NZAk berriz ireki du Filipinetako drogaren kontrako gerraren ikerketa

Auzitegiak argudiatu du Manilak aferaz harturiko erabakiak ez direla nahikoa izan. Duterteren agintaldian 30.000 lagun hil zituzten

Ehorzketa etxe bateko bi langile, droga trafikatzailea zelakoan hil zuten pertsona baten gorpua eramaten, Manilan. EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak berriz ireki du Filipinetako drogaren kontrako gerrari buruzko ikerketa. 2021eko azaroan eten zuen —herrialde horretako gobernuak eskatuta—, baina orain baiezkoa eman dio fiskaltzaren eskariari, argudiatuta, besteak beste, Manilak azken urtean bidalitako frogak eta auzi horretaz hartu dituen erabakiak ez direla nahikoa izan.

«Filipinetako Gobernuak bidalitako materiala eta biktimen oharpenak aztertu ondoren, auzitegi honek ondorioztatu du etxeko [Filipinetako] erabakiek ez dutela ondorio gisa izan pauso zehatzik edo nabaritzeko modukorik. Kolektiboki aztertu dira zenbait ekinaldi eta prozedura, eta ez dute nahikoa islatzen auzitegiaren ikerketa», adierazi zuen NZAk herenegun harturiko erabakiaz, komunikatu baten bidez.

Salaketa giza eskubideen aldeko zenbait elkartek eta biktimen senideek aurkeztu zuten, 2018an. Drogaren kontrako gerra deiturikoa Rodrigo Duterteren agintaldian (2016-2022) izan zen, eta, Filipinetako agintarien arabera, 7.000 lagun baino gehiago hil zituzten narkotrafikoarekin lotuta Poliziak egindako sarekadetan. Giza eskubideen aldeko elkarteek, ordea, kalkulatu dute hildakoen kopurua 30.000 ingurukoa dela.

Estatuko indar armatuei eta sikarioei leporatzen dizkiete hilketa horiek, eta, salatu izan dutenez, narkotrafikoaren kontrako borrokaren zigorgabetasun giroa baliatu dute droga kontuak kitatzeko. Dutertek edozein susmagarriren kontra tiro egitera animatu zituen segurtasun indarrak.

2019az geroztik, Filipinak ez dira NZAren parte, baina auzitegiak argudiatu du baduela hilketa horiez ikertzeko eskumena, gertakari horiek herrialdea erakunde barruan zegoen garaikoak direlako. Halere, Manilak ez du kolaboratu ikerketetan, eta badirudi oraingoan ere ez duela kolaboratuko, Jesus Crispin Remulla Justizia ministroak gaur adierazi baitu haren gobernuek ez duela lankidetzarako asmorik: «Gu iraintzen ari dira».

Remullaren arabera, nazioarteko auzitegiak ez du «garai egokian» hartu ikerketa berriz irekitzeko erabakia, Filipinak «beharrezkoa dena» egiten ari baitira «sistema konpontzeko»; hau da, besteak beste, segurtasun indarren agentziak «hobetzea», Justizia ministroak argudiatu duenez. «Ez diot ongietorria ematen NZAren erabaki honi, eta ez diegu ongietorria emango argi uzten duten arte afera honetan errespetatuko gaituztela».

Jarrera aldaketarik ez

Ferdinand Marcos Junior da Filipinetako egungo presidentea, ezizenez Bongbong, eta Sandra Duterte da presidenteordea —aurreko agintariaren alaba da—. Ez batak ez besteak ez zuten adierazpenik egin atzo NZAren erabakiaz, baina, iragan hilabeteetan esan dutena kontuan harturik, badirudi ez dutela jarrera aldatzeko asmorik.

Joan den abuztuan, kasurako, estatuburuak adierazi zuen ez direla berriz nazioarteko auzitegiko kide bilakatuko.

Edonola ere, Manilaren hurrengo pausoa helegite bat aurkeztea izango da, NZAren erabakia bertan behera uzteko. Hori jakinarazi zuen atzo Filipinetako fiskal nagusi Menardo Guevarrak: «Ordenaren kopia ofizialik jaso ez dugun arren, gure asmoa da baliabide legal guztiak agortzea, eta, batez ere, afera NZAren apelazioen ganberara eramatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.