Frantzia eta Alemania dira EB Europako Batasunean pisurik handiena duten bi herrialdeak, eta biak bat datoz: handitzeko, barruan kide gehiago hartzeko, EBk egiturazko aldaketak egiteko beharra du. Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea areago joan da azken hilabeteetan, eta epemuga bat ere jarri du: erreformak 2030erako gauzatu behar dira, eta talde komunitarioa ondoren hasiko da estatu kide gehiago onartzen, horiek ere exijitzen dizkieten erreformak eginak baldin badituzte, behintzat. Kide gehienek, baina, errezeloz begiratzen dute aldaketek eta, ondorioz, zabalkundeak zer ekarriko duten. Ezer baino lehen, baina, hori guztia nola egin dago erabakitzeko. Auzi hori mahai gainean izango dute klubeko estatuburuek eta gobernuburuek gaur eta bihar, Europar Kontseiluak Bruselan egingo duen goi bileran.
EBk 2013an hartu zuen beste herrialde bat azkenekoz —Kroazia—, eta azken zabalkunde handia 2004an egin zuen; orduan, hamar estatuk bat egin zuten, kolpetik, klubarekin. Ia hogei urte geroago, EBk bere burua «momentum geopolitiko berri batean» kokatzen duela iruditzen zaio Teona Lavrelashvili, European Policy Centre Bruselako think tank-eko analistari. «Pentsaezina zen duela bi urte. Baina geopolitika aldatu da. Errusiak Ukraina inbaditu izanak eman dizkio Europako Batasunari arrazoi berriak, eskualdea egonkortzeko ahaleginean zabalkunderako politika baliatzeko», nabarmendu du, modu telematikoan.
Egun indarrean dagoen talde komunitarioaren hitzarmena, Lisboakoa, 2009an onartu zuten, eta klubaren funtzionamendua arautzen du. Azken hamabost-hogei urteotan, ordea, zuzenean eragin dioten zenbait krisiri aurre egin behar izan die blokeak: Atzeraldi Handia, 2015eko migrazio krisia, brexit-a, COVID-19ak eragindako pandemia eta Ukrainako inbasioa, besteak beste. Hitzarmena berritzearen aldekoenek argudiatzen dute garaian garaikora egokitzea dagokiela.
Baina errezelorik handien agertzen dutenek nahi dute jakin, Lavrelashviliren esanetan, «Europako Batasunaren arkitektura instituzionalean» zeintzuk izango diren zabalkundearen ondorioak. «Hau da, nola osatuko duten Europako Batzordea, Europako Parlamentua… baita erreformek nola eragingo dieten politikei ere; oso inportanteak dira, horien bidez erabakitzen baita dirua zertara bideratu».
«Pentsaezina zen duela bi urte. Baina geopolitika aldatu da. Errusiak Ukraina inbaditu izanak eman dizkio Europako Batasunari arrazoi berriak, eskualdea egonkortzeko ahaleginean zabalkunderako politika baliatzeko».
TEONA LAVRELASHVILIEuropean Policy Centre-ko analista
Ukraina da herrialde hautagaietako bat, eta, aurreko azaroan, estatu hori eta Moldavia EBko kide bihurtzeko negoziazioak hasteko gomendatu zuen Europako Batzordeak. Hain zuzen, horri buruz ere hitz egitekoak dira gaur eta bihar, eta, horren harira eta aurrekontuekin lotuta, analistak gogoratu du Ukraina kide bihurtzen bada bat egingo duela «nekazaritza sektore oso handi batekin». Herrialde hori dago aurrerantzean ere munduan labore gehien esportatzen dituena izateko moduan, baita, horrenbestez, zenbait adituk egindako kalkuluek aurreikusten dutenez, talde komunitarioaren Nekazaritza Politika Bateratuko funts gehienak jasotzeko moduan ere, beste estatu batzuen kaltetan.
