Serbay Koklu. Ocalanen abokatua

«Ocalanek 27 urte daramatza irtenbide baketsu baten bila»

Abdullah Ocalan buruzagi kurduak hogei urte daramatza preso, eta tarte horretan Turkia haren eskubideak murriztuz joan da apurka. Haren abokatuek salatu dute orain lege aholkularien bisitak ukatu dizkiotela, osasun krisia aitzakiatzat hartuta.

ORSOLA CASAGRANDE.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Sei hilabete bakartuta egin ostean, joan den martxo hasieran, Mehmetek, Abdullah Ocalan PKK-ko sortzailearen anaiak, buruzagi kurdua ikusi ahal izan zuen Imraliko uharte espetxean. Bisitarako baimena, Mehmetek berak telefonoz dioen moduan, kurduek nazioartean egindako presioari esker eman zioten. Joan den otsailaren 27an, sute izugarri bat piztu zen irlan, eta kurduak berehala irten ziren kalera.

Ocalan Imralin dago 1999ko otsailetik, eta haren abokatuek ere eskatu dute hari bisita egiteko baimena, baina agintariek entzungor egin diete haien eskariei.

Serbay Koklu abokatuak baieztatu dio BERRIAri Ocalanen anaiarena eta buruzagi kurduarekin batera preso dauden beste hiru pertsonaren senideena izan dela 2019ko abuztuaren 12tik baimendutako bisita bakarra. «Guk ezin izan dugu gure bezeroa ikusi 2019ko abuztuaren 7tik».

Koronabirusaren pandemiak arriskutsuago bilakatzen du Imraliko egoera ezegonkorra. Ocalanek lehendik ere baditu hainbat osasun arazo, eta zuek hainbat eskari aurkeztu dizkiozue agintariei. Zeintzuk dira eskari horiek?

Pandemia oso azkar zabaltzen ari da mundu osotik, eta etorkizuna ez dago argi. Egoera «normalean» dagoen jendearentzat krisi honi aurre egitea zaila bada, irudikatu genezake zein zaila izan daitekeen hori aske ez diren pertsonentzat. Tamalez, espetxeetako ingurunea ezin hobea da birusak zabaltzeko. Ikusten ari gara herrialde aberatsak dituzten zailtasunak, eta beraz, irudikatu genitzake Ekialde Hurbileko herrialdeek dituztenak.

Ocalan erabateko bakartzean edukitzeak, bere adina [73 urte] eta arnasa hartzeko arazoak dituela kontuan hartuta, behartzen gaitu gure ahalegin guztiak Imraliko espetxean jartzera. Gainera, kurduentzat Ocalan euren buruzagia da, eta berarekin zerikusia duen edozerk milioika pertsonari eragiten die.

Gure jardunean, astean bitan aurkeztu ditugu bisitak egiteko eskaerak; senideek, berriz, astean bat aurkezten dute. Baina pandemia zabaldu zenetik haren osasun egoerari buruzko informazio zehatza ere eskatzen hasi gara.

Eskatu dugu lau presoei [kurduei] eta espetxeko langileei beharrezko babesak emateko, eta errespetatu eta hobetu daitezela garbitasun neurriak. Horrez gain, gure bezeroa ikusi ahal izatea ere eskatu dugu. Beste eskari bat izan da senide eta abokatuei telefonoz deitzeko eskubidea bermatzea, bisitak mugatu edo bertan behera utzi dituztelako askotan. Imraliko presoei inoiz ez zaie onartu telefonoz deitzeko eskubidea. Tamalez, oraindik ez dituzte gure eskariak erantzun.

Duela gutxi, txosten bat argitaratu duzue, Ocalanen eta beste presoen eskubide urraketak salatuz. Zehazki, etengabeko zigorrak nabarmendu dituzue. Zer-nolakoak dira zigor horiek?

Imraliko espetxea da legez kanpoko neurrien eta bidegabekerien adibiderik onena. Espetxe hartan lege bermea ia desagertuta dago. Azken bi urteotan diziplina zigor bidegabeak eta legez kanpokoak ezarri dizkiete, senide eta abokatuen bisitak ukatu izana argudiatzeko. Zigorrak eta horiek ezarri izanaren arrazoiak aztertzen baditugu, ikusiko dugu guztiak berdinak direla. Data eta txosten zenbakia soilik aldatzen dira, baina edukia bera da, nahiz eta guri beti ohiko erantzuna ematen diguten: zigortuta dago.

Imraliko espetxe uhartea eta azken 21 urteetan han gertatu dena adibide egokiak dira herrialdeko testuinguru bidegabea ulertzeko. Eskariak bidali ditugu nazioarteko erakundeetara, tartean baita Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeari eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiari ere, baina tamalez ez dute neurri eraginkorrik hartu.

Azkenik, joan den martxoan, Imraliko sutearen ostean, Mehmet Ocalanek eta beste hiru presoren senideek sartu ahal izan dute presondegian. Zer mezu helarazi dizue Ocalanek?

