Sergi Raventos Panyella. Kataluniako oinarrizko, errenta unibertsala sustatzeko bulegoko zuzendaria

«Oinarrizko errenta unibertsala paradigma aldaketa bat da»

Raventosek uste du ezen, dela tramiteak zailak direlako, dela diru laguntzek eragiten duten estigmagatik, errenta unibertsala litzatekeela horiek jasotzen ez dituzten banakoentzako irtenbidea.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Oinarrizko Errenta Sarea plataformako kidea da Sergi Raventos, eta, orain arte, buru osasuna bultzatzeko erakunde batean aritu da laneratze teknikari gisa. Bere doktore tesia hauxe izan zen: Desberdintasun sozioekonomikoa eta buru osasuna: oinarrizko errenta baten proposamena buru osasuna babestu eta bultzatzeko. Kataluniako Generalitatearen Oinarrizko Errenta Unibertsala Sustatzeko Plan Piloturako Bulegoko arduradun izendatu dute.

Ezer baino lehen, azal iezaguzu zer den oinarrizko errenta unibertsala.

Bai, garrantzitsua da, nahasmena eragiten duelako. Oinarrizko errenta da eskumena duen administrazioak bertan bizi den edo egoiliarra dela froga dezakeen pertsona orori, baldintzarik gabe, ematen dion diru laguntza. Baldintzarik gabea da, unibertsala, eta banakoek jasotzen dute: horiek dira oinarrizko errenta hobekien deskribatzen duten hiru printzipioak.

Katalunian, herritarrentzako errenta bermatua dago, eta pandemiarekin bizitzeko gutxieneko diru sarrera agertu zen. Zertan lagunduko luke OEU oinarrizko errenta unibertsalak?

Aldaketa handia litzateke. Laguntza horiek muturreko pobrezian dagoen jendeari ematen zaizkio batez ere. Herritarrentzako errenta bermatua ez da iristen haren beharra duten guztiengana, nahiz eta urratsak egiten ari diren; bizitzeko gutxieneko diru sarrera motz geratzen da bai irisgarritasunean, baita kopuruan ere. OEUa izaera unibertsala duten beste politiken bidetik doa: esaterako, osasun edo hezkuntzaren kasuan bezala. Berriz diot, unibertsala da, baldintzarik gabea, eta ez dago familiei zuzendua, pertsonei baizik.

Diru sarrerak bermatzeko errentak 30 urte daramatza indarrean EAEn, eta ez dirudi arrakasta izan duenik: pobrezia %64,9 igo da azken urteetan. OEU proposamena abian da herri egitasmo legegile bati esker.

Bai, egitasmoa bultzatzen duten pertsonak bat datoz Oinarrizko Errenta Sarearekin. Diru sarrerak bermatzeko errenta da Espainiako ongizate sistemarik hoberenetako bat, eta hura jaso lezaketen pertsonen %30 kanpoan geratzen ari dira, eta hori oso larria da, baina ez da horren harrigarria, bat datorrelako azken urteetan baldintzatutako errenten inguruan ikertu denarekin. Ingelesez Non Take-up deitzen duten fenomeno bat gertatzen da, eta hainbat arrazoiren ondorio da: errentaren inguruko ezagutza falta, askotan publizitatea ez delako nahikoa; tramiteak oso astunak dira, eta zailak; eta beste faktore bat da laguntza mota honek sortzen duen estigma. Horren aurrean, Euskadiko herri egitasmo legegileak OEUaren gisako sistema unibertsal baterantz joatea proposatzen du.

Herritarrentzako errenta bermatua, bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta baldintzatutako errentak gainbegiratzea aztertzen ari dira, horiek hobetzeko. Testuinguru horretan, bideragarria da oinarrizko errenta bat proposatzea?

Argi geratu da pandemiak jende askori eragin dion hondamendiak ez duela izan behar bezalako arreta: langabezian geratu den jendea, ekonomia informaletik bizi zirenak eta halako egoera bati aurre egiteko ezer ez zutenak... Alor ugaritako ahots askok —besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak, Financial Times-ek eta Francisco aita santuak— salatu dute egungo sistemak ez duela behar bezala funtzionatzen, eta OEU baten beharra defendatu dute; urrats bat da jende askori behin-behinekotasun eta pobrezia egoeratik atertzeko aukera emango liokeen sistema aldaketaren bidean. Noski, talka egiten dute egungo estatusa defendatzen duten indarrekin: baldintzatutako laguntzei eustea, aberastasunak berriz banatzea ekarriko lukeen edozein zerga erreforma eragoztea, ongizate estatua birformulatu eta indartu dadin ekiditea... Sistema unibertsalerako edozein aldaketa ukatzen duen aginteko elitearen aurka jotzen du, zeinak orain arte baliagarria izan ez den laguntza sistema konplexu bat defendatzen duen.