Dena den, erabakitzeko dago bai aurrekontuak nola osatuko dituzten, bai funtsak nola banatuko. Bitartean, Lavrelashviliren iritziz, erreformen helburuetako bat izan beharko litzateke «eraginkorragoak» izatea talde komunitarioaren handitzeari inguruko erabakiak. Eta zabalkunde posible baten ondoren, Europako Parlamentuaren eurodiputatu eta Europako Batzordearen komisario kopurutik harago, erabakiak hartzeko moduetan ere jarria dago arreta, hain justu. Arautegia aintzat hartuta, Europar Kontseiluak aho batez hartzen ditu erabakirik esanguratsuenak. «Orain indarrean dagoen beharrezko kontsentsua traba bat izan daiteke zenbait puntutan, herrialde batzuek beren beto eskubidea erabil dezaketelako blokeorako. Gehiengo kalifikatuaren ideia airean dago Europako Batasunean, baina ikusteko dago zer bide egingo duen, herrialde kide gehienak ez baitaude gehiengo kalifikatuaren alde; kontsentsuari eutsi nahi diote», azaldu du.
Europako Batzordea datorren urteko lehen seihilekoan da erreformei buruzko proposamenak plazaratzen hastekoa, baina hamabi adituko talde batek erreformen bide orria kaleratu zuen irailean, Frantziak eta Alemaniak hala eskatuta: Sailing on High Seas (Itsas zabalean nabigatzen) izenburuko 52 orrialdeko dokumentua. Horretan, aldarrikatu dute, besteak beste, gehiengo kalifikatuaren formula, eta gomendatu dute oraindik aho batez hartu beharreko erabaki guztiak gehiengo kalifikatuaren bidez hartzea hurrengo zabalkundea gertatu aurretik. Salbuespen batzuk egin dituzte, ordea: «soilik erabaki konstituzionalek» —hala nola hitzarmenak aldatzea, kide berriak onartzea, edo batasuneko instituzioak egokitzea— beharko lukete aho batez erabakitzea. Beraz, horiek horrela, eta adierazi izan duenari eusten badio, Hungariak, talde komunitarioan Errusiak duen aliatuak, aukera edukiko luke Ukrainaren bat egiteari betoa jartzeko.
Lavrelashvilik pentsatzen du txosten hori ez dela «oso zehatza», baina «oso interesgarria» delakoan dago. «Ona da horrelako proposamenak edukitzea, esan nahi baitu Europako Batasunak beharra duela ikusteko nola ikusten duen bere burua etorkizunean. Gogoeta hori egin gabe, ez litzateke ideia ona herrialde horiek guztiak hartzea». Gaur egun, 27 kide ditu EBk, eta hautagaiak zortzi dira. Ez dago erabakita, esate baterako, klubean kide gehiago izateak ekarriko ote duen Europako Parlamentuak eurodiputatu gehiago edukitzea. Iritzita jada munduko parlamenturik handienetako bat dela eta horrek deliberazioak «zailtzen» dituela, Sailing on High Seas-en gomendatu dute, oraingo kopurutik gora, 751tik, alegia, ez egitea, eta «aulkiak esleitzeko sistema berri bat» diseinatzea.
Batzordeko komisarioei dagokienez — konpetentzien arabera daude sailkatuta, eta estatu kide bakoitzak bat du; hau da, 27 dira—, European Policy Centre-ko analistak azpimarratu du txostenak jasotzen duela komisariotza guztiek ez dutela garrantzi bera, baina ez duela proposatzen horiek gutxitzeko. Adierazten du, hain justu, «mugak» daudela, eta «ezinezkoa» dela horiek gutxitzea.
