Hilberria

Nora Cortiñas hil da, Maiatzeko Plazako Amak mugimenduko erreferentea

94 urte zituela hil da Maiatzeko Plazako Amen Elkartea - Adar Sortzailea mugimenduko presidentea. Duela aste gutxi arte Buenos Airesko Maiatzeko Plazan zegoen, 1977tik ostegunero egin zuen bezala, giza eskubideak eta demokrazia aldarrikatzen.

Nora Cortiñas, 2016an, artxiboko irudi batean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Nora Cortiñas, 2016an, artxiboko irudi batean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 31
09:30
Entzun

Nora Cortiñas hil da, Maiatzeko Plazako Amen Elkartea - Adar Sortzailea mugimenduko presidentea. 1976tik 1983ra arte Argentinan Jorge Videlak zuzendutako diktaduraren aurkako borrokalari erreferentea izan zen Cortiñas. 1976ko estatu kolpetik urtebete eskasera bahitu zuten haren semea —Carlos Gustavo Cortiñas—, eta beste hainbat amarekin batera Maiatzeko Plazako Amen Elkartea sortu zuen. 94 urterekin hil da, baina duela aste gutxi arte Buenos Airesko Maiatzeko Plazan zegoen, 1977tik ostegunero egin zuen bezala, giza eskubideak eta demokrazia aldarrikatzen. «Mina borroka bilakatzen jakin genuen», esan zion BERRIAri 2017an.

«Bizitzan harekin batera egon izanaren harrotasuna geratzen zaigu. Haren irakaspenek arrasto ezabaezina utziko dute haren familian eta gizartean», esan dute gaur haren senideek, Cortiñasen heriotzaren berri eman dutenean. Maiatzeko Plazako Amonak elkarteak samina adierazi du erreferentearen heriotzagatik, eta 2019tik 2023ra Argentinako presidente izandako Alberto Fernandezek nabarmendu du Cortiñas giza eskubideen aldeko borrokaren «sinbolo nekaezina» izan dela Argentinan: «Haren legatuak eta ausardiak denok inspiratuko gaituzte aurrerantzean ere». 2007tik 2015era Argentinako presidente izandako Cristina Fernandezek ere «triste» agurtu du «giza eskubideen eta demokraziaren aldeko betiko borrokalaria».

Cortiñasen bizitza aldatu egin zen 1977ko apirilaren 15ean, orduan atxilotu baitzuten haren semea Junta Militarrekoek. Beste hainbat ama Cortiñasen egoera berean zeuden —guztira 30.000 lagun desagerrarazi zituzten diktaduran—, eta bakoitza bere aldetik aritu zen seme-alaben bila, harik eta ostegun batean —1977ko apirilaren 30ean— elkarrekin borrokatzea erabaki zuten arte. «Ni handik astebetera joan nintzen. Seme-alabak desagerrarazi zizkieten ama horien begietan ikusi nuen neure burua. Denak genuen antzeko ezaugarriren bat: ama izan ginen, eta seme-alaben bat galdu genuen. Krimen guztietan handiena da pertsona bat desagerraraztea», esan zion BERRIAri duela zazpi urte.

Hasieratik eskatu zuen diktadurako errepresioaren artxiboak argitara ateratzeko: «Ireki ditzatela tiraderak eta esan dezatela non dauden gure seme-alabak, nora bota zituzten, nori eman zizkieten gure ilobak. Egia guztia jakin arte eta justizia erabatekoa izan arte ez dugu etsiko». Ez zuen etsi, baina artxibo horiek oraindik ez dituzte argitara atera.

Euskal Herriaren laguna

Cortiñasek azken egunera arte segitu zuen borrokan. 1986a beste mugarri bat izan zen, bi bide hartu baitzituen Maiatzeko Plazako Amak mugimenduak. Cortiñasek Adar Sortzailean segitu zuen borrokan; Hebe de Bonafini —duela bi urte zendua— izan zen beste adarraren burua. Horrez gain, beste mila borrokatan ere aritu zen Cortiñas. Esaterako, Argentinan abortua legeztatzearen alde egin zuen aktiboki 2018an. Beste hainbat naziotako borrokak ere bere egin zituen. Hala esan zion BERRIAri: «Zapalduak izan diren eta diren herrien borroka; kurduena, palestinarrena, sahararrena, euskaldunena... Herrien borroka horretan gaude; azken batean, denon erronka da herriarentzat eta herriarekin gobernatzen duten agintariak lortzea».

2019an Euskal Herrian izan zen Ernai eta Aitzina gazte mugimenduek gonbidatuta, eta orduko Gazte Topagunean parte hartu zuen. Etxerat elkartearekin elkartu zen, eta Iruñeko Aberri Egunean ere parte hartu zuen. Gernikan (Bizkaia) ere izan zen.

«Jada ez gara seme-alaba batzuen amak; desagertu guztien amak gara», nabarmendu zion Cortiñasek BERRIAri 2017an. Maiatzeko Plazako Amak mugimenduaren borroka kolektiboa aldarrikatu zuen azken egunera arte: «Borroka ez da hutsala izan. Ez da alferrikako borroka izan. Hamalau emakume atera ziren kalera lehen aldi hartan, eta gaur egun mundu osoan da ezaguna gure borroka, baita gure herrialdean gertatutako genozidioa ere. Eguneroko borroka hori da memoriaren, egiaren eta justiziaren aldamioa».

94 urterekin hil da Cortiñas, haren seme Carlos Gustavo Cortiñasen berri izan gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.