Mende laurden bete da Turkiako zerbitzu sekretuek Abdullah Ocalan atxilotu zutenetik, Kenyan. PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaile eta buruzagiak 25 urte pasatxo eman ditu Imrali uhartean (Turkian) espetxeratuta. Urte asko bakarrik igaro ditu Ocalanek han, eta, gaur egun, guztira lau preso daude uharte horretan espetxeraturik. Turkiak abokatuen bisita gutxi baimendu dizkio Ocalani, eta azken hiru urteak bakartuta eman ditu, kanpoko inorekin harremanik izan gabe. PKK-ko buruaren egoera salatu du bere abokatua den Ibrahim Bilmezek (Diyarbakir, Kurdistan, 1977); EH Bilduk eta LABek gonbidatuta izan zen Euskal Herrian, hilaren 8an, hitzaldi bat ematen.
Zer egoeratan bizi da Ocalan gaur egun kartzelan?
Hiru urte dira haren berririk ez dugula, ez dakigu ezer. Haren familiak 2021eko martxoan hitz egin zuen azkenekoz harekin, telefonoz. Anaiari bere abokatuekin hitz egin nahi zuela esan zionean, deia moztu zuten espetxekoek. Harrez geroztik ezin izan dugu harekin hitz egin.
Imralin beste hiru espetxeratu daude, eta horietaz ere ez dakigu ezer. Bakoitza bere ziegan dago, eta ia ez dute elkar ikusten. Ez dut uste Europako Batasunean Imralikoaren moduko espetxerik dagoenik.
Turkiak zer argudio ematen ditu bisitak ez baimentzeko?
Abokatuoi sei hilabetero esaten digute galarazita daukagula harekin biltzea, baina ez digute arrazoi zehatzik ematen. Esaten diguten bakarra zera da: diziplina arrazoiengatik dela. Baina ez dute zehazten zer diziplina urraketa diren.
Ez dago oinarri legalik ezarri duten bakartzerako, eta haiek hori badakite. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurkako neurriak dira; are gehiago, NBEren [Nazio Batuen Erakundearen] giza eskubideen aldeko erakundeak Turkiari agindu dio Ocalanekin duen jarrera amaitzeko. Baina Turkiak ez du ezer egin egoera aldatzeko.
Zer esan nahi du Ocalanek kurduentzat? Ekintzaile politiko bat da, edo hori baino gehiago?
Emozionalki oso harreman estua dago Ocalanen eta herrikideen artean. Beren buruzagi politikotzat ikusten dute, baina beren nahi guztien ahots nagusitzat ere bai. Haren aurka egiten den edozein ekintza kurdu guztien aurkako ekintzatzat daukate.
Kurdu orok modu berean ikusten du afera: Ocalanek bakartuta jarraitzen badu eta ez badugu hari buruzko informaziorik, gerra areagotu egingo da. Ocalan bakartuta dagoen bakoitzean gerra pizten da; gaur egun bezala.
Nola defenda daiteke norbait haren berririk izan gabe?
Lan oso zaila da. Guk ere ez dakigu oso ondo nola defenda daitekeen norbait egoera horretan. Azken hiru urteetan prozedura administratibotik at utzi dute Ocalan, ez digute inolako informaziorik ematen.
Imralin Turkiako espetxe politika errespetatzen da?
Turkia Ocalanekin hasi zen bere legedia eta konstituzioa urratzen. Hamaika aldiz salatu dugu egoera, baina inork ez gaitu entzuten. Gaur egun gauza bera ari da gertatzen Turkia osoan, ez bakarrik Imralin. Abokatu, irakasle, akademiko eta gobernuz kanpoko erakunde andanak salatu du Turkian jada ez dagoela zuzenbide estaturik. Gobernua ez da betetzen ari Auzitegi Konstituzionalaren epaiak.
« [Turkiak] Nazioartearen presioa ez badu nabaritzen, ez du bertan behera utziko Ocalanen bakartzea».
Europatik ez da erantzunik egon?
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, 2005ean emandako epaian, adierazi zuen Ocalanek berriz epaitua izan behar zuela, baina Turkiak ez du hori bete. 2014an, bestetik, bizitza osorako sententzia legez kontrakoa dela adierazi zuten. Turkiari legedia aldatzeko eskatu zioten, gaur egungo sententzia torturatzat hartzen baitu auzitegiak. Ankarak, ordea, ez du erantzun.
Kurdistandik at bada Ocalanen eta PKKren aldeko ekintzarik?
Nazioartean hamaika ekinbide daude, eta guk lan diplomatiko andana dugu esku artean. Adibidez, azken kanpaina honetan —Askatasuna Ocalanentzat— ez daude politikariak soilik, gizarteko beste eragile batzuek ere parte hartu dute: intelektualek, sindikatuek eta era guztietako ekintzaileek, besteak beste. Beraz, esan dezakegu kezka ez dela bakarrik politikoa.
Iaz, 350 abokatuk baino gehiagok adierazi ziguten Ocalan defendatu nahi zutela. Herrialde askotako diputatuek jakinarazi diote Turkiari Ocalan bisitatu nahi dutela, baina ezinezkoa da. Gainera, ezin da ahaztu Kurdistango eremu guztietatik babesten gaituztela.
Zergatik da garrantzitsua Ocalanen kasua nazioartera eramatea?
Oso ondo ezagutzen dugu Turkia. Nazioartearen presioa ez badu nabaritzen, ez du bertan behera utziko bakartzea. Tamalez, Europak ez du presio handirik egin orain arte, Turkian interes politiko eta militar asko baititu.
Gure helburua, ordea, ez da herrialdeak mugiaraztea, gizarte zibilean eragitea baizik. Iritzi publikoak egia ezagutuko balu, Turkiaren aurka ekingo luke.