Non dago Puigdemont?

Jendaurrean bost minutuko diskurtsoa egin ondotik, berriz ere desagertu egin da Generalitateko presidente ohia. Polizia haren bila aritu da; alferrik.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia, gaur, Bartzelonan egin duen agerraldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia, gaur, Bartzelonan egin duen agerraldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Iker Tubia.
Bartzelona - Berriemaile berezia
2024ko abuztuaren 8a
13:54
Entzun

Kataluniako independentzia prozesuaren epilogoak asko izan du epikotik, eta izan du ilusionismotik ere. Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia Bartzelonan agertu da gaur, 09:00etan, Garaipenaren Arkuaren azpian paratu duten oholtzaren gainean. Sartu-irtena egin du, agertu eta desagertu. Ia zazpi urtez erbestean egon ondotik, Kataluniara itzuli da, baina oraintxe inork ez daki non dagoen. Mossoek hiria inguratua dute, eta presidente ohiaren bila ari dira.

Ikusmira handia zen goizean goizetik Bartzelonan. 07:00etatik aurrera tantaka agertzen hasi da jendea, eta 08:30erako ehunka lagun zain ziren, Puigdemonti ongietorria egiteko gogoz. Esteladak airean eta urtez urte Kataluniako Diadetarako egin dituzten kamisetak soinean, luze jo duen prozesu baten amaiera-ekitaldi itxura hartu du egunak. Ekitaldira bildutako jendearen artean, jende heldua eta zaharra zen nagusi.

Inguruetako kafetegiak lepo zeuden 08:00etan, ireki dituztenez gerotik: langileak lanari ezin aurre eginik aritu dira kafe bat bestearen atzetik ateratzen. 09:00ak gerturatu ahala, urduritasuna handituz joan da; pantaila handietan paratu duten bideoaren musika epikoak ere lagundu du horretan. 2017ko urriaren 27an independentzia aldarrikatu zutenetik gaur arte gertatutakoen lerroburu eta irudi bilduma erakutsi dute bideoan. Oihuak geroz eta ozenago aditu dira agerraldiaren ordua gerturatu ahala: «Independentzia» eta «Puigdemont gure presidentea» izan dira gehien aditu direnak.

Eta ez da ezustekorik izan.

Bederatzietarako hiru minutu falta zirela agertu da Puigdemont oholtza gainean, han zirenen oihu artean. «Gaur hona etorri naiz haiei gogorarazteko oraindik hemen gaudela; oraindik hemen gaudela, ez dugulako amore emateko eskubiderik, autodeterminazio eskubidea herriei eta han bizi direnei dagokielako, eta politikan inork ez dugulako kolektiboa den eskubide bati uko egiteko eskubiderik». Espainiako botereek «min handia» eta «iseka» eginagatik ere, eta «errepresioaren aurpegia erakutsi» arren, itzultzea erabaki duela jakinarazi du. «Guri eskarmentua emateko, uste dute merezi duela haien parlamentuan onartutako lege bat ez betetzea. Oker daude, eta oker horretan berriz ere Espainiaren demokraziaren sinesgarritasuna birrinduko dute, baina berdin zaie». Argi utzi du ez zutela deliturik egin ere: «Erreferendum bat egitea eta Kataluniako Parlamentuaren agindua betetzea ez zen delitu bat izan, ez da delitu eta ez da sekula izanen».

Diskurtso laburra egin du Puigdemontek, bost minutu ingurukoa, eta hitz hauekin bukatu du: «Amnistiarik ematen ez duen amnistia legea duen estatu batek, demokrazia arazo bat du. Ez dakit noiz ikusiko dugun berriro elkar, baina gertatzen dena gertatzen dela, berriz elkar ikusten dugunean, elkarrekin eta oso ozen honako hau oihukatuko dugu: 'Gora Katalunia askea!'». Hitzaldia bukatuta, jendeari korridore bat egiteko eskatu diote mikrofonoetatik, Puigdemont parlamenturaino laguntzeko.

Desagertu egin da

Garaipenaren Arkuan zegoen oholtzatik elkarri helduta atera dira Juntseko parlamentariak, alderdiko kideak eta zenbait herritako alkateak, boluntarioek inguratuta, eta bertara joandako jendeak osatutako pasabidea zeharkatu dute, poliki-poliki. Lehenbiziko lerroan ziren Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidentea, Laura Borras parlamentuko lehendakari ohia, Artur Mas eta Quim Torra Generalitateko presidente ohiak eta Albert Batet Juntsen izenean inbestidura saioan hitz egin duen parlamentaria; haien atzean ziren JxC Junts Per Catalunyako gainerako parlamentariak. Denak jendetzaren erdian aurrera, baina Puigdemonten arrastorik ez.

