Ekialde Hurbila. Mohammed Shtaje. Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazio taldeko kidea

«Okupatzailea eta okupatua tartean direlarik, ez dago orekarik negoziazioetan»

Al Fatako kidearentzat, NBEn estatua aldarrikatzeko erabakiak ez du atzera biderik, Israelen erabateko hertsitasunak ez du-eta zirrikiturik uzten; hogei urteko negoziazioak alferrikakoak izan direla uste du

BERRIA.
Ramala
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Mohamed Shtaje izan zen Madrilgo Konferentziara iritsi zen lehen ofizial palestinarra; 1991n, Shtajek gidatu zituen gatazkako aldeak Osloko Akordioetara. «Orduan ezkongabea nintzen, eta ile beltza neukan. Hogei urte igaro eta gero, asko urdindu zait ilea, eta hasi ginenean baino okerrago gaude orain». Orain, Shtajek eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko beste goi kargudun askok aitortu dute negoziazioak alferrik izan zirela, eta alternatiba nagusiaren alde egin dute: bozketa bat antolatzea irailerako NBE Nazio Batuen Erakundean, Palestina estatu independente eta NBEko kide oso gisa onartzearren.

Madrilgo Konferentzian negoziazio batzuei ekin zieten, eta orduz geroztik hogei urte joan dira. Itxaropentsu ekin al zenieten?

Madrilgo Konferentzian politika argi bat geneukan. Kokalekuak ezartzeari utzi ezean, AEBek ez omen zioten aurrerantzean diru laguntzarik emango Israeli; hala esan zion Yitzhak Shamir lehen ministro israeldarrari James Bakerrek, Ameriketako Estatu Batuetako orduko idazkariak. Ondo sustraitutako erreferentzia bat geneukan, bake prozesuari ekin ahal izateko. Baina Israelek ez zuen bete Oslon hitzarturiko baldintzetako bat bera ere; ahalegindu ginen negoziazioak burutan ateratzen, Camp David-en lehenik, 2000n, eta Annapolisen, gero, 2007an; baina ezinezkoa izan zen, Israelek ez baitzuen amore eman.

Obama AEBetako presidenteak zuzenean negoziatzeko aukera eman nahi izan zien Abbas presidente palestinarrari eta Netanyahu lehen ministro israeldarrari. Zer gertatu zen?

Hamabost orduan bildu zen Abbas Netanyahurekin, eta ni ere bilera hartan egon nintzen. Bilerak iraun zuen bitartean, Netanyahuk uko egin zion negoziazioetarako gai garrantzitsuez hitz egiteari; Israelen segurtasuna bakarrik hartu zuen hizpide, eta Israelgo indarrei Jordaniako haranean barrena eustea galdegin zuen. Orduan, amerikarrek iradoki ziguten segurtasuna eta mugak har genitzala aztergai. Guri ongi iruditu zitzaigun, baina Israelek uko egin zion mugei buruz hitz egiteari.

Noiz geratu zen argi porrot egin zutela zuzeneko negoziazioek?

2010eko irailaren 22an bildu ginen Palestinako Ordezkaritzakook Israelgo Ordezkaritzakoekin, New Yorkeko Astoria hotelean. Saeb Erekat eta biok ginen ordezkari palestinarrak. Ameriketako ordezkaritza bat ere bazen han, George Mitchel barne. Taxuzko negoziazio batzuei ekiteko asmoa geneukala azaldu genuen, eta hainbat agiri eman genizkion Israelgo Ordezkaritzari —elkarrekin adosteko moduko hainbat puntu jasotzen ziren haietan—. Israelgo ordezkariak hamabost minutuan bakarrik aritu ziren paper haiei begira; ez zituzten irakurri ere egin. Netanyahuren aholkulari Yitzhak Molhok uko egin zion paperak gainbegiratzeari. Arrazoia: «Agiri hauek jasotzeak bakarrik —iheslariak, mugak eta Jerusalem baitituzte hizpide— bertan behera eroraraziko luke gure gobernu koalizioa», Molhok adierazi zigunez.

Zer erantzun zuen Estatu Batuetako Ordezkaritzak?

Molhori galdetu nion ea aurrerantzean ere eutsi egingo zion kokalekuak hein batean uzteko asmoari, Obamak proposatu zuen bezala, eta ezetz erantzun zidan, eta lau egunen buruan beste batzuk eraikitzeko kanpainari ekingo zietela kolonoek. Orduan, hauxe galdetu nion Mitcheli: «Bidezko bitartekari batzuk al dira AEBak, ala bitartekari hutsak?». Eta hark erantzun zidan: «Gu dena gara». Eta Israelek ez zion utzi kokalekuak eraikitzeari, eta bertan behera utzi behar izan genituen negoziazioak.

Nolatan gertatu da aldaketa, Nazio Batuetan bozketa bat egiteko estrategiarantz lerratzeraino?

Obamak esan zuen haren asmoa zela Palestina estatu independente eta NBEko kide bihurtzea 2011ko irailean; beraz, kasu egingo diogu. Ez dago orekarik okupatuen eta okupatzaileen —israeldarren— artean. Ahalegindu gara elkarren arteko aldeak berdintzen, bitartekari batera jota, AEBetara, baina haiek ez dakite zein den bitartekari eginkizuna. Horren eraginez, gaur egun 561.000 kolono daude; 1991n, 91.000 kolono zeuden. Hogei urtean negoziatzen aritu eta gero, oraindik ez da amaitu okupazioa; PANek, beraz —ez baitu asmorik borroka armatura jotzeko—, bestelako estrategia bat erabiltzea erabaki du: NBEra jotzea, 1967ko mugen araberako estatu palestinarra eskatzeko.

Negoziazioak bertan behera geratu al dira, betiko?

Ez. Bozketak akuilatu egiten du negoziazio prozesua, ez ordeztu. Estatu bihurtutakoan, hainbat gaiez negoziatu beharko dugu Israelekin, baina orduan alderdi guztiak berdinduta egongo gara, NBEko kide oso izango baikara eta eskura izango baititugu nazioarteko auzitegiak.

Zer lortunahi duzue iraileko bozketan?

Ezinago gaitza izango da iraileko bozketa, jakinekoa baita AEBek beto eskubidea baliatzeko asmoa dutela. Baina 1967ko mugen araberako estatu bat nahi dugu. 6.000 kilometro koadroko eremu bat da; alegia, 1988ko amore emate mingarrian Palestinaren gaur egungo mugak onartu eta gero geratu zena, Palestina historikoaren laurden bat.

Hamasekin oraintsu adiskidetu izana lagungarria al da, ala kontuak zaildu egin ditu?

Abbas eta Olmert lehen ministroa negoziatzen aritu zirenean, Olmertek hauxe galdetu zion: «Barkatu, presidente jauna, Gazaz ere ari al zara?». Eta, orain, Gazak gurekin bat egin duelarik, elkarren arteko batasun horixe da gurekin negoziatu ahal izateko eragozpen. Palestinako herriak zatituta iraun beharko ote du, Israeli atsegin ematearren?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.