Amazonia babestea helburu duen hitzarmena sinatu zuten atzo Boliviak, Brasilek, Kolonbiak, Ekuadorrek, Guyanak, Peruk, Surinamek eta Venezuelak. Belemgo Adierazpenaren helburua litzateke basogabetzea geldiaraztea, oihana «atzera bueltarik gabeko puntura» hel ez dadin. Alde horretatik, idatziak dei egiten die garapen bidean dauden beste hainbat herrialderi euren esku dagoena egin dezaten Amazonia babesteko, ardura hori bertan bizi direnen gain soilik gera ez dadin. Horretarako, 91.300 milioi euroko inbertsioa egin beharko lukete urtero klima larrialdiaren aurkako neurrietan.
Hitzartutako agenda horretan, baina, ez da neurri zehatzik jasotzen, eta hori da talde ekologistek salatu dutena. «Oinarrizko akordio bat da, baina ez du irtenbiderik proposatzen egun dugun testuingurua onbideratzeko. Ez dute epe motzerako helbururik zehaztu», kritikatu du Marcio Astrinik, Klimaren Behatokiko kideak —Brasilgo 70 talde ekologista biltzen ditu erakundeak—. «Ez da onargarria halako adierazpen batean Amazoniako zortzi estatuak gai ez izatea aitortzeko basogabetzeak amaitu behar duela eta ez dela ideia ona oihanaren erdian petrolioa ustiatzea».
10.000 karaktere inguruko testuak nabarmentzen du estatuek garapen jasangarria sustatu behar dutela, basogabetzea gelditu eta hartaz baliatzen diren legez kanpoko taldeen aurkako neurriak hartu. Aldiz, akordiotik at geratu dira beste hainbat helburu zehatz, hain zuzen ere, talde ekologista eta indigenen aldarrikapen nagusiak zirenak; besteak beste, legez kanpoko basogabetzea amaitzea 2030erako —Brasilek eta Kolonbiak soilik egin zuten bat puntu horrekin—. Hala, estatu bakoitzak zehaztuko ditu bere helburuak. Iaz 20.000 kilometro koadro oihan suntsitu ziren Amazonian, 2021ean baino %21 gehiago.
Petrolio ustiaketak geldiaraztearena zen herri indigenen beste eskaeretako bat, eta horren alde egin zuen Kolonbiako presidente Gustavo Petrok, eta ezkerreko zenbait buruzagiren «negazionismoa» salatu zuen, ingurumena babesteko neurriak aldarrikatu arren, erregai fosilak ustiatzen jarraitzen dutelako. Brasil eta Ekuador dira herrialde horietako bi: Amazonas ibaiaren bokalean petrolioa ustiatzeko proiektu bat aztertzen ari da lehena, eta oihanean petrolioa ustiatzen du bigarrenak. Horiek ez dira bakarrak, ordea, putzu handiak dituzte Surinamek eta Guyanak ere.
Narkotrafikoa
Amazonia droga trafikorako pasabide gisa erabiltzen duten sareen aurkako neurriak ere jaso dituzte idatzian. Zehazki egoitza Manaosen (Brasil) izango duen Nazioarteko Polizia Elkarlanerako Gunea sortzea adostu zuten. Haren ardura litzateke «legez kanpoko ekintzen inguruko informazioa partekatzea eta horiek ikertzea».
Peruko presidente Dina Boluarte izan zen segurtasun talde baten sorrera babestu zutenetako bat. Haren esanetan, «beharrezkoa da» ingurumen delituak geldiarazteko «aliantza sendo eta argi bat» osatzea. Urrats bat gehiago egiteko eskatu zuen Petrok, eta proposatu zuen «ingurrumen gaietarako nazioarteko auzitegi bat» sortzea, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen gisako instituzio bat ere Amazoniarako, «legez kanpoko ustiaketak armen bidez borrokatzeko». Kolonbiako estatuburuak ohartarazi zuen gizateria «desagertzear» dagoela eta orain dela unea «erabaki garrantzitsuak» hartzeko: «Zer egiten ari gara hitzaldiak emateaz gain?».
Amazoniako beste arazo nagusietako bat da meatzaritza ere, baina adierazpenak ez du horren inguruko neurririk jaso. Aldiz, estatuek ebatzi dute gobernu bakoitzak hartu beharko dituela horren aurkako neurriak bere kabuz, helburu bateraturik finkatu gabe.
Gaur amaituko da goi bilera, eta azken orduetan Amazoniako estatuak oihan handien eremuan bizi diren beste hainbat herrialderekin bilduko dira hitzarmenaren berri emateko. Elkarrizketetan parte hartuko duten herrialdeen artean daude Kongoko Errrepublika Demokratikoa, Kongoko Errepublika eta Indonesia.
Amazoniako oihanaren %17 suntsitu dute azken urteetan, eta zientzialariek ohartarazi dute «heltzear» atzera bueltarik gabeko unea. Amazonian kokatzen da munduko biodibertsitatearen %10 inguru, eta 50 milioi lagun inguru bizi dira bertan. Horrez gain, karbono dioxidoa xurgatu eta tenperaturen gorakada moteltzeko tresna garrantzitsua ere bada oihana. Zientzialarien esanetan, neurriak hartu ezean Amazoniako zuhaitzak «hil» egingo dira, eta berotegi gasak xurgatzeari utziko diote, eta klima larrialdiaren ondorioak azkartu egingo dira.