Zurrumurruak baino ez zirenak egia bihurtu dira gaur: Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren sortzaile eta liderrak armak uzteko eta taldea desegiteko deia egin du. Kurduen aldeko DEM alderdiko ordezkaritza batek eman du Ocalanen erabakiaren berri, harekin bildu ondoren egindako prentsaurreko batean. «Gizarte eta politika demokratikoek soilik bermatu ditzakete askotariko identitateekiko errespetua, adierazpen askatasuna eta antolakuntza demokratikoa», esan du. Hori bai, argi utzi du zein izango liratekeen bere marra gorriak: «Bereizita dauden nazio estatuak, federalismoak, autonomia administratiboak eta irtenbide kulturalak, zeinak muturreko nazionalismoaren ondorioak diren, ez dira aukera bat».
PKKren sorrerara egin du atzera erabakiaren nondik norakoak azaltzeko: «XX. mendean jaio zen, inoizko indarkeriarik handiena izan zen mendean; baita kurduen errealitatea eta eskubideak zapaldu zirenean ere». Baina gauza batzuk aldatu egin dira. «Teoriari, programari, estrategiari eta taktikari dagokienez, PKK-k XX. mendean indarrean zeuden sistema sozialisten eragin handia izan du. Sozialismoaren gainbeheraren, herrialdeko identitateak aitortzen hasi izanaren eta adierazpen askatasunean eman diren aurrerapausoen ondorioz, ordea, hasieran zuen zentzua galdu du PKK-k. Horrek beharrezko egiten du hura desegitea», adierazi du Ocalanek.
«Gizarte eta politika demokratikoek soilik bermatu ditzakete askotariko identitateekiko errespetua, adierazpen askatasuna eta antolakuntza demokratikoa»
ABDULLAH OCALANPKK-ko burua
Hori bai, nabarmendu du «politika demokratikoaren eta esparru judizialaren» aitortza ezinbestekoa izango dela PKK-k, «praktikan», armak uzteko. Horretarako, turkiarren eta kurduen arteko «harreman historikoei» segida emateko beharra aipatu du: «Gutxienez mila urtez, turkiarrek eta kurduek iritzi izan diote ezinbestekoa dela beren arteko aliantzari eustea, botere hegemonikoei aurre egiteko eta beren existentzia ziurtatzeko». Ocalanen arabera, azken 200 urteetako «kapitalismo modernoak» aliantza hori haustea izan du helburu; orain, «oso ahul» dagoen «harreman historiko bat» eraberritzea eta indartzea dagokiela uste du.
Ocalanek egin du eskaera: «Egin ezazue kongresu bat, eta hartu erabakia: talde guztiek armak utzi behar dituzte, eta PKK desegin behar da». Orain, ikusteko dago PKK-ko kideek haren exijentziei men egingo ote dieten. Turkiako hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, PKK-ko «kide gehienek» kasu egingo liokete, baina litekeena da fakzio batzuek borroka armatuarekin jarraitu nahi izatea. Bestalde, ikusteko dago Turkiako Gobernuak zer-nolako kontzesioak egiten dizkien kurduei, aintzat hartuta azken hilabeteotan areagotu egin dituela haien aurkako erasoak. Duela 40 urte sortu zen talde armatua, 1984an, eta ordutik egon izan dira ados jartzeko saiakerak. Azkena, 2013 eta 2015 urteen artean, baina huts egin zuen.
«Komunikatu historikoa»
DEM alderdiak atzo jakinarazi zuen bere ordezkaritza bat Ocalani bisitan joatekoa zela gaur, eta, ondoren, «komunikatu historiko bat» ematekoak zirela; ordutik bolo-bolo zabaldu da uste bat: zerbait garrantzitsua gertatzekoa zela bai Kurdistanen eta Turkian, bai nazioartean. Horren adierazgarri izan da, halaber, telebista pantaila handiak jarri dituztela Turkiaren menpeko Ipar Kusdistanen, prentsaurrekoa zuzenean ikusi ahal izateko.
Horrez gain, Ocalanekin bildu aurretik komunikatu bat zabaldu dute DEM alderdiak eta beste eragile kurdu batzuek, eta nabarmendu dute ez borrokak, ez kurduen aurkako jarrerak, ez dutela «ezer onik» ekarriko. «Herri kurduaren kausa legitimoak askatasunerantz aurrera egiten duen bitartean, ez dago zalantzarik milioika kurduk bide orri hau babestuko dutela», idatzi dute komunikatuan.
Abendu amaieratik hona DEMeko ordezkaritza bat Ocalanekin bildu den hirugarren aldia izan da gaurkoa; halere, aurreko bilkuretan baino jende gehiagok parte hartu ahal izan du oraingoan, Turkiako Justizia Ministerioak hala baimenduta. Prentsaurrekoa egin ordez, aurreikusita zegoen Ocalanek berak ematea erabakiaren berri, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, baina horren aurka agertu da Turkiako Justizia ministro Yilmaz Tunc, argudiatuta horrek urratu egingo lituzkeela Ocalani ezarritako espetxe zigorraren baldintzak. PKK-ko liderra 1999. urtetik dago preso Imraliko kartzelan, eta urteotan guztiotan bakartuta egon da.
Ocalanek eta Turkiako Gobernuak joan den urte amaieran abiatu zituzten berriz negoziazioak, MHP Turkiako Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko buru Devlet Bahcelik eman zuen horren berri. Ocalani Turkiako Parlamentura joateko gonbita egin zion, han formalki PKK-k armak utziko zituela iragarri zezan. Are, Bahcelik atea ireki zion Ocalani mesede egingo liokeen lege prozedura bat abiatzeari; hark bizi osoko kartzela zigorra baztertzen zuen, eta espetxe zigorrak 25 urtera mugatu. PKK-ko buruak 26 urte daramatza preso.