Urriak 9, astelehena
Gerra garaian, esnatu eta lehen minutuak izaten dira probetxuzkoenak. Jaiki orduko, telefonoa begiratzea izaten da lehen gauza, egiaztatzeko ez zaizula hurkorik hil. Egunak joan ahala, ordea, dudan hasten zara, telefonoa begiratu edo ez begiratu. Goiz batzuetan, ozta-ozta izaten zara gai jaiki eta telefonoa hartzeko. Etortzekoak baitira albiste txarrak, orain ez bada gero.
Goma eta hondakin zabortegi bat bilakatu da hiria. Ke adarren gisan erori dira hainbat eraikin eder, eta, hondarra haizetan nola, desagertuz doaz eraikin horietan bizi zirenen oroitzapenak. Ahaleginak egiten ditut lokartzeko, ahal dudan bitartean atseden hartzeko. Gerran, denbora gehien-gehienean, akituta eta aspertuta egoten zara aldi berean. Esna zauden denbora guztian borrokatu behar duzu bizirik segitzeko, baina ezertxo ere ez da aldatzen sekula. Tartean behin, gogora datorkit nola umetan balaz josi ninduten egun batean, Lehen Intifadan, eta nola amak kontatu zidan hilda ere egon nintzela minutu batzuk, berriro ekarri ninduten arte. Pixka bat lasaitzen nau pentsatzeak agian beste hainbeste egin ahalko dudala orain: hilen artetik itzuli. Bizirik iraute horretan pentsatzeak berak erakusten du bizirik iraun dudala orain arte!
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Astelehena da gaur; horrek esan nahi du gobernuko kabinetearen asteroko bilera dagoela 10:00etan. Erabaki dut telefonotik konektatzea bilerara, Zoomen bidez, eta idazkariak esan dit beste ministro batzuek ere halaxe parte hartuko dutela bileran, israeldarrek Zisjordaniako bide nagusi guztiak blokeatu dituztela-eta. Gazaren kontrako gerra izan da bilerako hizpide bakarra. Zer egin behar du Palestinako Aginte Nazionalak, ikusirik Israelek ez duela uzten laguntza humanitario eta medikoa irits dadin Gazako zerrendara? Hitz egiteko txanda heldu zaidanean, esan diet garrantzitsuena zera dela: agerian uztea zer-nolako krimenak egiten ari den Israel gure kontra. Munduak desegin beharra dauka Israelen kontakizun hori, bere burua defendatzen ari delakoa.
Telefonoaren pantailan agertu eta agertu ari zaizkit albisteen jakinarazpenak, eta ezin bileran erabat kontzentratu. Gorgarria da kanoien jaurtiketa galduen ziztu hotsa. Badirudi leherketak bata bestearen atzetik gertatzen ari direla hondartzan. Askotan, atzera begiratu behar izaten dut, segurtatzeko gela lehen bezalaxe dagoela, ukigabe.
Azken orduko albisteek jakinarazi didate 50 lagun hil dituztela Jabalian, Al-Tirransen kontrako azken bonbardaketan. Beste ministroei barkamena eskatu, eta esparrura itzuli naiz. Jabaliaren bihotza da Al-Tirrans. Handik azkar irits daiteke esparruko beste edozein lekutara. Azoka, adibidez, hegoalderaxeago dago, handik ehunka metrora baino ez, eta lehen hezkuntzako eskolak, berriz, mendebaldean. Gure familia ere hurbil bizi da, ekialdean. Al-Tirransen bat egiten dute hurbileko hirietarako garraiobide guztiek: taxiak, minibusak, Beit Hanun-era doazenak, Bet Lahia-ra, Bedwin Village-ra, eta zerrendaren iparraldeko edozein tokitara. Esan liteke Al-Tirrans gabe ez legokeela Jabaliarik. Tirrans hitzak transistore elektriko esan nahi du: hantxe dago, izan ere, esparruko transistore nagusia.
Iritsi garenean, badirudi ehunka familia noraezean dabiltzala kalean, ez jakin nora jo. Itxuraz, etxea bonbardatu diete denei, edo hutsarazi. Mundu honetan dituzten gauza guztiak aldean daramatzate, antza: koltxoiak, eta poltsak bete arropa, jaki eta edari. Leher eginda daude denak. Erraza da, pentsatu dut, bonba bat egitea eta abioi bat edo tanke bat edo drone bat diseinatzea bonba hori botatzeko. Gauza errazak dira horiek, sinpleak. Zailena zera da: irudikatzea nolako mundu kaotikoa dakarten halako makina sinpleek, nolako txikizioak eragiten dituzten.
Aitaginarrebaren etxetik gertu aparkatu, eta oinez segitzea erabaki dut. Polizia etxetik hurbil dago haren etxea, eta, Osloko Akordioen aurretik, hantxe zegoen Israelgo armadak Jabalian zeukan basea. Bidean, zenbait lagun ikusi ditut gorpu bat hilerrira eramaten. Konturatu naiz nire auzokoa dela hildakoa. Yasserrek baiezkoa eman dio nirekin etortzeari, triskantza ikusteko. Badakit zer etxe den bonbardatutakoa: Abu Ixkianen familiarena da, transistorearen parez pare dagoena. Ezagutzen dut etxea. Oinezkoek ez dute kalea gurutzatzen nire nobelako lehen kapitulua handik ehunen bat metro eskasera girotuta dago, fruta denda batean. Eleberri horretako pertsonaia guztiak han inguruan bizi dira.
