Obamarentzat, «historikoa» da Argentinako trantsizioa

Macriren aurka manifestatu dira langile publikoak.Maiatzeko Plazako Amonek ez dute AEBetako presidentearekin elkartu nahi izan

Ane Urrutikoetxea.
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Argentina bi egunez bisitatu du Barack Obama AEBetako presidenteak. Atzo iritsi zen Buenos Airesera, familiarekin, eta bertan Argentinako presidente Mauricio Macrirekin bildu zen. Bi presidenteek prentsaurrekoa eman zuten, eta Obamak babesa agertu zion Argentinaren «trantsizio historikoari», Macrik hartutako bide berria onetsiz.

Argentinako presidenteak soilik ehun egun daramatza karguan, baina herrialdeak hartu duen bide berriarekin «harrituta» gelditu da Obama: «Mauricio Macrik ehun egunetan hartutako erabakiekin harrituta gaude; hemisferio honetako gainontzeko herrialdeentzat eredugarria da denbora honetan egin duen lana». Argentinarekin elkarlanean hasteko prest dago AEBetako presidentea, eta Macriren gidaritzapean, Argentina lurraldeko «lidergoa» hartzen ari dela adierazi du.

Dena den, Macriren neurriek ez dute harrera ona izan langile eta sindikatuen artean. Hain zuzen, atzo 24 orduko greba hasi zuten hainbat langilek, estatuarentzat lan egiten zuten milaka langileren kaleratzeen aurka protesta egiteko. Horrekin batera, manifestazioa egin zuten udaletxe aurrean.

Diktaduraren oihartzunak

Argentinako diktadura hasi zela 40 urte beteko dira gaur, eta biktimei omenaldia egingo die Obamak Memoriaren Parkean. Dena den, Argentinako Giza Eskubideen Erakundeek uko egin diote AEBetako presidentearekin elkartzeari, oraindik ez dela garaia adieraziz. Maiatzeko Plazako Amonen presidente Estela de Carlottoren arabera, «mingarriegia» da gaurko egunean Obamararen bisita jasotzea: «Gaurko egunean, 40 urtez jasandako gertaera lazgarri batzuk gogoratzen ditugu; gertaera horiek oraindik ez dute erantzun logikorik jaso. Beraz, guretzat ez da bertan egoteko garaia oraindik».

Atzoko hitzaldian, AEBetako argibide zerbitzuek diktaduraren inguruan dituzten dokumentuak irekiko dituela hitzeman zuen Obamak. Maiatzeko Plazako Amonentzat, albiste ona da hori, baina ez da nahikoa: «Orain, justiziaren laguntza eskatzen dugu, gure iloben nortasuna ezagutzen lagundu gaitzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.