eta gure seme-alabak akabatzeko gauza dira». Iheslariek ere ez dakite noiz itzuli ahal izango diren, eta zer izugarrikeria jasanaraziko dieten. Oraingoz, Uadi Khaledeko herritarren eskuzabaltasunari esker diraute bizirik; horietako asko ahaideak eta adiskideak dituzte, eta haien etxeetan hartu dute aterpe. Hala ere, ez da eskualde oparo bat, eta, mugak itxita dauzkala, egoerak okerrera egin dezake gizartean.

Aterpe duen bizilekuko sala apaindurarik gabekoan, ezkonduta dagoen galdetu diogu Shaimari: «Ez!», erantzun digu, irmo, 41 urteko emakumeak, hijab beltza duela buruan, eta txandal grisa soinean. «Bi anaia ditut, eta biak ere kartzelan daude, politikaz hitz egiten zutelako. Bata, duela urtebete pasa atxilotu zuten; bestea, duela bi hilabete. Ez dut ezkondu nahi; nire bizian dagoeneko baditut bi gizon kartzelatuta».

Amnistia orokorra

Hain zuzen, Al Assadek amnistia orokorra dekretatu duela iragarri zuen atzo Siriako telebista publikoak. Neurri horrek preso politikoei eraginen die, atzoko egunera arte «krimenak» egin dituztenei barne. Telebista kateak emandako informazioaren arabera, Anaia Musulmaneko kideek ere jasoko dute barkamena. Hala ere, amnistia ez da erabateko barkamena izanen, ezta gutxiago ere. Zigorraren erdia barkatuko zaie presoei, «betiere gizabanako baten salaketarik jaso ez badute». Horregatik, neurri horrek propaganda itxura du, larrialdi egoera bertan behera uztearenak eta gobernu aldaketarenak bezala, praktikan indarkeriak jarraitu duelako.

Horren adibiderik argiena Rastan eta Talbise hiriek jasandako erasoa izan da. Herrialdearen erdialdean daude, Homs eta Hama hirien artean. Bertako ekintzaileek nazioarteko hedabideei adierazitakoaren arabera, astelehenetik atzorako goizaldean armada hiri horietara bertaratu, eta soldaduek manifestariei tiro egin zieten. Rastanen bi lagun hil zituzten, eta Talbisen bat, iturri horren arabera. Oposizioko Sham taldeak jakinarazi duenez, frankotiratzaileek 30 lagun baino gehiago zauritu zituzten bi hirietan, horietako anitz larriki. Armadak azken hilabeteetan inguratu dituen hirietan egin bezala, Rastanen eta Talbisen ere ur eta argindar hornidurak, telefonoa eta Internet eten dituzte.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.