Hamabost hilabeteko erasoaldiaren ondoren, igandetik aurrera ekaitzaren osteko barealdiaren lehen fasea has liteke Gazan, baldin eta Israelgo Gobernuak behin betiko baiezkoa ematen badio Hamasekin adostutako akordioari. Finean, Tel Avivek hartuta dauka erabakia, gobernuko hainbat iturrik esana baitie nazioarteko zenbait hedabideri baietz, ministro gehienek akordioaren alde bozkatzeko asmoa dutela. Behin-behineko etenaldia abian jarri baino lehen, ordea, indar erakustaldi bat egin nahi izan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak: kabineteko sektorerik kontserbadoreenaren exijentziei men egiteko, batetik; eta azken bi urteetako meniarik esanguratsuenean azken hitza berak duela erakusteko, bestetik. Esateko: «Nik hala nahi dudalako iritsi da su etena».
Netanyahuk elika dezake propaganda, eta lor dezake ordu batzuetan albistegi guztietako protagonista izatea, baina nazioarteari interesatzen zaion norgehiagoka Ekialde Hurbiletik harago dago. Hamasek atzo arratsaldean menia onartzen zuela esan ondoren, astelehenean Etxe Zuriko maizter bihurtuko den Donald Trump izan zen akordioa egintzat eman zuen aurreneko liderra. Eta hark azken ordukoa eman ondoren, urgentziazko agerraldia egin zuen Joe Biden presidenteak, argi uzteko bere «diplomazia lan nekezari esker» jarri direla ados Israel eta Hamas; are, ez dezan inork ahaztu berak iazko maiatzean su etenerako aurkeztutako proposamena duela oinarri oraingoak.
Israelek atzera egiten ez badu, menia bi egun barru sartuko da indarrean, eta agian ordurako argituko da akordioak noren sinadura izango duen. Igandetik aurrera argitu beharko dituzte, ordea, gainerako zalantza guztiak: besteak beste, nora joango ote diren nora jo ez duten gazatar guztiak, eta nola egingo dieten aurre Israelgo armadaren triskantzaren ondorioei: materialei, fisikoei eta emozionalei. Ikusi beharko da, halaber, zer gertatuko den su etena bukatu ondoren, jakinik Israelek ez duela asmorik azken 75 urteko okupazio sistema bertan behera uzteko.
Hemen eta orain, garrantzitsuena zera da, sokatiran nork irabazi duen; presio egiteko botererik handiena nork duen; gizonena nor den. Beren buruari domina jarri nahi dioten horiei ahaztu egin zaie, ordea, bakearen aldeko ahaleginik txikienak ez duela konpentsatzen hamabost hilabetean Israeli emandako erabateko babes diplomatikoa, militarra eta ekonomikoa. Trumpi, Bideni eta Netanyahuri ahaztu egin zaie, halaber, eurak ez direla Gazaren aurkako oldarraldian zer esan daukaten bakarrak; negoziazio mahaian egon direla Egipto, Qatar eta, batik bat, Hamas ere.