DEM alderdiko kidea

Cengiz Çiçek: «Ocalanek bidea ireki du gure bake ametsak bete daitezen»

«Bakearen eta gizarte demokratiko baten alde» egiteko deia egin zien Ocalanek PKK-ko kideei iragan ostiralean, eta armak uzteko eskatu zien. Çiçek izan zen Ocalanen mezua herritarrei helarazteko arduradunetako bat.

Cengiz Çiçek. BERRIA
Cengiz Çiçek. BERRIA
Orsola Casagrande
2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiko kidea da Cengiz Çiçek (Tunceli, Kurdistan, 1978), eta Abdullah Ocalanekin egon zen otsailaren 27an, parte hartu baitzuen Imraliko kartzelara joandako ordezkaritzan. DEMen batzorde delegatu horrek zabaldu du mundura Ocalanen mezu historikoa: «Bakearen eta gizarte demokratiko baten alde».

Çiçek, hain zuzen, Ocalanen abokatuetako bat zen 2009an, preso kurduari kartzelan ezarritako egoera pixka bat samurtu zioten garaian. 2011n, atxilotu egin zuten, lider kurduaren alde ari ziren 45 abokaturekin batean. Aske utzi zuten 2014ko martxoan. Eta 2018an, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko Istanbulgo ataleko kopresidentea zelarik, astebete eduki zuten atxilo.

Çiçekek kontatu du zer sentitu duen urteak igaro eta gero berriro Ocalanekin egonda, zer moduz ikusi duen hura, eta zer iruditzen zaion Turkian luzaroko bakea egon dadin buruzagi kurduak igorri duen mezua.

Zer moduz dago Ocalan? Zer sentitu zenuen hura ikusita?

Zirraragarria izan zen guztiontzat, arrunt. Hunkigarria izan zen Ocalan jaunarekin bertatik bertara egotea, ohore handia, eta barrena ukitu zigun. Ocalan jauna guztiz bakartuta egon da urte askoan, eta kolpe handia da ikustea nola zahartzen ari den. Baina, beti bezala, bizi-bizi zegoen, aldarte onean, gogotsu; guztiz jabetuta zegoen nolakoak diren prozesua, gertaerak eta agenda. Bertatik bertara ikusi genuen zoli-zolia duela mundua eta gertaerak alde guztietatik interpretatzeko gaitasuna, eta orain ere gai dela halakoak ikuspegi berri batzuetatik aztertzeko. Gero eta modu miresgarriagoan garatu du bere pentsamendua. Deklarazio horren bitartez, garai historiko bat hasiko da, eskualdeko dinamika guztietan eragina izango duena, eta ederki dakigu deklarazio horrekin zerikusia eduki izana ohorea dela eta, era berean, ardura handia dakarkigula.

Imraliko beste preso batzuekin ere egon zineten. Zer moduz daude?

Beste preso horiek ere bakarturik egon dira luzaro. Hala ere, gogotsu daude, eta elkarlan ederrean ari dira Ocalan jaunarekin. Herri baten destinoa zehazteko ardura hartuta ari dira lanean, baina, aldi berean, haientzat zirraragarria da eskualde guztia aldatuko duen zerbaitetan aritzea. Azken batean, Imralin ikusi genituen guztietatik inor ez da sentitzen gatibu. Zoritxar guztiak eta bakartze zorrotza gorabehera, eta nahiz ezin izan diren inorekin egon urteetan, libre dute gogoa, eta gaitasun intelektuala dute historiaren eta gertaeren joanean eragiteko. Eta halaxe Ocalan jauna ere.

Zein izango dira hurrengo pausoak? Bilera publikoak antolatuko dituzue mezua azaldu eta iritziak jasotzeko? Zer egitasmo duzue datozen asteetarako?

Diozun bezala, Ocalan jaunak ausardiaz eta kemenez hartu du ardura historiko hori, eta beste garai bati ekin dio. Orain, denona da prozesu horretan aurrera egiteko ardura. Otsailaren 27an beste aro bat hasi da Turkiarentzat, eta inork ezin dio ihes egin ardura horri, inork ezin dio ez ikusi egin edo atzera bota.

«Jendearekin egon nahi dugu, behar diren sektoreak sartu prozesuan, eta, ahal bada, kontra daudenak konbentzitu»

Jakina, lehenik eta behin, gure alderdiarena da ardura, urteetan aritu baikara konponbide demokratiko baten alde. Ocalan jaunak bidea ireki du gure ametsak bete daitezen. Hemendik aurrera, gutako bakoitza bakearen aldeko militantea izango da, eta bakoitzak antolatuko du bakea. Gure erabakitze organoak hasita daude bilerak egiten; prozesua aztertzen ari gara, eta planak prestatzen. Herri batzarrak antolatzeko asmoa dugu; jendearekin egon nahi dugu, behar diren sektoreak sartu prozesuan, eta, ahal bada, kontra daudenak konbentzitu. Horregatik, hasita gaude hori lortzeko planak atontzen.

