Amazonia babestea helburu duen hitzarmena sinatu zuten herenegun gauean Boliviak, Brasilek, Ekuadorrek, Guyanak, Kolonbiak, Peruk, Surinamek eta Venezuelak. Belemgo Adierazpenaren helburua litzateke basogabetzea geldiaraztea, oihana «atzera-bueltarik gabeko puntura» hel ez dadin. Alde horretatik, idatziak dei egiten die garapen bidean dauden beste hainbat herrialderi euren esku dagoena egin dezaten Amazonia babesteko, eta, hala, ardura hori han bizi direnen gain soilik ez uzteko. Horretarako, 91.300 milioi euroko inbertsioa egin beharko lukete urtero klima larrialdiaren aurkako neurrietan.
Hitzartutako agenda horretan, baina, ez da neurri zehatzik jasotzen, eta horixe salatu dute talde ekologistek. «Oinarrizko akordio bat da, baina ez du irtenbiderik proposatzen egun dugun testuingurua onbideratzeko. Ez dute epe motzerako helbururik zehaztu», kritikatu du Marcio Astrinik, Klimaren Behatokiko kideak—Brasilgo 70 talde ekologista biltzen ditu erakunde horrek—. «Ez da onargarria halako adierazpen batean Amazoniako zortzi estatuak gai ez izatea aitortzeko basogabetzeak amaitu behar duela eta ez dela ideia ona oihanaren erdian petrolioa ustiatzea».
10.000 karaktere inguruko testuak nabarmentzen du estatuek garapen jasangarria sustatu behar dutela, basogabetzea gelditu, eta hartaz baliatzen diren legez kanpoko taldeen aurkako neurriak hartu. Alabaina, akordiotik at geratu dira beste hainbat helburu zehatz, hain zuzen ere, talde ekologista eta indigenen aldarrikapen nagusiak; besteak beste, legez kanpoko basogabetzea 2030erako amaitzea —Brasilek eta Kolonbiak soilik bat egin zuten puntu horrekin—. Hala, estatu bakoitzak zehaztuko ditu bere helburuak. Iaz 20.000 kilometro koadro oihan suntsitu ziren, 2021ean baino %21 gehiago.
Petrolio ustiaketak geldiaraztea zen herri indigenen beste eskaeretako bat, eta horren alde egin zuen Kolonbiako presidente Gustavo Petrok, eta ezkerreko zenbait buruzagiren «negazionismoa» salatu, ingurumena babesteko neurriak aldarrikatu arren erregai fosilak ustiatzen jarraitzen dutelako. Brasil eta Ekuador dira herrialde horietako bi: Amazonas ibaiaren bokalean petrolioa ustiatzeko proiektu bat aztertzen ari da lehena, eta oihanean petrolioa ustiatzen du bigarrenak.
Narkotrafikoa
Amazonia droga trafikorako pasabide gisa erabiltzen duten sareen aurkako neurriak ere jaso dituzte idatzian. Zehazki, Nazioarteko Polizia Elkarlanerako Gunea sortzea adostu zuten —egoitza Manaosen (Brasil) izango du—. Haren ardura litzateke «legez kanpoko ekintzen inguruko informazioa banatzea».
Peruko presidente Dina Boluarte izan zen segurtasun talde baten sorrera babestu zutenetako bat. Haren esanetan, «beharrezkoa da» ingurumen delituak geldiarazteko «aliantza sendo eta argi bat» osatzea. Beste urrats bat egiteko eskatu zuen Petrok, eta proposatu zuen «ingurumen gaietarako nazioarteko auzitegi bat» sortzea, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen gisako instituzio bat ere Amazoniarako, «legez kanpoko ustiaketak armen bidez borrokatzeko». Kolonbiako estatuburuak ohartarazi zuen gizateria «desagertzear» dagoela eta orain dela garaia «erabaki garrantzitsuak» hartzeko: «Zer egiten ari gara hitzaldiak emateaz gain?».
Meatzaritza da Amazoniako beste arazo nagusietako bat, baina adierazpenak ez du jaso horren inguruko neurririk. Estatuek ebatzi dute gobernu bakoitzak hartu beharko dituela horren aurkako neurriak, bere kabuz, eta ez dute xede bateraturik finkatu.
Oihana babesteko konpromisoa hartu dute Amazoniako estatuek
Belemgo Adierazpenak ez du jasotzen basogabetzea eta petrolio ustiaketa geldiarazteko neurri zehatzik. Kolonbiak proposatu du «ingurumen gaietarako nazioarteko auzitegi bat» sortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu