Norvegiak barkamena eskatu die herrialdeko gutxiengo etnikoei

Parlamentuan ebazpen bat onartu dute, zeinaren arabera sami herriak, kven etniak eta basoko finlandiarrek behartutako asimilazio bat, «norvegiartzea», pairatu duten mende batez baino gehiagoz.

Ekintzaile sami batzuk Norvegiako Errege Etxearen aurrean protestan, iazko martxoan. ALF SIMENSEN / EFE
Ekintzaile sami batzuk Norvegiako Errege Etxearen aurrean protestan, iazko martxoan. ALF SIMENSEN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko azaroaren 13a
10:00
Entzun

Iritzita behartutako asimilazio bat, «norvegiartzea», pairatu dutela mende batez baino gehiagoz, Norvegiako Parlamentuak barkamena eskatu zien atzo herrialdeko gutxiengo etnikoei; hau da, sami herriari, kven etniari eta basoko finlandiarrei.

Duela sei urte parlamentuak berak abiatutako prozesu baten ondorio da barkamena eskaera. 2018an, Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordea bultzatu zuen, aztertzeko jatorrizko herrialdeei zein politika ezarri zizkieten instituzioek. Batzorde horrek iazko ekainean aurkeztu zuen egindako lana biltzen zuen txostena.

Horren arabera, Norvegiako agintariak XVIII. mendean hasi ziren herrialde indigenak asimilatzen. 1851n praktika hori instituzionalizatu zuten, harik eta 1960ko hamarkadan pixkanaka-pixkanaka murrizten hasi ziren arte. 1980 ingurura bitartean, asimilazioa gauzatu zuten, besteak beste, Norvegiaren mendeko erakundeetan hizkuntza gutxituak debekatuz, eta herri batzuetako pertsona guztiak behartuta lekualdatuz.

Asimilazioa ikertzeaz arduratu den batzordeak joan den astean aurkeztu zituen erreparaziorako gomendio batzuk. Aholkuetako bat zen, hain zuzen, parlamentuak barkamena eskatzea. Eskatu zuen, gainera, adiskidetze horretarako zentro bat sortzea, baita, esaterako, herri indigenen hizkuntzen irakaste prozesuan inbertitzea ere. 2027tik aurrera, herri indigenen alde zer lan egiten ari den deskribatzen duen txosten bat aurkeztu beharko du gobernuak legegintzaldi bakoitzean.

Aurrerabidea eskuin muturreko alderdiak izan ezik, parlamentuan ordezkaritza duten gainontzeko alderdiek barkamen eskaera babestu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.