Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida

Okerrena saihesteko lasterka

Japoniako Gobernuak lasaitzeko eskatu badu ere, izua zabaltzen ari da, Fukushimako zentralaren egoera dela etaErreaktoreak itsasoko urarekin hozten saiatzen dihardute TEPCOko 180 langilek

2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lasaitasuna eta odol hotza eskatu ditu Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearraren krisiaren inguruan. Bruselan, aldiz, apokalipsiaren pare jarri du gertakaria Europako Energiaren komisarioak. Japoniak Nazioarteko INES eskalan laugarren mailako istripua dela dio, eta Frantziak, berriz, seikoa dela berretsi du, istripu larria dela alegia. Erakundeak informazio kontrajarriak zabaltzen ari dira, eta, hala, zaila da egiaz zer gertatzen ari den jakitea. Argi dagoen bakarra da zentralaren egoera larria dela, eta egunetik egunera okertzen ari dela, gainera.

Izua zabaltzea saihestu behar dela adierazi badu ere, Guenther Oettinger Europako Energiaren komisarioak iragarri du datozen orduotan «izugarrizko hondamendia» gerta litekeela. Uhartediko biztanleen ongizatea arriskuan egon daitekeela gaineratu du, baita «hondamendiaren» ondorioak Tokion pairatu ditzaketela ere. 35 milioi biztanle ditu Japoniako hiriburuak eta Fukushimatik 240 kilometrotara dago.

Orain arte lasai antzean ibili dira Tokion. Geroz eta zailagoa zaie, ordea, izuari eustea. Hiria geldiarazi du hondamendi nuklearraren mehatxuak. Zirkulazio dentsitatea txikia da normalean gainezka egiten duen hirian. Herritar askok etxean geratzea erabaki dute, eta kalera irtetekotan maskara jarrita irteten dira gehientsuenak. Dendetako apalak erdi hutsik daude, jendeak badaezpada ere elikagaiak pilatu baititu etxean. Azken orduetan, laino erradiaktiboaren mamua presente dago hirian. Badira Fukushimatik ahalik eta gehien urruntzea erabaki dutenak ere; uhartearen hegoaldeko hirietara abiatu dira herritar asko.

Bitartean, Japoniako Gobernua herritarrak eta nazioartea lasaitzeko ahaleginetan ari da. Fukushimako zentraletik hogei eta 30 kilometro bitartean bizi direnen osasuna ez ei dago arriskuan, gobernuaren arabera. Orain arte isuri den erradiazioak «osasunean berehalako kalterik» eragiteko arriskurik ez duela adierazi du Yukio Edano gobernuko eledunak.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak aitortu du egoera «larria» dela baina kontrolpean dagoela. Hiru erreaktoreen nukleoak kaltetuta daudela aitortu dute.

Guztia, 180 langileren esku

Fukushimako 800 langiletik 50 soilik utzi zituen TEPCO enpresak lanean. Atzo, erradiazio altuagatik, ordu batzuetan langileak zentraletik atera eta bunker batean sartu zituzten, arriskuan egon litezkeela ondorioztatu baitzuten. Gerora, 130 lagun gehiago hasi ziren aurrekoekin batera lanean. 180 langile horien esku dago orain Fukushimaren etorkizuna.

Erreaktoreak hozteko ahaleginean jarraitzen dute, okerrena saihesteko asmoz. Horretarako, itsasoko ura ponpatzen dute, ostiralean herrialdea astindu zuen lurrikarak eta ondorengo tsunamiak erreaktoreen hozte sistemari kalte egin baitzioten. Azken egunotako leherketek are gehiago zaildu dituzte lanak. Orain arte hamabost bat langile zauritu dira horien ondorioz.

Bigarren eta hirugarren erreaktoreek eragin dute larritasun handiena azken orduetan, babesteko altzairuzko gordetegiak kaltetuta baitauzkate. Plutonioa dago, gainera, hirugarren erreaktorean; isuri bat egongo balitz, uranioak baino askoz kalte handiagoa eragingo luke jendearen osasunean. Hori horrela, egun osoa eman dute erreaktore horren matxurak konpontzeko lanetan. Helikoptero batean ura eraman nahi izan dute erreaktore hori hozten laguntzeko, baina, erradiazio altua zela eta, bertan behera utzi dute operazioa. Gobernuak, dena den, gordetegiko kalteak txikiak direla azpimarratu du.

Gordetegia kaltetuta daukan beste erreaktorea, bigarrena, erradiazioa isurtzen ari da jada. Horrexegatik kanporatu behar izan zituzten langileak ordu batzuetan zentral nuklearretik.

Gainontzeko erreaktoreak ere ez daude ondo. Atzo, laugarrenean beste sute bat piztu zen, aurreko egunean bezala. Sutea denbora gutxian kontrolatzea lortu zuten. Orain arte arazorik eman ez duten erreaktoreak —bosgarrena eta seigarrena— hozteko ere itsasoko ura ponpatzen hasi dira. Izan ere, nukleoko tenperatura igotzen hasi da horietan ere.

Alerta nazioartean

Txinak, Espainiak eta Belgikak euren zentral nuklearrak sakonki aztertuko dituztela iragarri dute. Izan ere, Fukushimako krisiak alerta guztiak piztu ditu nazioartean.

Suitzak eta Alemaniak, esaterako, zentralen bizitza laburtzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute.

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, bestalde, azaldu du gobernuaren «helburu baketsuetarako programa nuklearraren» atariko proiektuak geldiaraziko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.