Antonio Maillo (Lucena, Espainia, 1966) IU Izquierda Unidako koordinatzaile federala da maiatzetik.Demokraziaren Aldeko Deialdia prozesua aurkezten ari dela probestuz, Espainiako Estatuko probintzia bakoitzeko militanteekin batzartzen ari da, eta sare bat eraiki nahi du. Uste du ezkerra zatitzea «tragedia» bihurtu daitekeela ezkerrarentzat. Horren aurrean, «bloke demokratiko» bat osatzea defendatzen du, eskuina eta eskuin muturra gobernura irits ez daitezen. Iruñean eta Donostian izan zen, aurreko astean.
Zein dira Demokraziaren Aldeko Deialdiaren helburuak?
Prozesu honekin, ezkerreko jendeari dei egin nahi diogu. Uste dugu herri proiektu bat sortzea dela biderik onena Europan eta Amerikan hedatzen ari den olde autoritarioari aurre egiteko.
Ekinaldi honen helburua da mugarri bat izatea ezkerrarentzat, geldi samar dago eta. Demokrazia defendatzeko erremintak eskainiko ditugu. Baina defendatuko dugun demokrazia ez da egun daukagun statu quo-a; Espainian demokraziak izan duen bilakaera kritikatzen dugu: politika ekonomikoetan, eskuinera jo du, eta lurralde ereduan, birzentralizaziora.
Nola egin nahi duzue hori?
Ez dugu ekitaldi jendetsurik egingo; prozesu hau sare bat eraikitzean datza. 1.100 asanbladak osatzen dute Izquierda Unida. Horrek modua ematen digu hausnarketarako taldeak sortzeko, eta egunerokoan eztabaidatzeko tresnak eskaintzeko.
Ezkerra ezkutuan dago, eta argitara atera behar du. Ultraeskuina atera da. Beti egon dira hor, baina orain harro daude. Ezkerrak ere ekin egin behar du.
«Badaude ultraeskuinera hurreratu diren gazteak, baina gehiago dira eskuin muturrak kezka eragiten dietenak»
Gazteei egotzi izan zaie pasibotasuna...
Gazteak eskuin muturrera hurbiltzen ari diren sinesmena hedatu da, baina hori ez da egia. Badaude ultraeskuinera hurreratu diren gazteak, baina gehiago dira eskuin muturrak kezka eragiten dietenak.
Bestalde, eskuin klasikoa ultraeskuinarekin mimetizatzen ari da, pentsatuz piztia etxekotuko duela. Piztia, ordea, ezin da etxekotu; piztiak irentsi egiten zaitu. Euren unea dela uste dute. Izan ere, Espainia salbuespena da. Europako Batasuneko herrialde gehienetan, agintean daude eskuina edo eskuin muturra.
Eta salbuespena izango da aurrerantzean ere?
Guk argi daukagu: salbuespena izaten jarraitu nahi dugu, eta are ofentsibaren sorleku. Hau da, nahi dugu Europako herrialdeek gu imita gaitzatela. Uste dugu eragotz daitekeela PP eta Vox gobernura ailegatzea. Horretarako, proiektu alternatibo bat eraiki nahi dugu; olde autoritarioaren aurrean, bloke demokratiko bati eutsi nahi diogu.
Gobernu autoritario batek eskubideak murrizteari ekingo lioke. Horren ondorioz, zortzi edo hamar urteren buruan, ezkerraren helburua izango litzake eskubide horiek berreskuratzea.
Bloke demokratikoaz hitz egiten duzunean, Espainiako Gobernua babesten duten alderdiez ari zara?
[Pedro Sanchezen] Inbestidura babestu zuen blokean hiru maila daude: batetik, gobernuko blokea dago, bi indar politikok osatzen dutena [PSOEk eta Sumarrek]; bestetik, bloke progresista dago; eta azkenari bloke ez-autoritarioa deituko diot. Junts Per Catalunya eta EAJ ez daude bloke progresistaren barruan; eskuineko alderdiak dira, baina ez dute geldirik egon nahi eskuin autokratikoaren gorakadaren aurrean.
Zein da bloke horien egoera gaur egun?
Betiko moduan daude, [2023ko] uztailaren 23an bezalaxe [orduan egin ziren Espainiako hauteskunde orokorrak]. Blokea etengabe ari da negoziatzen; negoziazio horiek azken unera arte luzatzen dira, eta, azken unean, ezustean, aurrera egiten dute. Nik nahiago nuke ziurtasun handiagoa balego.