Deialdiak beste aro bat ekarriko du. Nola jokatuko duzue politikan?

Bai, hau beste zerbaiten hasiera da. Orain hasiko zaigu benetako lana. Lehenbizi, bake hizkera bat sortu beharko dugu, eta politika egiteko modu bat ere bai. Lanean gogor ariko gara sektore garrantzitsuek bat egiteko helburu horrekin. Bigarrenik, eraldaketarako bideari ekin zaio, eta gizartean zabalduko dugu, gugandik hasita. Ez da zaila izango, gure alderdiak landu baititu gehien bakea eta bakearen hizkera eta praktika. Eta garesti ordaindu dugu hori. Orain, are sakonago ariko gara, metodo eta bide berriz.

Gainera, lanean ariko gara bermatzeko prozesu hau alferrik ez galtzea eta probokaziorik edo sabotajerik ez izatea. Gizarte baketsu bat amesten dugu, eta berdintasunez bizi nahi dugu, elkarbizitza onean. Gure helburua zera da, horren aldeko mugimendu unibertsala osatzea, gure eskualdean hasita. Azken batean, mundua eraldatu nahi dugu. Helburu handi-handia da, baina konfiantza dugu geure buruarengan eta Ocalanen pentsamenduaren indar eraldatzailean.

Lege aldetik, zer behar da Ocalanek egokiro eta aktiboki parte hartzeko prozesuan?

Lehen pausoa zera da, bakarraldia bukatzea, lehenbailehen. Modua jarri behar da Ocalanek bere lana egin ahal izateko, hau da, hura aske utzi behar dute. Garai berri honetan arrakasta lortuko bada, Ocalan libre utzi behar dute.

Lehenbizi zer egin behar luke Turkiako Gobernuak bake prozesuan laguntzeko?

Ocalanen deialdia gobernuarentzat ere bada: ukoaren politika baztertzeko gonbita da, berdintasunezko elkarbizitzarako legedia ezartzekoa. Gonbita da duintasuna itzul diezaieten orain arte ukatuak eta baztertuak izan diren gizarte sektoreei.  

«Ocalanen deialdia gobernuarentzat ere bada: ukoaren politika baztertzeko gonbita da, berdintasunezko elkarbizitzarako legedia ezartzekoa»

Horretarako, lehenbizi, gobernuak atzera bota behar ditu bakartze neurriak. Parlamentuak batzorde bat eratu behar du lehenbailehen, alderdi guztiek osatua, lege erreformak egiteko. Kartzeletan dauzkaten milaka preso politiko aske utzi behar dituzte. Eraldaketa horren oinarria politika demokratikoa da, eta legeen eta konstituzioaren erreformak bermatu behar dira, politika demokratikorako bideak zabaltzeko. Baztertu egin behar da gobernuak udaletan ikuskatzailea jartzeko ohitura, estatu kolpe moduko bat baita praktika hori. Bertan behera utzi behar dira jardun militarrak, eta modua jarri behar da PKK-k bere gain har dezan dagokion erantzukizuna. Horri esaten diogu «politika demokratikoan parte hartzeko bidea jartzea». Pauso horiek eman ezean, ezinezkoa izango da alde bakarretik aurrera egitea prozesuan.

Otsailaren 27an Ocalanekin egon zen ordezkaritzan kide gehiago zeuden aurrekoetan baino: zazpi lagun. Denek segituko dute talde horretan aurrerantzean?

Ocalanek bere mezua igorri duenez gero, utzi egin behar litzaioke eztabaidatzeari noiz joango den ordezkaritza eta nork osatuko duen taldea. Ez du zertan ordezkaritza bakarra izan: ordezkaritza bat baino gehiago izan daitezke. Ocalan jaunak modua izan behar du noiznahi harremanetan egoteko berak nahi duen sektorearekin.

Zer egin behar luke nazioarteko komunitateak prozesu berrian?

Badakigu munduan milioika lagunek —eta oraintxe gogoan dut Euskal Herriko jendea bereziki— klaserik gabeko mundu bat amesten dutela, zapalkuntzarik eta gerrarik gabeko mundu bat. Gure lagun asko bat datoz ikuspegi horrekin. Haien bihotza taupaka ari da gurearekin batean.

Deialdi hau ez zaio PKKri edo gobernuari bakarrik egin: bakea nahi duten guztiei egin zaie. Deialdi unibertsala da. Zapaldutako herri eta klase guztiei egina da. Milioika gara, eta indartsuagoak gara botereari eustearren gizadiari gerra eta sufrimendua inposatzen dizkioten haiek baino.

Besterik gehitu nahi duzu?

Uste sendoa dugu prozesu honetan; esperantza badugu, eta gogotsu gaude. Elkarrekin arituta, garai baketsu bat ekar dezakegu. Mundu guztiari eragingo dio Ekialde Hurbilean hasitako aldaketa eta transformazio prozesuak. Gogo biziz diosal egiten diegu gurekin batera taupaka ari diren guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.