Malvinak beti itzultzen dira» borobildu du Edgardo Estebanek. Bare ari da, kafeari hurrupaka, bere bulegoko patxadan. Duela egun gutxi negar batean agertu da gizon hauxe bera dozenaka kazetariren aurrean. Londresen Argentinak duen enbaxadorearen eskutik duela 40 urte soldadu britainiarrek ostu zioten soldadu agiria jasotzeko ekitaldian izan da hori.
19 urte zeuzkan Estebanek 1982an, eta soldadutza egiten ari zen. Beste milaka mutil bezala —lubakitan izan ziren argentinarren erdiak baino gehiago zerbitzu militarrean ari ziren, Malvinatara bidali zuten, gerrara. Gorriak ikusi zituen. Gerrako bere ibilerak Iluminados por el fuego liburuan jaso zituen. Gaur Malvinetako Museoko zuzendari da Esteban, eta han hartu gaitu. «Arrakalaz jositako herrialdea da Argentina, baina Malvinak transbertsalak dira, eskuin muturretik ezkerreraino lotzen gaituzte. Tamalez, ez da sakontzen leku komun horren eraikuntzan. Baina egon badago. Hor dugu denok, futbol selekzioa bezala».
Eguzkiak xigortutako sama eta beso zuztarretan seinale du. Eztigilea da Carlos Miguelena, eta galtzak bete lan dabil asteotan, uzta-biltzea eta 40. urteurreneko ekitaldiak uztartuz. Hilabete pasatxoan pare bat dozena eskolatan izan da gerran bizi izandakoaz hitzaldiak ematen. «Niretzat giltzarri izan zen nerabeen aurrean hizketan hastea. Paradoxikoa da, baina askok hurbilekoenekin baino lehenago konpartitu ditugu gure sentipenak eta oroitzapenak ezezagunekin». ARAVeinticinco de Mayo hegazkinontzian egin zuen gerra, «egunean 24 orduz torpedokada noiz jasoko, tentsio betean ». Bosgarren belaunaldiko euskal-argentinarra da Miguelena, Lagun Onak euskal etxeko lehendakaria eta Malvinetako Beteranoen Elkarteko presidente da Pergaminon. Konpromiso handia du talde horrekin. «Iruditzen zait gerran hildakoen familiei inork ez diela inoiz jaramonik egin. Terriblea da».
'Desmalvinizazioa'
Gerrako minak isilpean jasan zituzten. Estebanek azaldu du arrazoi nagusia: «Apirilaren 2an Galtieri [Leopoldo, diktadorea] goratzera atera zen gizarte horrek berak ostikoka bota zuen ekainaren 14an. Gizarte horrek ez zuen Malvinei buruz hitz egin nahi. Hamar urtez inork ez zuen aitatu ere egin, ezta gobernuek ere. Desmalvinizazioa deitu zioten horri. Beteranoak, ordea, hor geunden! Hezur-haragizko jendea, bizirik! Oso gogorra izan zen».
Apurka-apurka isilaldia hausten hasi zen distantzia handitu ahala. Soldadu ohien taldeak sortu eta aitortza eskatzeak eragin zuen hori, hein handi batean. Lehenagoko mututasun hori esplikatzeko arrazoiak zerrendatu ditu Miguelenak: «Militarrekiko beldurrak izan zuen eragina hasieran... Gerra amaitu ahala hasi zitzaizkigun buru-janean: 'Malvinak pasatu dira, Malvinak iragana dira'... Gainera, gerra galdu zutenak ginen. Eta, jakina, muturreko bizipenak ere baziren barrukoak, askatzeko korapilo zailak. Lehen hamabi urteetan ez zioten beterano bakar bati deitu zer moduz zegoen galdetzeko. Ez zen laguntza psikologikorik batere eskaini. Latza da hori». Ondorioak ere latzak dira: gerratik bizirik ateratako 300 bat lagunek hil dute beren burua. «Gudu-zelaian hildakoak baino gehiago» dira, Estebanek azpimarratu duenez. «Trauma ondoko estresa gaixotasun kolektiboa da Argentinan», haren arabera. Ez da samurragoa Miguelenaren gogoeta: «Nik uste dut gerrak eragindako kaltea ezin duzula erauzi... buruan eramango dugu beti, heriotzara arte. Zoko batean edukitzen asmatzea da kontua, bizitzen jarraitu ahal izateko».