Ziurgabetasun horrekin, gobernuak iraungo al du legegintzaldia amaitu arte?
Ni baikor nago. Azken urte osoan gobernua lehertzeko zorian egon dela dirudi, baina beti lortu du aurrera egitea. Bazirudien amnistia legeak ez zuela inondik inora aurrera egingo, eta ia-ia ahaztu dugu. Onartzea ezinezkoa zirudien arren, onartu da zerga erreforma, eta baldintza egokiak sortzen ari dira estatuko aurrekontu orokorrek aurrera egiteko. Hori gertatzen bada, legegintzaldia luzea izango dela aurreratzeko moduan izango gara.
Izquierda Unida gobernu horren parte da.
Bai. Guk bi modutan hartzen dugu parte gobernuan: batetik, PSOErekin inbestidurarako akordioa onartu genuen, eta hura garatzen laguntzeko betebeharra daukagu; eta, bestetik, gizartean aliantzak eraiki ditzakegu jarrera politiko jakin batzuk bultzatzeko. Esaterako, PSOErekin desadostasun handiak ditugu etxebizitza politikei dagokienez, eta ez dugu uste parlamentuan negoziatuta ezer lortuko dugunik. Zer egingo dugu? Gizartean aliantzak eraiki, PSOE iritziz aldarazteko.
Bestalde, ministerio bat gure kargu dago [IUko Sira Rego da Espainiako gazteen eta haurren arloko ministroa]. Halere, hartan ez dira soilik Izquierda Unidaren politikak egiten, baizik eta inbestidura akordioan zehaztutakoak.
Lortu izan duzue PSOEren iritzia aldatzea?
Herritarrak mobilizatzen direnean, eta gai baten inguruko ikuspuntu hegemoniko bat hedatzen denean, eztabaidatzeko aukera sortzen da. Adibide argiena Palestinako Estatuaren aitorpena izan da. PSOEk ez du halakorik aitortu orain arte. Bada, orain, onartu du, baina herritarrak mobilizatu direlako onartu du.
Mendebaldeko Sahararekin ez du jarrera bera.
Hain zuzen gobernuak Palestinako Estatua onartu zuenean, guk horixe gogorarazi genuen. Ez dugu Sahara ahaztu; lanean jarraituko dugu SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa estatu gisa aitortu arte, eta Fronte Polisarioa haren gobernu legitimo izendatu arte.
«[PSOEk Palestinako Estatua] onartu du, baina herritarrak mobilizatu direlako onartu du»
Sumarren Espainiako Kongresuko bozeramaile ohi Iñigo Errejonen kasuaren ostean, koalizioa berregituratzen hasi da. Izquierda Unidak aurrez ere eskatu izan du aldaketak egiteko Sumarren.
Eskatu izan dugu ardura postuak modu proportzionalagoan banatzeko, eta koalizioaren barneko erakunde guztiek parte hartzeko aukera izateko. Errejonen kasuaren ostean, uste dugu azkartu egin behar dela berrantolaketa hori. Egin diren urratsekin ados gaude, baina uste dugu erabakiak hartzeko modua demokratizatu behar dela, baita koalizioaren izena aldatu ere.
Izan ere, Sumar koalizioaren barnean dago Sumar Mugimendua alderdia.
Bai, eta hori nahasgarria izan daiteke. Politikan ezin da jendea nahastu. Demagun EH Bildu koalizioari Sortu izena jartzea erabakitzen dutela; non geratuko lirateke Alerternatiba, Eusko Alkartasuna eta independenteak?.
Zuk maiatzean hartu zenuen koordinatzaile federalaren kargua, eta ekainean Europako Parlamenturako bozak egin ziren. Sumar koalizioak hiru ordezkari lortu zituen, bat bera ere ez da Izquierda Unidakoa. Zerrendak nola osatu ziren?
Prozesu hartan minduta sentitu ginen; ez genuen merezitako tratua jaso. Izaera federaleko erakundetzat jo gintuzten. Ezin da berriz halakorik gertatu.
Eta Sumarren eta Podemosen arteko gatazkan, zein da Izquierda Unidaren jarrera?
Tirabirak izan dituztenen artean bakeak egitea babesten dugu; une historikoak eskatzen du guztiok batera aritzea. Ordezkatzen dugun espazio politikoa zatitzea tragedia izan liteke.