Beste batzuetan bezala, Ocalanek Ekialde Hurbilerako eta Kurdistanerako bere irtenbideak zabaltzeko baliatu du aukera oraingoan ere, Bere anaiarekin izandako azken aurrez aurrekoan, Ocalan kezkatuta agertu da Ekialde Hurbilean sendotu egin direlako gerra politikak, eta aldi berean, berak «Imrali jarreraren» eta «bizirik irautearen» politiken beharra eta bideragarritasuna defendatu ditu.

Alde horretatik, «hiru hankeko mahaiaren»metafora ekarri du gogora, eskualdeko herrialde guztietarako balio dezakeena. Mahaiaren bi hankak bi estatu subirano ordezkatzen dituzte, gatazkaren eta polarizazioaren kulturatik bizi direnak, eta horri lotutako soziologia bultzatzen dutenak; hirugarren hankak herri kurdua ordezkatzen du, Ocalanek 50 urte baino gehiagoan zutik mantendu duena, baita gainontzeko herri guztiak ere, beren nortasunekin eta indar demokratikoen arteko harremanekin. Ocalanek esan zuen hirugarren hanka hori oinarrizko indarra dela iraultza demokratikoa eta irtenbide orokor bat lortzeko. Metafora ulertzeko, adierazgarria da Rojavako adibidea.

Ocalanek behin eta berriz errepikatu izan du prest dagoela negoziazio mahaian esertzeko. Zergatik jarraitzen du Turkiako Gobernuak entzungor egiten?

«Kurduen auziak», esaten dioten moduan, 150 urte baino gehiago ditu, turkiar eta kurduei dagokienez, baina, Ekialde Hurbilaz ari bagara, lau mende baino gehiago daramatza mahai gainean. I. Mundu Gerra ostean sortutako sistema kapitalistan garatutako estatu nazioen testuinguruan, mundu mailako arazo bilakatu dira eskualdeko politikak. Alde horretatik, Ocalanek arazo honen irtenbidea deskribatzen du «korapilo gordianoa» askatu beharko balitz bezala,eta Ekialde Hurbilaren demokratizazioaz hitz egiten du; horrek ekarriko luke kurduen askatasunerako bidean aurrea egitea.

Ocalanen borrokaren zati handi bat kurduen izaeraren eraikuntzan datza, genozidio politiken aurka borrokatzen den herri gisa, eta azken 27 urteotan saiatu da kurduen auziarentzako irtenbide baketsu bat aurkitzen.

Ocalanen ideien arabera moldatu dute kurduek beren izaera, eta horri esker jarraibide bilakatu dira, ez bakarrik Ekialde Hurbilerako, baita kurduak bizi diren herri guztietako demokrazia eta askatasun eredu ere. Ocalanek lanean jarraitzen du epe ertain eta luzean demokrazia lortzeko, garatu dituen kultura eta paradigmaren bitartez; baina, aldi berean, galerak saihestu nahian ari da, berehalako irtenbide bat aurkitzeko lanak azkartuz. Haren ahaleginak lehen baino indartsuagoak eta eraginkorragoak dira.

Hala ere, kurduen auziak botere elite batzuk ere sortu ditu, euren interesak dituztenak eta auzi horretaz elikatzen direnak. Elite horiek herrian eta nazioartean dute oinarria. 2013ko eta 2015eko elkarrizketek sortutako testuinguruak frogatzen du egitasmo horiek babes handia dutela gizartean, eta hori ez dute gustuko aipatu ditudan eliteek. Ezinegon hori da negoziazioei ezetz esaten jarraitzeko arrazoia.

Hori argituta, esan beharko litzateke egungo egoera kaos bat dela, eta kaos horrek berak irtenbide baterako aukerak sortzen dituela. Horregatik, ezin dugu eskatu eta zain geratu. Beharrezkoa da borroka demokratiko bat eraikitzea, ekintza antolatu eta zabalago baten bidez.

Zein da Europarentzako duzuen mezua?

Estatu Islamikoaren eta COVID-19aren mehatxuek frogatzen dute, berriz ere, egungo arazoak mundu osokoak direla, eta, beraz, irtenbideak ere unibertsala behar du izan. Herri kurdua ez da mugatu Estatu Islamikoaren aurrean bere burua defendatzera; horren ordez, eutsi egin dio etorkizuneko proiektu zabalago bat babestuz. Ocalanen paradigmaren barruan, proiektu horrek hiru zutabe ditu: demokrazia, genero berdintasuna eta ekologia. Haren proiektua mundu osoarentzat da baliagarria.

Imraliko bakartzeak eta eskubiderik ezak ondorioak dituzte herrialdean dauden gainontzeko presoengan. Hala ere, Imrali bilakatu daiteke giza eskubideak lantzeko laborategi bat. Horretan, Europarentzako gure mezua horixe bera litzateke: denon artean defendatu eta aldarrikatzea Imraliko espetxean jazarpenaren aurka daramaten erresistentziaren kultura demokratikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.