Maiatzaren 4a
2017an, aste oso batez, Oztibarre eta Arbaila eskualdeetako artxibategiak miatzen aritu zen Mariana Bedacarratz, harik eta bilatzen zuena topatu zuen arte. Aurkitu zuenean, pozak txoratzen, aitari deitu, Buenos Airesa, eta galdera bat egin zion: «Ezetz asmatu zein egunetakoa zen herenaitatxi?».
«Maiatzaren 4an sortu zen» kontatu du, aitak, Augusto Bedacarratzek. «Maiatzaren 4an! Ez al da kasualitate ikaragarria!?». 2020an aita-alabak elkarrekin izan ziren Ibarrolan, han aurkitu zuelako Marianak Argentinara estreina migratu zuen arbasoaren jaiotza agiria, 1821eko maiatzaren 4koa. Augustok kontu hauetaz nahiago du hitz egin 1982ko maiatzaren 4an egin zuenaz baino.
«Ikusmin izugarria zegoen, esperantza handia, baita mailarik gorenean ere. Ustez suntsipen gaitasun handia zuelako, baina inork ez zekien funtzionatuko ote zuen». Exocet misilaz hasi da, azkenik, Bedacarratz, 1982ko maiatzaren 4az. «Prestaketa dena ondo egin zen bezperatik, baina ziurgabetasun handia genuen, inork aurrez probatu gabeko arma sistema bat erabili behar genuelako». Gerra aurretik Frantziari erositako bost Exocet misil zituen Argentinak. Alor guztietan askoz prestakuntza eta teknologia hobea zuen Erresuma Batuko armadak, baina Argentinako ehiza-hegazkin pilotuek min handia egin zieten. Ziurrenik gerra osoko kolperik bortitzena Bedacarratzek gidatutako eskuadroiak eragin zien. Super Etendard ehiza hegazkinek itsas azaletik metro gutxira egin zuten hegan harik eta aurretik jasotako informazioa bisorean konfirmatu eta ontzi handi bat detektatu zuen arte. 11:04an Vasco Bedacarratzek katua sakatu zuen. «Misilak lau segundo behar ditu irteteko. Lau segundo... ez dirudi asko, ezta? Niri egun oso bat iruditu zitzaidan. Isiltasun luze bat, eta ez zen ezer pasatzen. Amaigabea egin zitzaidan. Bat-batean, misila askatu eta bazihoala ikusi genuen. Hura arindua». Bedacarratzek, eta, gero, haren kide Mayorak jaurtitako misilek HMS Sheffield destruktorea jo eta hondoratu zuten, Bigarren Mundu Gerraz geroztik urpera bidalitako lehen gerraontzi britainiarra izan zen. 22 lagun hil zituzten erasoan.
Gerrako irakaspenak
«Nik gerra hartatik nabarmentzen dudana da aberriaren alde aritu ginen guztiongan sumatu nuen izpiritua. Hunkitu egin ninduen orduan, eta hunkitu egiten nau», azaldu du Bedacarratzek.
Garai hartako agintarien jardunen inguruko irakurketak ez zaizkiola interesatzen dio; Migelenak, berriz, badu zeresana: «Ziur naiz gutako bakoitzak ahal izan zuen guztia egin zuela; pertsonaia horiek [Batzorde Militarrekoak] aldiz, inprobisatu egin zuten denbora guztian. Herritarrei gezurretan aritu ziren, gainera, 'Irabazten ari gara' esaka. Eta zertarako? Gobernu bat salbatzeko. Horixe zuten helburua: boterean gotortzea. Gerra hartatik zerbait positiboa erreskatatu badaiteke, demokraziaren itzulera da; ez besterik».
Ikusi gehiago:«Amari idatzitako gutunak aurkitu genituen gorpu batzuetan»
Malvinetako gerra 1982-2022
Nortasuneko zauria josi ezinda
Bihar beteko dira 40 urte Malvinetan gerra hasi zela. Hilabete lehenago Argentinako armadak hartu zituen Atlantikoko irlak. Sua, baina, maiatzaren 1ean piztu zen, uhartedia berreskuratzeko bonbardaketak hasi zituztenean britainiarrek. Porrotak azkena eman zion Argentinako diktadurari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu