Obamak elkarlana eskatu du defizitari aurre egiteko

Zerga amildegia saiheste aldera, Alderdi Errepublikanoarekin negoziatzeko prest agertu da bozen osteko lehen hitzaldianDatorren astean bilduko dira bi alderdiak, Etxe Zurian, ekonomiari buruz hitz egiteko

Samara Velte.
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Amerikarrek badakite Kongresuan iritzi desberdinak eta desadostasunak daudela; hori ulertzen dute. Onartuko ez dutena disfuntzioa da». AEBetako arazo ekonomikoak konpontze aldera, Alderdi Demokrataren eta errepublikanoaren arteko elkarlana eskatu du Barack Obamak, bigarrengoz presidente hautatu zutenetik emandako lehen hitzaldian. Astearteko hauteskundeen ondotik, «berriz lanera» itzuli da, «nahi beste lan badago eta». Datorren astean, Etxe Zurian bilduko dira bi alderdiak, ekonomiaz aritzeko.

AEBetako defizita «modu orekatu eta arduratsuan» murrizteko neurriak onartu nahi ditu Obamak. Horretarako, ordea, Kongresuan gehiengoa duen Alderdi Errepublikanoarekin ados jarri beharko du urtea amaitu aurretik; bestela, zerga amildegia jarriko da indarrean 2013ko urtarrilaren 1ean. «Urte amaieran dugu epemuga», esan du presidenteak: «Bestela, erdiko klasearengan eragin erraldoia izango duten erabakiak hartu beharko ditugu».

Errepublikanoek eta demokratek Kongresuan akordiorik lortzen ez badute, estatubatuarrek egoera ekonomiko zailari egin beharko diote aurre 2012 amaieran. Izan ere, kasu horretan, automatikoki sartuko da indarrean 2011ko Aurrekontu Kontrolen Legea, eta hamar urtean 1,2 bilioi dolar aurrezteko prozesu luze eta mingarriari ekingo diote. Alde batetik, orain arte indarrean egon diren hainbat zerga jaitsiera eta kenkari amaituko dira. Beste era batera esanda: denentzat igoko dira zergak. Bestetik, Obamaren osasun programa finantzatzeko ere igo nahi ditu zergak.

Hori guztia gutxi balitz bezala, AEBen zorrak goia joko du urte amaierarako, eta horri aurre egiteko, murrizketak egingo dituzte gastu publikoan. Defentsa gastuetan, %9,4, eta besteetan, %8,2. Denera, 560.000 milioi dolar gutxituko litzateke defizita, baina horrek ekonomia atzeraldian sartuko luke, BPGa lau puntu txikituta. Langabezia ia puntu bat igoko litzateke. Barron's finantza egunkariaren arabera, gobernuaren mila programa ingururi eragingo diete mozketek; ez, ordea, Gizarte Segurantzari, osasun programei eta pentsioei.

Mozketak eta zerga igoerak, biak konbinatu nahi dituzte demokratek; zerga igoerarik ez dute nahi errepublikanoek. Nahi izanez gero, negozia ditzakete erdibideko neurriak, hazkunde apalagoa eragingo dutenak; baina, orain arte, errepublikanoek Obamaren asmoak oztopatu dituzte Kongresuan.

Bart Etxe Zurian emandako hitzaldian, Obamak esan du «konpromisora eta proposamen berrietara irekita» dagoela. Muga jarri du, ordea: «Ez dut onartuko orekatua ez den proposamenik. Ez diet ikasleei, erdiko klaseko familiei eta erretiratuei ordainaraziko nik bezala urtean 250.000 dolar baino gehiago irabazten dituztenek ordaindu nahi ez dituzten zentaboak».

Zergen auzia oso presente egon da hauteskunde kanpaina osoan: Alderdi Demokrataren proposamena izan da aberatsei zergak igotzea, diru sarrera ertainak dituztenei jaisteko. Obamak horri eutsi dio: «Kongresuan ez badugu ados jartzea lortzen, denon zergak igoko dira, baita urtean 250.000 dolar baino gutxiago irabazten dituztenenak ere, eta hori ez du inork nahi. Erdiko klaseari zergak jaitsiz gero, herritarren %98k eta negozio txikien %97k beste segurtasun batekin hasiko dute urte berria». Obamaren arabera, herritarrek hauteskundeetan erakutsi dute ados daudela asmo horiekin: «Elkarlana eta adostasuna nahi dituzte. Senatuak onartu du lege proiektua; orain, Ordezkarien Ganberaren egintzak falta dira».

Obamak baino ordu erdi lehenago eman zuen atzo John Boehner Ordezkarien Ganberako eledunak prentsaurrekoa. Hitz egiteko prest agertu zen, baina Alderdi Errepublikanoaren jarrerari eutsi zion, zerga igoerez mintzatuta: «Mundu guztiak eskatzen dizkigun lanpostuak sortzeko gaitasuna galduko genuke zergak igoz gero».

Kanpo politikako erronkak

Etxe barrutik ez ezik, bizilagunen partetik ere ari zaizkio erreklamazioak heltzen Obamari. Hainbat herrialdetako buruzagiek hauteskundeen osteko zorion agurrak probestu dituzte euren eskakizunak egiteko. Mexikoko Senatuak ere arreta eman dio: lehentasuntzat har ditzala immigrazio legeak, ez baititu alferrik eskuratu Latinoamerikako etorkinen botoak. Mexikoko Senatuaren arabera, Mexikok «bere gain hartu ditu igarotze, helmuga eta abiapuntu herrialde gisa dagozkion ardurak», eta AEBek ere berdin jokatu behar lukete, immigrazio erreforma bat onartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.