Demokraatit alderdi liberalak irabazi ditu Groenlandiako bozak

Oinarri ekonomikoak ezarri nahia independentzia nahiari gailendu zaio Groenlandian. Demokraatitek botoen %29,9 eskuratu ditu, eta independentzia prozesua azkar egitearen alde dagoen alderdi bat izan da bigarrena, Naleraq, botoen %24,5 bilduta.

Demokraatit alderdiko buruzagi Jens-Frederik Nielsen, irudiaren erdian, garaipena ospatzen, bart, Nuuken. MADS CLAUS RASMUSSEN /EFE
Demokraatit alderdiko buruzagi Jens-Frederik Nielsen, irudiaren erdian, garaipena ospatzen, bart, Nuuken. MADS CLAUS RASMUSSEN /EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 12a
10:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Groenlandian independentzia nahi dute, baina mantso eta behin herrialdearen oinarri ekonomikoak ziurtatuta. Hala islatzen dute uharte hartako parlamenturako atzo egin zituzten hauteskundeen emaitzek: Demokraatit alderdi liberalak irabazi ditu hauteskundeak, botoen %29,9 eskuratuta. «Independentzia ez dugu bihar nahi; aurrena oinarri ekonomiko ona nahi dugu», esan zuen Jens-Frederik Nielsen Danimarkarekin harremanak azkar haustearen alde ez dagoen alderdiaren buruzagiak, emaitzak jakin ostean egin zuen agerraldian. Hala ere, Danimarkatik banatzeko prozesua azkarrago egin nahi duenik ere badago munduko uharterik handienean. Are gehiago, independentzia prozesu azkar baten alde egiten duen alderdi bat, Naleraq, bigarren indarra izan da, botoen %24,5 lortu baititu.

Horiek horrela, pentsatzekoa da Groenlandiako Gobernuan aldaketa egongo dela, ezustekorik ezean. Izan ere, boto guztiak zenbatu dituzte, eta agerian geratu da okerrera egin dutela egungo gobernuko koalizioko kide IA Inuit Ataaqatigit alderdi sozialistak eta Siumut alderdi sozialdemokratak. Alderdi sozialistari dagokionez, 2021eko bozetan baino hamabost puntu gutxiago izan ditu oraingoan, botoen %21,4 eskuratuta. Haren kide Siumuti, bestalde, indarra erdira apaldu zaio, botoen %14,7 bildu baititu.

Koalizio gobernuko alderdiek lortutako emaitzek zeresana eman dute, Groenlandiako Autonomia Estatutua 1979an onartu zutenetik Siumut eta IA izan baitira orain arte irabazle bakarrak. Eta are ezusteko handiagoa izan da Demokraatit alderdiaren garaipena. Nielsenen alderdiak duela lau urte halako hiru boto eskuratu ditu: laugarren indarra izan zen orduan, eta bozak irabazi ditu orain. Are gehiago, hauteskundeen aurretik gobernuak inkesta bakarra argitaratu zuen, eta, bertan, alderdi liberalak botoen %19 lortuko zituela aurreikusi zuen.

Trumpen itzala

Emaitzen jakitun, eta, printzipioz gobernua osatzeko eginkizuna bere gain dagoela jakinda, Nielsenek eskua luzatu zien alderdi guztiei atzoko agerraldian. «Elkarrekin egoteko garaia» dela nabarmendu zuen, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen nahiei erreferentzia eginez. Trump urtarrilean heldu zen Etxe Zurira, eta agintaldi hasieratik adierazi du Groenlandia AEBen parte bihurtu nahi duela. «Demokraatiten aldetik, prest gaude alderdi guztiekin hitz egiteko eta batasuna bilatzeko, bereziki atzerrian gertatzen ari dena kontuan izanda», esan zuen Nielsenek.

Groenlandiako herritar gehienak Trumpen nahien aurka agertu dira: alderdi nagusiek gogor kritikatu dute Etxe Zuriko maizterraren ideia, eta, urtarrilean kaleratutako inkesta baten arabera, irlako herritarren %85ek AEBetako herritar bihurtzeko ideia gaitzesten dute. Horiek horrela, parte hartzeak gora egin du. 2021eko Groenlandiako Parlamenturako bozetako datuekin alderatuz gero, bost puntu egin du gora parte hartzeak, boto eskubidea duten herritarren %70,9 eman baitute botoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.