Valentziako denboralearen eta haren ondorioen irudiek estali dituzte sare sozialak: ikusi dira zuzeneko baten aurretik lohira bota eta arropak zikindu dituztenak, langile plantak egiteko; ikusi dira musika jaialdi baten alfonbra gorrian «kaltetuen omenez» egindako jaka bat jantzi dutenak; eta ikusi dira eremu kaltetuetan pala baino sakelakoa gehiago erabili dutenak ere. Noiz arte? Noiz arte kapitalizatuko da besteren sufrimendua norbere protagonismo gosea elikatzeko?
Herritar kaltetuek berek adierazi dute gogorra dela auzo hondatuak parke tematiko bihurtzen ari direla ikustea, klik batzuengatik edozer egiteko prest dagoen jendea ikustea. Are, horren jakitun, Eva Cortes Valentziako ilustratzaileak hari bat egin du X sare sozialean, boluntario gisa joan aitzinetik zenbait hausnarketa egiteko eskatuz. Merezi du irakurtzea.
Nos es imposible atender vuestra ayuda individual, y es una pena. Pero vivimos en la era de internet, POR FAVOR: antes de venir a València informaros: en Telegram hay grupos en los que redes de trabajo comunican sus necesidades, lo mismo hay webs y redes sociales que coordinan.👇 pic.twitter.com/omP42DRjln
— Eva Cortés Ilustra (@evacortesilustr) November 11, 2024
Cortesek dio, eta han egon den orok baiezta dezake, ukaezina dela herriak izan duen borondatea, eta herritarrak arras eskertuta daudela. Joan den asteburuan bertan jendez gainezka zeuden herrietako kaleak, errepideetan auto ilarak egon ziren, eta barride orok esker oneko mezuak bertzerik ez zituen boluntarioendako. Elkartasun horrekin bat egin nahi duen jende anitz dago, dela janaria edo materiala igortzen, dela lohia baldeka ateratzen. Horri lotuta, zenbait lagunek zabaldu dute ez dela laguntzarik behar, boluntario gisa iritsitako anitzi ez dietela herrietan sartzen utzi. Erdizkako egiak dira horiek, eta aski arriskutsua da horiek elikatzea. Noiz arte jarraituko dute gezur, zurrumurru eta irainek informazioaren gainetik egoten?
Cortesek zein bertze hainbat herritarrek eta udal ordezkariek argi diote laguntza behar dela, baina zehaztapen batzuk eginda: batetik, antolaketa behar da, eta udalendako zein bertan dauden boluntarioendako zaila izan daiteke elkartasun hori guztia kudeatzea. Hortaz, lagundu nahi duen orori etorri aurretik boluntario talderen batekin harremanetan jartzeko eskatzen diote, eta horiek bideratuko dietela laguntza behar den lekura. Gaur ezin bada, etzi posible izanen da.
Ez da erraza lan horiek guztiak antolatzea, are gutxiago egoera kudeatu beharko luketen agintariei enpatia eta lidergoa zer diren atzendu zaienean
Bertzetik, bi asteotan beharrak aldatu dira, eta etengabe aldatuko dira. Hasieran, eskuak behar ziren lohia kendu eta etxeak husteko. Orain, zabor hori guztia kentzeko eta estoldak libratzeko makinak behar dira, profesionalak. Hortaz, lan horiek egin bitartean kale eta herri batzuetan ez sartzeko eskatzen dute. Joan den larunbatean, erraterako, Benetusser herriko zenbait kaletako zaborra ateratzen ibili ziren, eta debekatu egin zuten boluntarioen sarrera. Lanak ez oztopatzeko, ez laguntzarik behar ez zelako. Bertako boluntarioek ulertu zuten, eta beren laguntza behar zen bertze leku batzuetara joan zen.
Ez da erraza lan horiek guztiak antolatzea, are gutxiago egoera kudeatu beharko luketen agintariei enpatia eta lidergoa zer diren atzendu zaienean. Kudeaketa politikoa baino gehiago, gatazka, isiltasuna eta errua elkarri egoztea izan dira nagusi egunotan. Noiz arte jarraitu beharko dute herritarrek agintarien lan faltaren hutsunea mesede kateekin tapatzen?