Odolezko hizkitan

Ginean, irailaren amaieran izandako basakerien ostean, bitartekari lanak egitera joan da Burkina Fasoko presidentea. Mussa Dadis Camara buru duen aginte militarra gogor salatu du nazioarteak.

2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Afrikako hainbat herrialdetan, odolezko hizkitan idatzitako historia etengabe errepikatzen da. Egoera lazgarri horren azken adibidea izan da, Ginean, joan den irailaren 28an gertatutakoa. Egun hartan, Konakry hiriburuko kiroldegian bilduta zeuden ehunka lagunen aurka ekin zuten basakeria izugarriz Gineako militarburu Moussa Dadis Camararen manupeko indar armatuek. Elkarretaratze baketsu batean parte hartzen ari zirenak tirokatu, eta emakume andana bortxatu zituzten soldaduek. Oposizioaren arabera, gutxienez 157 lagunek bizia galdu zuten, eta 1.200dik gora zauritu ziren armadaren ekitaldian. Aginte militarrak, aldiz, esan du 56 lagun hil zirela, «oposizioak antolatutako konplotaren ondorioz».

Oposizioak zuen antolatu, hain zuzen, irailaren 28ko elkarretaratzea, ekitaldi baketsu baten bidez salatu nahi zuelarik Gineako aginte militarreko buruzagi Moussa Dadis Camarak urtarrileko presidentetzarako bozetara lehiatzearren agertutako asmoa.

Camara botereaz jabetu zen 2008ko abenduaren 23an, aurretik, 24 urtez, agintean egon zen Lansana Coste diktadorea hil zen egunaren biharamunean bertan. Odolik isuri gabe jabetu ziren botereaz, eta Camarak jarraian adierazi zuen trantsizio epe baten ostean «hauteskunde askeak» antolatuko zituztela, eta bera ez zela horietara lehiatuko. Bederatzi hilabete pasatu direlarik kolpe militarra eginez geroztik, Moussa Dadis Camarak adierazi du berriki berak ere asmoa baduela presidentetzarako hauteskundeetara lehiatzeko.

Afrikako Batasunaren oharra

Asmo horren kontra azaldu da Afrikako Batasuna erakundea, eta joan den irailaren 18an Camarari exijitu zion konpromiso argia hartzeko hauteskundeetara ez lehiatzeko. Horrelakorik gertatzearen kasuan, Afrikako Batasunak Gineako aginte militarreko buruari ohartarazi zion zigorrak ebazteko aukera ez duela baztertu. Erakundeak hartutako jarrera horren babesean, Gineako oposizioko indarrek Camararen asmoak salatzeko elkarretaratzea antolatu zuten. Baina ekitaldi baketsua izan behar zena odolean ito zuen armadak.

Lekuko askoren arabera, presidentearen guardiako kapelu gorriek ikaragarriko basakeriak egin zituzten kiroldegian elkarretaratutakoen kontra. Jendeari tiroka edo labanaz erasotzeaz gain, militarrak emakumeei oldartu zitzaizkien bereziki. Horietatik asko biluztera behartu zituzten senar edota umeen aurrean, eta bortxatu ere egin zituzten. Gainerat, ehunka lagun atxilotu zituzten.

Basakeria horiek salaketa oldea eragin dute nazioartean. Egoera horren aurrean, Cedeaok, Afrika Mendebaldeko Herrialdeen Ekonomi Erkidegoak, baketze misio bat abian jartzea erabaki du. Horren harira, Burkina Fasoko presidente Blaise Campaore Konakryra iritsi zen atzo bertan. Campaore bilduko da Moussa Dadis Camararekin, baita oposiziokoekin ere, gatazka amaitzeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.