Koronabirusa muduan

OMEk adierazi du edonoren esku egon behar dutela txertoek eta sendagaiek

Erakundeari finantzaketa «egonkorra» bermatzea onartu dute estatu kideek AEBek diru ekarpenak etetearekin mehatxatu dute

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Esku artean duen auzi konplexuaren adierazle izan da OME Osasunaren Mundu Erakundearen urteroko batzarra. 194 estatu kideek bilkura birtuala egin behar izan zuten, atzo, koronabirusaren krisiak munduko herrialde ugaritan hartzera behartu duen babes neurri zorrotzen ondorioz. Bi egunez luzatu zen batzarraren amaieran, OMEk adierazi zuen koronabirusaren aurkako txertoek eta sendagaiek edonorentzat eskuragarri egon behar dutela «trabarik gabe». Horrez gain, erakundeko kide diren estatuak OMEri «finantzaketa egonkorra» ziurtatzearen alde agertu ziren.

Koronabirusari aurre egiteko txerto eta sendagai eraginkorrak garatzeko asmoz ikerketa ugari abian direla, eta hainbat konpainia farmazeutikok datozen hilabeteetarako aurrerapauso garrantzitsuak iragarri dituztenean, OMEk adierazi du osasun baliabide horiek herrialde guztien eskura egon behar dutela.

Txinak atzo aurreratu zuen txerto eraginkor bat egitea lortzen badu munduaren «ondasun publikoa» izango dela.

Bestelako jarrera agertu zuten AEBek, txertoa lortzeko lasterketan hainbat konpainia farmazeutiko buruan dituen herrialdeak. AEBek nabarmendu dute osasun baliabide horiek beste batzuen eskura uzteko erabakiak borondatezkoa eta behin-behinekoa izan behar duela.

Herrialde ugariren babesa jaso zuen OMEk, baina AEBen kritikei egin behar izan zien aurre. Alex Azar AEBetako Osasun idazkariak «gardentasun handiagoa» eta «kontuak emateko» eskatu zion osasun erakundeari. Arduragabekeriaz jokatu izana leporatu zion. «OMEk ez zuen informazio nahikoa lortu [krisiaren hasieran], eta, horren ondorioz, pertsona asko hil ziren».

Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak pandemia garaiko kudeaketari buruzko ikerketa «independente» bat abiatuko duela iragarri zuen herenegun, eta erakundeak hura krisiaren ostean martxan jartzearen aldeko ebazpena onartu zuen atzo. Baina Tedrosen iragarpena ez zen AEBen haserrealdia baretzeko nahikoa izan.

Trumpi erantzuna

Batzarraren bigarren saioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Donald Trump AEBetako presidenteak OMEri zuzendutako finantzaketa etetearekin mehatxatu zuen, eta AEBek erakundea uzteko aukera aztertuko duela iragarri, datozen 30 egunetan «hobekuntza esanguratsuak» egitera konprometitzen ez bada eta «Txinarekiko independentzia» erakusten ez badu.

Trumpek jarritako oinari heldu zion OMEk batzarraren azken ebazpenean, nazioarteko komunitateari «finantzaketa egonkorra» berma dezala eskatuta, erakundeak «osasun publikoko beharrei» erantzungo dien «erantzun globala» antolatzeko gaitasuna izan dezan.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak sistema multilateralean oinarritutako elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen, eta pandemiaren ostean OME modernizatzeko neurriak eskatu zituen.

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, koronabirusak latzen jo duen herrialdeetako baten gobernuburuak, «atzemate lasterra» posible egingo duten sistemak eskuratzea eskatu zuen, prebentzio neurri gisa. Informazio trukea areagotzeari eta orain arteko praktika onak identifikatzeari ere garrantzia aitortu zion. Conteren esanetan, nazioartea «ez zegoen prestatuta» COVID-19ak eragin duenaren moduko krisi bati aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.