Hezkuntza

Nola jorratu dute Auzitegi Gorenaren ebazpena Kataluniako hedabideek?

Hedabide askok azalera eraman dute murgiltze ereduari buruzko ebazpenaren afera. Gaia sakonetik landu dute batzuek, eta editoriala ere eskaini diote gaiari.

'Ara' egunkariaren gaurko azala. BERRIA
2021eko azaroaren 24a
13:51
Entzun

Politikariez, erakundeetako eta elkarteetako ordezkariez eta beste hainbat norbanako eta herritarrez gain, hedabideetako azal eta atariak ere mintzatu dira Kataluniako murgiltze ereduaren inguruko Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaz. Albiste hori azalera eramanda esnatu dira horietako asko, eta batzuetan iritzi artikulu edo editorialen bat ere eskaini diote gaiari.

«Gorenaren ezpatakada murgiltze ereduari». Hori irakur daiteke, esaterako, Ara hedabidean. Webguneko azalera ez ezik, paperera ere eraman dute titularra. Horrez gain, inkesta bat ere jarri dute martxan webgunean. «Zein uste duzu dela katalanaren egoera ikastetxeetan, eta zer etorkizun duela uste duzu hizkuntza normalizazioak?». Galdera hori bota dute, eta hiru erantzun jarri dituzte aukera gisa. Katalana minorizazio arrisku larrian dagoela eta erantzun azkar bat behar duela dioen erantzuna da jendeak gehien bozkatu duena —390 bozka pasatxo ditu oraingoz, bozka guztien herena—.

Editoriala ere eskaini diote gaiari Ara egunkarian. Honela dio: «Oraindik ere susmo etengabean dago katalana, Espainian gehien hitz egiten den bigarren hizkuntza, eta beti zalantzan jartzen dira dituen eskubideak». Eta murgiltze ereduari buruz hitz egiten jarraitzen du, haren ezaugarri onuragarriak aipatuz: «Murgiltze ereduak adostasun sozial, politiko eta pedagogiko zabal bat biltzen du. Horri esker, kanpotik etorritako pertsona asko katalanera iritsi ahal izan dira, eta hizkuntza arrazoiek eragindako haustura saihestu du, kohesio eta aukeren berdintasuna indartuz».

Vilaweb atarian ere luze eta zabal sakondu dute gaia. Webguneko azalean pilatu dituzte albiste guztiak, eta gaia ematen ari denaren jarraipena ere egiten ari dira, aldiro albiste berriak txertatuz. Ara hedabideak bezalaxe, editoriala idatzi du Vicent Parlat Vilaweb atariko zuzendariak ere, Katalana salbatu ala Pedro Sanchez salbatu goiburupean. «Hizkuntza, edozein hizkuntza, ez da trukatu daitekeen kromo bat, eskubide bat baizik», nabarmendu du editorialean.

Ez hain sakonetik

El Periodico eta Naciodigital hedabideek ere jorratu dute gaia. Lehenaren kasuan, azalera eraman du titularra, eta toki nabarmena eman dio albisteari bai webgunean baita paperean ere. Hala ere, ez ditu askoz ere pieza gehiago osatu gaiaren inguruan, eta ez du ebazpenari buruzko iritzi artikulurik edo editorialik egin.

Naciodigital komunikabidearen kasuan, murgiltze ereduarena ez da webgunera sartu eta handian ikus daitekeen lehen titularra, baina apur bat beherago joanda gaiari buruz egiten ari diren lanketa ikus daiteke: albiste nagusi bat eta Auzitegi Gorenaren ebazpena eragiten ari den erreakzioak biltzen dituzten bestelako albisteak.

Antzerako zerbait ikus daiteke La Vanguardia egunkarian ere. Paperaren kasuan, azalean eta letra handiz jaso dute Auzitegi Gorenaren epaia, baina webgunera joatean beherago agertzen da, ez da lehen begi kolpean ikusten. Iritzi artikuluen kasuan, ez dago murgiltze ereduaren afera lantzen duen artikulurik, eta editoriala ere ez dute horri buruz idatzi, Europako funtsen kudeaketaren inguruan baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.