Auzi zaharra da, baina ikertzaileak egiaren bila ari dira oraindik. Hainbat historialarik eta bestelako adituk eginiko ikerketa batek izen-abizenak jarri dizkio Anne Frank egunkari idazle nerabea eta haren familia nazien aurrean salatu zituen pertsonari. Ikerketaren arabera, Arnold van den Bergh notarioak esan zien okupatzaileei non ezkutatzen ziren franktarrak, «ziurrenera, bere familia salbatzeko». Izan ere, salatzailea bera ere judua zen.
Arnold van den Bergh notarioa. Salatzailea izatea leporatu diote ikertzaileek.BERRIA
Bi urte eman zuten Frankek eta haren senideek Amsterdameko zulo batean ezkutatuta. Frankfurtekoak ziren (Alemania), eta 1933. urtean Amsterdamera egin zuten ihes. Baina, naziek Herbehereak okupatu zituztenean, etxe batean ezkutaleku bat sortu zuten, ate bat apalategi batekin estalita. Zortzi pertsona saiatu ziren han bizirik irauten: Anneren gurasoak, haren ahizpa, beste familia bat eta dentista judu bat.
Bi urtez egon ziren han, eta, denbora horretan, neskatilak egunkari bat idatzi zuen, ezkutatuta bizitzea nolakoa zen kontatzeko, besteak beste. Baina, 1944. urtean, norbaitek Gestapori eman zion ezkutalekuaren berri. 1944ko irailean, Auschwitzera bidali zituzten. Bergen-Belsenen hil ziren Anne, ama eta ahizpa. Aitak bakarrik iraun zuen bizirik.
Sei urteko ikerketa
Ikertzaileek teknika modernoak erabili dituzte kasu zaharra argitzeko. Sei urtez aritu dira egia jakiteko lanean. Besteak beste algoritmoak erabili dituzte, pertsonen arteko loturak aztertzeko.
Van den Bergh notarioa ezaguna zen Amasterdameko komunitate juduan. Izan ere, hiriko Batzorde Juduko kidea izan zen; naziek juduen artean antolaturiko erakundea zen hori, euren politikak haiei errazago ezartzeko helburuz sortua. Naziek bertan behera utzi zuten batzordea 1943. urtean, eta kideak kontzentrazio eremuetara bidali zituen.
FBIko ikertzaile batek hartu du parte inkestan: Vince Pankokek. Haren arabera, Berghek okupatzaileen aurrean zituen pribilegioak galdu zituenean, «zer edo zer eman behar zien naziei, bera eta bere emaztea salbu egoteko aurrerantzean ere». Ikertzaileek hiriko fitxategietan aurkitu dutenez, Batzorde Juduko norbaitek juduen ezkutalekuen helbideak eman zizkien alemaniarrei.
Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Anne Franken aita Ottok bazekien Van den Berghek salatu zituela. Izan ere, beste ikertzaile baten agirien artean aurkitu zuten Ottori norbaitek bidalitako ohar anonimo bat, non notarioa seinalatzen zen. Ezaguna zen oharra, baina orain arte ez dute sinesgarritzat jo, teorian 1944. urterako Batzorde Juduko kide guztiak kontzentrazio esparruetan zeudelako. Ikertzaileek orain aurkitu dutenez, Bergh ez zuten deportatu, eta Amsterdamen jarraitu zuen, bizimodu normala egiten.
Pankokek onartu du Van den Berghen aurkako frogak ez direla zuzenak, besteak beste inork ez dakielako oraindik nork bidali zion oharra Otto Franki. «Halere, gure teoriak %85eko aukera du zuzena izateko».
As investigators dug into the question of who may have betrayed Anne Frank’s family to the Nazis, they began to focus on a suspect who was Jewish and, they say, likely used the information to save himself, his wife, and children from the genocide. https://t.co/Okgmh9LOOKpic.twitter.com/OiXCoOWsin
— 60 Minutes (@60Minutes) January 17, 2022