Politika

Omnium Culturalek eta CUPek kereila bana jarri dute Pegasusen auziagatik

NSO Group enpresaren aurka jarri dituzte salaketak, «oinarrizko eskubideak masiboki eta modu larrian» urratzea egotzita.

Xavier Antich Omnium Culturaleko presidentea. ALBERTO ESTEVEZ/ EFE
edurne begiristain
2022ko maiatzaren 2a
12:00
Entzun

Omnium Cultural elkarteak eta CUP alderdiak kereila bana aurkeztu dute gaur goizean NSO Group enpresaren aurka. Israelgo NSO Group enpresa da Pegasus espioitza tresnaren sortzailea, eta Omniumek eta CUPek kereilak jarri dituzte haren aurka, uste baitute «oinarrizko eskubideak masiboki eta modu larrian» urratu dituela. Besteak beste, «komunikazioak sekretupean» izateko eskubidea eta «intimitate eskubidea» urratu dituela deritzote. Adierazpen eskubidea eta defentsarako eskubidea ere «zeharka» urratu dituela argudiatu dute salaketetan. Bartzelonako 32. Instrukzio Epaitegian aurkeztu dituzte kereilak. Omnium Culturalek hiru kideren izenean aurkeztu du berea: Marcel Mauri elkarteko presidenteordearen, Elena Jimenez nazioarteko ataleko arduradunaren eta Txell Bonet kazetariaren izenean. CUPek, berriz, David Fernandez, Carles Riera eta Albert Botran kideen izenean aurkeztu du kereila. Omnium Culturalek eta CUPek nork bere aldetik aurkeztu dituzte kereilak, baina biek ala biek eduki berbera dute.

Omnium Cultural elkarteak ohar batean jakinarazi duenez, salaketa eginez erakutsi nahi dute Espainiako Estatuak «legez kanpoko» parte hartzea izan duela zelatatze sarean. Elkartearen helburua da ikerketa bat irekitzea auzian inplikatutako estatu organismo eta botere guztiak auzibidean jartzeko: «Estatuak independentismoaren eta disidentziaren aurka egiten duen gerra zikinaren erakusle bat da Catalangate», adierazi du Xavier Antich Omnium Culturaleko presidenteak.

Estatuko botereek espioitza sarean duten erantzukizuna argitu nahi du elkarteak salaketarekin, eta, horretarako, auziarekin lotura duen dokumentazio oro ikertzeko eskatu du. Halaber, eskatu du ikerketa bat abiatzeko Europan, Pegasus tresnaren erosketan eta finantzaketan erantzukizun penalak dauden argitze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.