«Independentzia» eta «Puigdemont gure presidentea» oihuen artean igaro dute jendez osatutako pasabidea. «Ez dago, ez dago». Kazetariak aztoratzen hasi dira. Bultzadak, beroa, izerdia goitik behera... urduritasunak gora egin du. «Ez dago, Puigdemont ez dago». Lluis Companys etorbidea presidente ohia gabe zeharkatu dute JxCkoek. Ilusionistarik onenen pare, David Copperfieldek 1983an Askatasunaren Estatua desagerrarazi zuen moduan, desagerrarazi dute presidente ohia.

Ziudadelako parkean dago Kataluniako Parlamentua, Garaipenaren Arkutik gertu, eta Pujades pasealekuko sarrerara jendez inguratuta ailegatu dira JxCko parlamentariak. Ehunka lagun ziren parkeko atarian, oihu betean: «Ireki ateak gure presidenteari». Baina Puigdemont ez zen han. Mossoz osatutako lerroak ez zuen aurrera egiten uzten, baina, azkenik, parlamentariak eta JxCko kargudun ohiak barrura sartu dira. Bien bitartean, Picasso pasabideko sarreran ere jendetza bildu da; handik sartu behar zuten akreditazioa zuten guziek. Han ziren independentziaren aldeko ehunka lagun; parean zituzten Voxek deitutako lagun gutxi batzuk, oihuka: «Puigdemont atxilotu!».

Presidente ohia atxilotuz gero, Salvador Illa PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako hautagaiaren inbestidura saioa gelditzeko eskatuko zuela aurreratua zuen JxCk, baina atxiloketarik ez da izan, eta inbestidura aurreikusitako orduan abiatu da. Parlamentu barruan kazetari anitz dago, egoerak sortu duen ikusmiraren adierazgarri. Kanpoan ere, jende anitz, parkean sartu nahian. Une batean mossoak manifestarien kontra oldartu dira, eta piper gasa bota diete, baina azkenean parkean sartzea lortu dute protestan ari ziren independentistek. Haien oihuak aditu dira parlamentuaren barruan ere.

Artxila mortxila. Puigdemont desagertuta dago. Mossoek Bartzelonako irteera guzietan kontrolak paratu dituzte, haren xerka ari dira han eta hemen. Gabia deitu diote operazioariari, kaiola. Puigdemontek ez du botoa delegatu, beraz, oraindik zalantzak ziren nagusi lerro hauek idazterakoan: saiatuko da inbestidurako bozketan parte hartzen? Erbestera itzuli da? Bartzelonan ezkutatu da? Non dago Puigdemont?

Kaiola operazioa

Gabia (Kaiola). Hala deitu zioten Mossos d’Esquadrek Puigdemont aurkitu eta atxilotzeko operazioari. Puigdemont Bartzelonan agertu eta desagertu ondoren, hiria kaiola bihurtu nahi izan zuten atzo Poliziek, presidente ohiak inondik ihes egin ez zezan. Ezustean harrapatu zituen, Mossoek zenbait hedabideri esandakoaren arabera, haien asmoa Puigdemont ekitaldiaren ondoren atxilotzea baitzen.

Bartzelonatik errepidez ateratzeko irteera guzietan kontrolak paratu zituzten, eta auto ilara luzeak eragin zituen horrek, baita Prat aireportura sartzeko ere, autoak banan-banan begiratzen aritu baitziren. Autobia nagusietan eta mugetan ere ohi baino polizia gehiago izan ziren atzo, eta ikuskatzeak egin zituzten trenetan eta portuan. Helikoptero bat ere erabili omen zuten presidentea bilatzeko. Baina ez zuten Puigdemont aurkitu.

Bi mosso atxilotu zituzten, ihesean laguntza eman zutelakoan. Dirudienez Puigdemontek ihes egiteko erabili zuen autoaren jabea da atxilotu duten polizia bat. Puigdemont atxilotzeko agindua dagoenez, delitua litzateke hari ihes egiten laguntzea. Gainera, jende gehiago atxilotuko dutela iragarri zuten Kataluniako poliziek.

Bestalde, zenbait hedabidek zabaldu zuten Jordi Turull JxCko idazkari nagusia deklaratzera deituko dutela mossoek. Izan ere, Puigdemonten ondoan zen Bartzelonako Garaipenaren Arkura iristerakoan, berarekin zegoen ihes egin aurreko uneetan eta horri buruz galdetu nahi diote.

Monica Sale Juntseko parlamentariak esan zuen Puigdemont «terrorista» bat bezala tratatu zutela mossoek, «neurrigabeko» polizia dispositibo «larria» erabilita.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.