Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaile eta buruzagiaren iritziz, Turkiaren eta bere alderdiaren arteko gatazkak irtenbide politikoa izan dezake. Ocalanek 25 urte daramatza kartzelan, eta atzo, lau urte eta erdiren ostean, bere familiako kideek bisitatu zuten. Gaur, PKK-ko liderraren iloba eta HDP Herrien Alderdi Demokratikoko —Kurdistanen burujabetzaren aldeko ezkerreko koalizioa— diputatu Omer Ocalanek bere osabak esandakoen berri eman du X sare sozialean: «Mezu hau helarazteko eskatu zuen: 'Baldintzak sortzen badira, botere teorikoa eta praktikoa daukat prozesu hau gatazkaren eta indarkeriaren bidetik politikaren bidera eramateko'».
Ocalan familiakoek bisitatu zuten egun berean, Turkiako enpresa aeroespazial bati eraso zioten Ankaran; bost lagun hil zituzten, eta 22 zauritu. Turkiako Gobernuak PPKri egotzi dio erasoa. Ankarak, «atentatu terrorista» gisa definitu du atzokoa; eta Turkiako Barne ministro Ali Yerlikayak X sare sozialean gaur jakinarazi du bi erasotzaileetako bat alderdi kurdukoa zela —biak hil zituzten—. PKKk ez du bere gain hartu.
Ankarako erasoa gertatu eta ordu batzuetara, Turkiak Siria eta Irak iparraldean bonbardaketak egin zituen, kurduak bizi diren guneetan. Turkiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, 59 «terrorista» hil dituzte eraso horietan. Milizia kurduak gehiengo diren Siriako Indar Demokratikoak (SDF) koalizioak salatu du Ankarak Siria iparraldean eta ekialdean eginiko bonbardaketetan, gutxienez, hamabi zibil hil dituzte; tartean, bi haur. Koalizioak ohar batean eman du hildako horien berri, eta, gehitu duenez, beste 25 lagun ere zauritu dituzte Turkiaren erasoetan.
Bisitarik gabe, 2020tik
Alderdi kurduko buruzagia 1999. urtetik dago Imrali uharteko (Turkia) espetxean bakartuta. Haren ilobak jakinarazi duenez, azken aldiz, 2020ko martxoaren 3an izan zuen aurrez aurreko bisita bat; eta, telefonoz, 2021ean hitz egin ahal izan zuen azkenengoz familiarekin. Otsailean, Ocalanen abokatu Ibrahim Bilmezek BERRIAri jakinarazi zion ez zekitela ezer ere buruzagi kurduaren inguruan: «Hiru urte dira haren berririk ez dugula». Atzoko bisitaren ostean, Omer Ocalanek argitu du PKK-ko liderra osasunez ongi dagoela. Halere, Ocalan oraindik «bakartua» dutela salatu du, eta eskatu familiaren bisitek «ohikoak» izan beharko dutela.
Asteartean, Ankarako erasoa gertatu eta Ocalanen familiak hura bisitatu bezperan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lider kurduaren bakartzea amaitzeko proposamen bat babestu zuen. Devlet Bahçeli ultranazionalista turkiarrak proposatu zuen, hain zuzen, PKKrekin bake akordioak negoziatzen hastea eta alderdi kurduko burua parlamentura eramatea PKKren desegitea aldarrikatzera. «Buruzagi terroristaren bakartzea amaitzen bada, etor dadila parlamentura. Bertan aldarrika dezala ez direla terroristak eta erakundea desegina dagoela», adierazi zuen Erdoganen aliatuak, Turkiako Parlamentuan.