OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri du nazioartean, tximino baztangaren kasuek gora egin dutelako Afrikan. Hala, jarraipena eman diote Afrikako osasun erakunde publikoak hartutako erabakiari, hark atzo ezarri baitzuen larrialdi egoera kontinentean. Birusaren aldaera berri bat ere agertu da, eta hori ere izan da OMEk larrialdi egoera ezartzeko arrazoia.
OMEk bi larrialdi egoera ezarri ditu bi urtean tximino baztangagatik: 2023ko maiatzean ezarri zuen azkena, orain urtebete eta hiru hilabete, eta 2022ko uztailean ere indarrean izan zen. Orain, berriro ere jarri du martxan. Urte hasieratik hona 15.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte Afrikan —iaz epe berean baino %160 gehiago—, eta ia 500 lagun hil dira birusak jota, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren (CDC) Afrikako bulegoak argitaratutako datuen arabera. Erakunde horretako zuzendari Jean Kaseyak atzo eginiko prentsaurreko telematikoan eman zuen erabakiaren berri. Birusak kalte egindako afrikarren kopurua seguruenik handiagoa dela adierazi zuen, eta «azkar jokatzea eta ahal diren baliabide guztiak mobilizatzea» ezinbestekoa dela hemendik aurrera.
«Tximino baztangak mugak gainditu ditu Afrikan, milaka pertsonari eragin die, eta izugarrizko mina eta sufrimendua eragin die milaka familiari», azaldu zuen prentsaurrekoan Kaseyak. Gainera, AB Afrikako Batasuna osatzen duten estatu kideei eskatu zien larrialdi egoera «ahalik eta azkarrena» ezartzeko euren herrialdeetan, eta azpimarratu zuen tximino baztangaren mehatxuaren aurka «erasokorrak» izan «beharra» dagoela «bizitza ugari salbatzeko». Atzerritik ere laguntza jasoko dute kontinenteko osasun zentroek: Europako Batzordeak birusaren aurkako txertoaren 215.000 dosi jarriko dituela iragarri du gaur, «osasun mehatxuek ahalegin global eta kolektibo bat» eskatzen dutela argudiatuta.
Azkenengo aldiz abuztuaren 4an eguneratutako Afrikako CDCren datuek diotenez, 2022ko urtarrilaren 1etik 38.465 pertsonari egin die kalte tximino baztangak, eta 1.456 hildako eragin. Egungo agerraldiaren jatorri nagusia Kongoko Errepublika Demokratikoa izan da —2022ko agerraldian ere han jo zuen gaitzak gogorren—, eta geroztik inguruko herrialdeetara hedatu da birusa: Burundira, Kenyara, Ruandara eta Ugandara, besteak beste. OMEko talde teknikoaren buruak, Rosamund Lewisek, ohartarazi zuen tximino baztanga jatorrizko birusaren «aldaera» bat dela, 1b gisa izendatua. Soilik pertsonen artean transmititzen da; gaitza sexu harremanen bidez zabaltzen da batez ere, baina izan dira bestela kutsatu direnak ere.
Haurrak kaltetuenak
Gaitzaren sintomak leunak dira batzuetan —sukarra eta larruazaleko lesioak, esaterako—, baina haurrek jasan dituzte tximino baztanga hedatzearen kalte larrienak. Izan ere, OMEren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoan atzeman diren kasuen %70 hamabost urtez azpiko haurrak dira, eta %39, bost urtez azpikoak. Gainera, tximino baztangak jota hiltzeko aukerak lau aldiz handiagoak dira haurretan helduetan baino: iragan maiatzera arte herrialdean zenbatutako hildakoen %62 bost urte baino gutxiagoko haurrak izan ziren.