Nord Stream 2 gas hodia defendatu dute Merkelek eta Putinek

Berlinek eta Moskuk adostu dute 2024tik aurrera ere martxan jarraituko dutela Ukrainako hodiek

Putin eta Merkel, atzo, Moskun. SPUTNIK / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Azken aldiz batzartu dira Alemaniako kantziler Angela Merkel eta Errusiako presidente Vladimir Putin, Merkelek bere kargua utzi aurretik. Afganistango eta Bielorrusiako egoerak aztertzeaz gain, bi aldeek Baltikoa zeharkatuko duen Nord Stream 2 gas hodiaren nondik norakoak izan dituzte hizpide. «Ez da bi aldeko proiektu errusiar-alemaniar bat; Europa mailako proiektu bat da», azaldu du Merkelek. Putinek, berriz, hura «proiektu politikotzat» jo dutenen aurka egin du: «[Halakorik] esatea okerra da, edo nahasteko saiakera bat. Ukrainako gas hodia baino 2.000 kilometro motzagoa, modernoagoa eta garbiagoa da». Haren esanetan, gainera, hamabost kilometro besterik ez da geratzen azpiegitura amaitzeko.

Bi liderrek gas hodiaren aldeko defentsa egin dute. Halere, Merkelen helburua azpiegituraren aurka daudenak lasaitzea izan da. Horiek Washington eta Kiev dira, nagusiki. AEBetako presidente Joe Bidenek «tratu txar bat» dela adierazi zion Alemaniako kantzilerrari, hark Etxe Zurira eginiko azken bidaian. Izan ere, Bidenen ustez, proiektuak Errusiarekiko menpekotasuna areagotuko du Europan, eta Moskuri presio egiteko aukera eman. Ez da hori, baina, arrazoi bakarra. Izan ere, AEBek ere saltzen diete gasa Europako herrialdeei, eta merkatu hori bereganatzea du helburu.

Kieven kasuan, ardura bestelakoa da. Egun Errusia eta EB Europako Batasuna batzen dituzten gas hodiek Ukraina zeharkatzen dute, eta Baltikoa zeharkatuko duen azpiegitura berriak horiek hustu ditzaketen beldur da. Hori «kolpe latz bat» izango litzateke, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren esanetan. Izan ere, Ukrainako Gobernuaren diru iturri nagusietako bat dira gas hodiak. Zelenskiren arabera, Moskuk horiek erabiltzeari utziko balio, Kievek 2.000 milioi euro irabazteari utziko lioke. Gainera, Errusiako gasaren mendekotasun handia dute herrialde hartan ere, eta herrialdea hornitzeko zailtasunak izango lituzkete.

Hala, Merkelek Bidenekin adostu bezala, 2024tik aurrera ere Ukrainako gas hodiak erabiltzeko konpromisoa hartu dute Moskuk eta Berlinek; orduan amaituko da Ukrainako eta Errusiako gobernuen arteko akordioa. Halere, Putinek baldintzak jarri dizkio erabakiari. Azaldu du horien erabilera Europako bezeroen beharren araberakoa izango dela: «Ikusi beharko dugu zenbateko gas kantitatea erosteko prest dauden gure bazkide europarrak». Hala, «merkataritza gai bat» dela nabarmendu du, Europako hegoaldeko erregai kontsumoaren arabera tratatu beharrekoa. «Kontsumoa gora doa, eta espero dut hala jarraitzea. Europako eta Alemaniako kontsumitzaileek ez dute Errusiako gasa baino iturri seguruagorik izango», azaldu du.

Nord Stream 2 gas hodiak Viborg (Errusia) eta Greifswald (Alemania) elkartuko ditu, eta, horretarako, 10.000 milioi euroko inbertsioa egin dute. Handik, urtean 55.000 milioi metro kubiko gas garraiatzea da asmoa. Modu horretan, Nord Stream 1 hodiak duen gaitasuna bikoiztuko dute.

Hura eraikitzen hasi zirenetik, AEBen jomugan egon da, eta Etxe Zuriak azpiegitura horretan lan egin duten hainbat enpresa zigortu ditu. Esaterako, Estatu Departamentuak maiatzean ondorioztatu zuen Nord Stream 2 AG enpresa, hodia eraikitzeko ardura duena, eta haren zuzendari exekutibo Matthias Warning, Putinen gertukotzat jo dutena, «zigortzeko moduko jarduerak» egiten ari zirela. Halere, Antony Blinken Estatu idazkariak bertan behera utzi zituen zigor horiek, behin-behinean, AEBen «interes nazionalen» eta Alemaniarekiko harremanen mesedetan. Halere,beste zigor batzuk ezarriko dituztela iragarri zuen atzo Blinkenek: eraikuntzarekin lotutako bi errusiarri eta ontzi bati eragingo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.