Iritsi naizenean, izuak hartu nau begi aurrean dudana ikusita: dena txikitua. Kale osoa, alde bat zein bestea, zanpatua. Supermerkatua, dirua trukatzeko etxea, falafel saltokia, fruta denda, perfume saloia, gozo denda, jostailu denda... den-dena errea. Errea eta lurperatua. Transistorea baino ez da onik gelditu: tinko zut, antzinako monumentu bat balitz bezala.
Erdiragarria da hondakinen artean ibiltzea. Odolez blaitua dago dena. Kontuz ibili behar dut, odola zapalduko ez badut. Jostailu pusketak, supermerkatuko latak, fruta maspilduak, bizikleta hautsiak, perfume botila zatikatuak. Eztulka hasi naiz, hauts eta ke artean. Ezin dut eraman. Yasserrekin itzuli naiz, gure familiaren etxera. Izkina batean beste aldera jo dut Al-Tirransen barna joateko, eta herensuge batek kiskalitako hiri baten marrazki uherra iruditu zait ingurua, ikatz ziriz egina.
Promes egina nuen sartu-irten bat egingo nuela nire bizilagun Faraj-en etxean, Hixam ikusteko, baina ezin bete agindutakoa: ezindurik sentitzen naiz Hixam nola dagoen ikusita; laguntza eskatuko dit, baina nik ezin dut ezertxo ere egin. Hortaz, oinez ibiltzera irten naiz, eta osaba Essam-ekin topo egin dut bidean. Hizketan ibili gara pixka batean, eta txantxa bat esan dit, gure bizilagun Hussianek berari kontatua, baina barrerik ez, ez osabak eta ez nik. Auzoko kalexka eta bide estuetan, ezer ez da aldatzen, denboraren arrastoak gorabehera. Metal uzkurtuzko lehengo sabai batzuk amiantozko bihurtuko ziren gero, edo zementuzko, eta etxeren bat aldatu egingo zen akaso, baina bada hemengo bertako zapore berezi bat, beti betikoa dena.
Yasserri eskatua nion aitonarenean geratzeko. Logika honi jarraitu ohi zaio Palestinan: gerran, bakoitzak leku batean lo egin behar du; hartara, familiaren parte bat hiltzen badute, beste parte batek bizirik iraungo du behintzat. Gero eta desplazatu eta familia etxegabe gehiagok betetzen dituzte UNRWAren eskolak. Uste dute NBEren banderek salbatuko dituztela, nahiz eta azken erasoaldietan UNRWAren eskolak ez diren libratu. 2009an, esaterako, eraso egin zioten Al-Fakhurako eskolari, eta 2014an ere jomugan izan zituzten Abu Husainen eskolak. Bi aldi haietan, han babes hartutako dozenaka zibil hil edo mutilatu zituzten. Gure lehengusu Munier, esaterako, zauritu egin zuten Al-Fakhuraren kontrako erasoan: bi begiak galdu zituen, eta zeharo itxuragabetuta geratu zen.
Gaur goizean, prentsa eraikinera heldu naizenean, denak lanpetuta zeuden, irudiak deskargatzen eta beren agentzietarako txostenak idazten. Bilal kudeatzailearekin hizketan ari nintzela, ordea, eztanda batek astindu du eraikin osoa bat-batean. Prentsa eraikina dantzan bezala geratu da. Leihoetako beirek eztanda egin dute, eta gainera erori zaigu sabaia, puskaka. Guk uste baino gertuago ari dira erasoan. Sarrera nagusira jo dugu denok, lasterka. Lehertutako kristal zati batek kazetari bat zauritu du. Odola dario burutik, baina ondo dago. Hogei minutu igaro dira, eta iruditu zaigu segurua dela kalera ateratzea, erasoa zehazki non izan den ikusteko. Ramadaneko apaingarriak zintzilik daude oraindik kalean.
Hotelera itzuli naizenerako, leher eginda nago, ezin ezertan kontzentratu. Min dut eskumuturretan. Sakelakoa gehiegi erabiltzeagatik omen, Bilalen hitzetan. Batzuetan orduak eta orduak ematen ditut telefonoa eskuan, albisteak irakurriz. Lo egiten saiatu naiz.
Baina galdera bat dabilkit buruan, nekaezin: zer gertatuko zen Al-Tirransen egon izan banintz erasoa gertatu zenean? Ez zapaltzen saiatu naizen odol hori neurea izan zitekeen. Korridoretik itsasoa begiztatu dut berriro, errezeletan barna. Droneen burrunba elektrikoaz gainera, apenas entzuten ditudan olatuak. Hiltzen banaiz, itsasoa izango dut testigu bakarra, nik neure artean.
Hurrengo atala: «Bost gorpu atera ahal izan ditugu»
Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.