OEUak amai ditzake azpiegiturazko arazoetan oinarritzen diren desberdintasunak?

OEU motaren eta kopuruaren araberakoa da guztia; kopuru txikia bada, ez litzateke aberastasunen banaketa egokia izango. Kopurua garrantzitsua da, nahiz eta eztabaida aspaldikoa izan. Desberdintasunak gutxitzeak esan nahi du aberastasun gehien dituenak zerga gehiago ordaintzea. Oinarrizko Errenta Sarearen ikerketa ekonomikoek argi uzten dute %20 aberatsenek eutsi behar dietela errenta horiei. Paradigma aldaketa bat da hau, langile klasea zergapetzeari utzi eta aberastasuna hobeto banatzen hastea OEUaren gisako politikekin; berez, ekintza politiko zabalagoetan kokatu beharko genuke neurria, baina urrats handia da, hala ere.

Gazteei eta emakumeei askatasun handiagoa emango lieke oinarrizko errentak?

Beste faktore batzuk ere kontuan hartu beharko lirateke berdintasun handiagoa lortzeko, baina, hala ere, gazteen kolektiboak eta emakumeek —herritarren %51 dira— gehiago nabarituko lukete OEUaren eragina. Aldaketa garrantzitsua litzateke burujabetzarako —gaur egun %16koa da 30 urte arte—, eta bide emango luke bizimodu desberdin bat egiteko: lanaldi murriztuak, ikasketak, proiektu berriak edo kooperatiboak, OEUarekin lagunduko liratekeenak. Feminista batzuek aztertu dute proposamena, eta aukerak ikusten dizkiote ahalduntze ekonomikoa sustatzeko eta bestelako bizitza eta harremanak indartzeko: negoziaziorako botere handiagoa, bizitza independentzia, zaintzaren garrantzia —pandemian argi geratu den moduan—; finean, askatasuna.

Munduan hainbat antzeko proiektu jarri dituzte abian. Zer iritzi duzu horietaz, eta zer zailtasun aurreikusten dituzu?

Toki askotan jarri dituzte martxan antzeko egitasmoak: Namibian, Indian, Kanadan, Kenyan eta, hemen gehien ezagutzen denetako bat gertuen dugulako, Finlandian. Probak dira, batzuk nahikoa mugatuak, lagin nahikorik gabeak, eta garrantzitsua da lagin nahikoa izatea. Gaur egun aurreikusita daude Eskozian, Berlinen, Chicagon [AEB], Hego Korean, Macaon, Brasilen... Badaude batzuk martxan, eta beste batzuk aztertzen ari dira. Orokorrean, emaitzak baikorrak dira. Adibidez, proba hauek guztiak komunean duten ezaugarrietako bat zera da, jendearen buru osasunak hobera egiten duela, estresa gutxitzen duela, eta lasaitasun psikologikoa hobetu. Beste ezaugarri bat da ez dela gutxitu lan merkatura sartzen direnen kopurua. Esperimentuak oso mugatuak diren arren, errealitatea konplexuagoa delako, emaitza positiboak gehiago dira.

Generalitatearen egitasmoak zer gidalerro nagusi ditu?

CUPen eta ERCren arteko akordioak aukera eman du proposamena abian jartzeko. Helburu handinahiak dira: proiektua martxan jartzea bi urteko epean, lurraldeko errealitatearen eta gizarte aniztasunaren isla beharko luketen bi talde handitan, ikusteko zer-nolako eragina duen baldintzarik gabeko errenta unibertsal batek. Horrek aukera ematen du aztertzeko, errealitateak alderatzeko —egungo errentak eta baldintzarik gabeak—. Erronka handia da, eta lagun gaitzake egungo errenta baldintzatuen sistema txukuntzen eta arrazoizkoago bilakatzen.

Oinarrizko errenta ongizate estatu sendo bat eraikitzeko oinarria da? Finantza liteke?

Hori da, agian, azken urteetan gehien eztabaidatu den puntua: finantzaketa. Bada halako nahasmen bat, herritar kopuru jakin bat hartuta kalkulu zehatza egiten denean emaitza beldurgarria delako, baina okerreko eragiketa da. OEUak zerga erreforma sakon batetik abiatu behar du: aztertu da nola igo egungo pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga edo luxuzko ondasunen gainekoak, edo hutsik dauden etxebizitzei ezartzen zaizkienak, edota zerga iruzurra saihesteko neurriak. Ez da diru arazoa, borondate politikoarena baizik. Finantzaketa aukerak asko dira, eta hori da erronketako bat, baina argi dago OEUa ezartzearen helburua zera dela, denontzako toki hobe bat eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.