Lau integrazio maila
Txostenak planteatzen dituen berritasunetako bat da EBn integratzeko lau maila egotea. Lehen maila litzateke estatu kide izatea. Bigarrengoa, soilik Schengen eremuan egotea. Hirugarren mailan egongo lirateke soilik merkatu bakarrean leudekeen estatuak. Eta laugarrengoan egongo lirateke talde komunitarioarekin soilik akordio politikoak lituzketen estatuak. Areago, estatu kide berriak egongo lirateke maila batetik bestera jauzi egiteko moduan, klubean integratuz doazen heinean. «Uste dut oso zaila izango dela herrialde hautagaiei ideia hori saltzea, nahi baitute Europako Batasuneko kide erabatekoak izan. Orduan, zaila da pentsatzea batzuk izan daitezkeela partzialki kideak, eta beste batzuk ez», zehaztu du Lavrelashvilik.
Eta bada txostenetik haratago, Michelen hitzei erreparatuz, gutxienez kirrinka egiten dion aldagai bat: erreformen amaieraren eta zabalkundearen hasieraren epemuga 2030ean jartzea. Iragarritakoa betetzen ez bada, horrek hautagaiei «etsipena» eragin diezaiekeela uste du. Gogoan du, adibidez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak nola plazaratzen duen, Jean-Claude Juncker (2014-2019) haren aurretik kargu horretan egondakoak egin bezala, «Europako Batasuna ez dagoela osorik» Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak kide izan arte. Montenegro, esaterako, 2012tik ari da kide izateko negoziazioetan, eta Serbia 2014tik. Bide batez: EBko buruzagiak eta Mendebaldeko Balkanetako herrialdeetako liderrak Bruselan batzartu ziren, atzo.
Analistari iruditzen zaio ez dela «posible» izango erreformak 2030erako gauzatzea, eta Michelek aipatutako epemugak erakusten duela «lehia instituzional bat» dagoela Europako Parlamentuaren, Europar Kontseiluaren eta Europako Batzordearen artean. «Zeren ez dago zabalkundeaz hitz egiteko modu bakar bat, eta hori arazo bat da».
«Ikusteko dago zein bide egingo duen, herrialde gehienak ez baitaude gehiengo kalifikatuaren alde».
TEONA LAVRELASHVILIEuropean Policy Centre-ko analista
Ez da «erraza» izango prozesua. Kontuan hartu behar da, gainera, eskuin muturrek ez dutela, historikoki, joera europazaleegia eduki, eta ultrek gorantz egiten dutela etengabe EBko herrialdeetan. Herbehereetan, Geert Wildersen alderdiak irabazi zituen bozak joan den azaroan —ikusteko dago, dena den, gobernua osatzeko gai izango ote den—, eta Lavrelashvilik mahai gainean jarri du Austrian hauteskundeak egingo dituztela 2024ko urria baino lehen eta, inkesten arabera, eskuin muturra gobernura iristeko moduan dela; Alemanian gertatzen ari den gorakada ere nabarmendu du. «Eta Frantzian inkestek esaten dute [Marine] Le Penen alderdiak irabaziko dituela Europako Parlamenturako hauteskundeak». Erreforma prozesuaren garapenean berebiziko garrantzia edukiko dute datorren urteko ekainean egitekoak diren boz horietako emaitzek.
Nolanahi den ere, European Policy Centreko kidearen arabera, zabalkundea eta erreformak ez dira nahikoa «aktore geopolitiko bat» bihurtzeko. «Autonomia estrategikoa edukitzeko, oso inportantea da berrindustrializazioan inbertitzea, eta funts gehiago bideratzea segurtasunera. Ez dut esaten bigarren NATO bat bihurtzea, baina bai, behintzat, segurtasunari dagokionez aktore asertiboagoa izatea». Oroitu du, bide batez, ikuskizun dagoela zer gertatuko den AEBetako presidentetzarako bozen ondoren [datorren urteko azaroan egitekoak dira] baldin eta Donald Trumpek irabazten baditu, eta ohartarazpen bat egin du: «Agian, bere rola birdefinitu beharko du [EBk], eta espektatiba errealistagoak eduki beharko lituzke erabakitzean zer egin dezakeen eta zer ez».