Ezaguna da aski Atlantidaren istorioa, ur azpian itota gelditutako hiriaren mitoa. Mitotik errealitatera marra fin bat izan ohi da, betiere distantziak mantenduz. Hainbat dira munduan itsaso azpian gelditzeko arriskua duten herrialdeak: Tuvalu, Fiji, Samoa, Salomon Uharteak, Kiribati... Ozeano Bareko uharte txikiak dira denak. Itsas maila gora igotzen ari da, bertako biztanleria eta komunitateak ur azpian gelditzeko arriskua mitotik urruntzen eta errealitatera hurbiltzen.
Adituen ustez, Tuvalu da itsaso azpian geratzeko arriskurik handiena duen herrialdea. 11.200 biztanleko uharte multzoa da, munduko herrialderik txikienetan laugarrena. 26 kilometro karratuko eremua dauka, eta, 114 uhartez osatuta egon arren, soilik bederatzitan bizi da jendea. Bere kokapen geografikoak itsas mailaren igoeraren klimaxean kokatzen ditu uharteak. Horrez gain, herrialdeko altuerarik garaiena bost metrora dago. Gaur egun, itsasgoran, hiriburuaren %40 ur azpian gelditzen da. Horrek, kalte naturalak ez ezik, kalte pertsonalak ere eragin ditu Tuvaluko uharteetan.
Lisepa Paeniu Tuvaluko fiskaltza nagusiaren bulegoko abokatua da, eta gaztetatik izan da klima krisiaren aurkako ekinaldien sustatzaile. «Txikia nintzenean, marea biziak otsailean iristen ziren uhartera. Urak asko egiten zuen gora, eta aireportu inguruan igeri egitera joaten ginen. Batzuetan, aireportuko pista barrura ere bai. Baina, gaur egun, hilabetero ditugu honelako itsas mailak».
Ur gazia ugaritu denez, kostaldeko landaredia suntsitzen ari da. Horrek ekosistemetan eta uharteko biodibertsitatean aldaketa handiak dakartza. Landarediaren hondamenak nekazaritza lurraldeak eta, horrenbestez, lehen sektorea hondatu ditu. «Gure bertako tuberkuluak: pulaka, taroa edota yuca, adibidez, Australiak emandako ontzi handietan landatu behar ditugu, gure lurrak ur gazi asko xurgatu du-eta azken urteetan», dio Paeniuk.
Tuvalutarrak beren nortasun eta ondarea galtzearen beldur dira, itsasoko uretan galtzeko beldur: «Ni jaio nintzenetik bi irlatxo oso-osorik hondoratu dira. Bat Funafuti uhartedian zegoen, eta bestea, Nukulaelaen. Nire gurasoak bertara joaten ziren piknik egitera gazteak zirenean, eta, gaur egun, itsas azpiko lur bilakatu dira. Horrenbestez, lurrarekin batera, nire gurasoen eta haien belaunaldi guztiaren oroitzapenak ere hondoratu dira».
Paeniuk ez du etorkizun baikorra iragartzen: «Oso argi daukat nire etxea, nire kultura eta nire uharteak itsaso azpian urperatuak ikusiko ditudala; denborak markatuko du gure herriaren amaiera». Ellen Douglas Massachusettseko Unibertsitateko Ingurumen departamentuko irakasle eta dekano elkartuak ere zaila ikusten du uharteek bizirik irautea: «Uharteen desagerpenari buruz hitz egiteko gehienezko altuera ikusi behar dugu. Tuvalu bost metro garai da. Iragarpenek diote mende honetan metro bat edo bi igoko dela itsas maila; horrenbestez, Tuvaluk etorkizun zaila edukiko du».
Pazifikoko uharte gehienak atoloiak dira, hau da, sumendi urperatuen ertzetako kare deposituetan oinarritutako koralek osatzen dituzten uharriak. Horregatik, atoloi horien garaiera oso txikia da, salbuespenak izan ezik, gehienez ere bost metro garai izan ohi dira. Garaiera txikiak dira hondoratze arriskua handitzen duten faktoreak.
Herrialde handi eta garatuen «pasibotasuna» salatzen du Paeniuk. CO2 emisio tasak askoz handiagoak dira herrialde garatuetan, bertako industria edo zerbitzu sarea handiagoa baita. Douglasek, aldiz, herrialde garatuen dinamika berriak azaldu ditu: «AEBetan, klima krisiaren gaia seriotasun handiagoz jorratzen hasi da gobernua. CO2 emisioak jaisteko neurriak hartzen ari dira bertako hiriak. Dinamika globala da hau, lurreko hainbat herrialde esnatzen ari direla dirudi».
Txina da CO2 gehien isurtzen duen herrialdea, 12.466 megatona ekoizten baitu. AEBak, India, Errusia eta Japonia dira hurrengoak zerrendan, elkarrekin 13.426 megatona CO2 garatzen baitituzte. Zerrendaren azken postuan Kiribati agertzen da; 0,075 megatona CO2 askatzen ditu Ozeaniako herrialdeak. Zerrendako azken bosten artean Ozeano Pazifikoko hiru herrialde txiki daude. «Herrialde garatuek sortutako arazoa da klima aldaketa, baina txiroek pairatzen ditugu kalteak», dio Paeniuk.
Klima krisiarekin batera, kontzeptu berri bat sortu zen: iheslari klimatikoak. Komunitate askok haien etxe, lurralde edo herrialdea atzean utzi behar izan dituzte klima krisiak eragindako hondamendi ezberdinengatik. Oxfam nazioarteko hemeretzi gobernuz kanpoko erakunderen federazioak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuenez, munduan bi segundoan behin lekualdatzen da pertsona bat klima arazoengatik. «Klima aldaketa tuvalutar guztiok etxe atzean guri begira dugun munstroa bilakatu da azken hamarkadetan. Familia askok beren etxea galdu dute, eta ezin dituzte beren lurrak erabili etxe berriak eraikitzeko», adierazi du Paeniuk.
Tuvaluko fiskaltza nagusiaren bulegoko abokatuak dio biztanle askok beren etxea galdu ondoren Tuvaluko Gobernuari kalte ordainak eskatzen dizkiotela. «Gobernuak ez du kapitalik kaltetu guztiak ordaintzeko; beraz, tentsio momentuak sortzen dira familia batek bere etxea atzean utzi behar duenean». Tuvalutarrek kostaldea pixkanaka utzi egin dute, eta barruragoko lurretan ezarri dira.
Itsas mailaren gorakadarengatik iheslari bihurtutakoen adibide garbia dira Carteret uharteetako (Papua Ginea Berria) biztanleak. Ur gorakadak eragindako lehenengo lekualdatuak izan ziren. 2010eko hamarkadan, adituek uste zuten itsasoak uharteak estaliko zituela azkenean.
Hondamendi iragarpen hori ikusirik, Papua Ginea Berriko Gobernuak 2003. urtetik aurrera hainbat finantzaketa egin ditu Carteret uharteetako biztanleak bertatik eramateko. Familia batzuk Boungainville irlara mugitu zituzten, baina haietako batzuk Carteret uharteetara itzuli ziren. Irla horiek oraindik lurrazalean daude. Gaur egun, 1.700 biztanle inguru bizi dira han, eta bertan geratzeko nahia adierazi dute. Berdin gertatu izan da Tuvaluko familiak mugitu dituztenean. Askok ez dute onartzen beren herrialdea uzteko erabakia.
Azalpen zientifikoa
«Faktore ezberdinek igo dezakete itsas maila, baina bost dira nagusienak», dio Douglasek, Massachussettseko Unibertsitateko zientzialariak. «Alde batetik, izotz eremu handien urketak ur asko isurtzen du itsasora. Groenlandia edota Antartika bezalako lurraldeak eta leku askotan ditugun glaziarrak gutxinaka desagertzen ari dira. Prozesu horrek beste arrazoi nagusi bat eragiten du. Izotz eremuek, grabitatearen bidez, ur kantitate handiak erakartzen dituzte beren ingurura. Horiek urtzen direlarik, ur maila handi horiek ozeanoan zehar banatzen dira».
Lurraren hondoratzea identifikatzen du Douglasek faktore garrantzitsu moduan ere. Lur azpiko ur erreserben ustiaketak eta gizakiak sortutako azpiegitura handi eta pisutsuen eraikuntzak lurra pixkanaka hondoratzen ari dira. Lurra beheraka doan heinean, itsasoa goraka doa. Horrez gain, Douglasek itsas korronteen garrantzia nabarmentzen du: «Itsaslasterrak aldatzen doaz, uraren tenperatura aldakorra baita. Itsaslaster hotz eta beroen noranzkoak aldatzen ari dira, eta horrek eragin handia du inguruko kostaldeetan».
Azkenik, dilatazio termikoa nabarmendu du Douglasek: «Ozeanoen tenperatura gora doa, eta, horren ondorioz, ura dilatatu egiten da, itsasoak hedatuz». Adituek diotenez, arrazoi hori oso eraginkorra da Pazifikoko uharteetan, El Niño-ren eragin punturik handienak baitira Pazifikoko uharteak eta, horrenbestez, tenperatura oso altuak erregistratzen dira bertan.
Klima krisia
Olatuek mehatxatutako paradisua
Klima krisiak itsas mailaren igoera azkartu du, eta Ozeano Pazifikoko uharte txikiak arriskuan jarri ditu. Bi segundoan behin klima hondamendiek lekualdaketa bat eragiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu