Noboak irabazi ditu Ekuadorko bozak, eta Gonzalezek iruzurra salatu du

Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, botoen ia %56 lortu ditu Daniel Noboa egungo presidenteak. Luisa Gonzalez hautagai correistak ez ditu emaitzak onartu, eta Ekuador «diktadura bat» bihurtu dela salatu du.

Noboa garaipena ospatzen bart, Olon herrian. CARLOS DURAN ARAUJO / EFE
Noboa garaipena ospatzen bart, Olon herrian. CARLOS DURAN ARAUJO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 14a
12:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezustean, alde handiz nagusitu da Daniel Noboa Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, eta herrialdeko presidente karguari eutsiko dio. Lehen itzulian pare-parean izan ziren Luisa Gonzalez hautagai correista eta Noboa egungo presidentea. Biak igaro ziren bigarren itzulira, baina atzo Noboak hamar puntu baino gehiagoren aldea atera zion Gonzalezi. Botoen %55,65 eskuratu ditu Noboa eskuindarrak, eta %44,35 Gonzalezek, Rafael Correa presidente ohiaren (2007-2017) jarraitzaileak. Correistek salatu dute lehen itzuliko emaitza berak lortu dituztela, eta hori «ezinezkoa» dela.

Noboak, berriz, argi du bera izan dela garailea. «Hamar punturen aldea izanda, eta milioi bat boz baino gehiagokoa, argi dago nork irabazi duen», ziurtatu du eskuindarrak, bart Olon herrian emandako prentsaurrekoan. Eta gehitu du: «Ekuadorrek aldaketa nahi du, Ekuadorrek ez du iraganera bueltatu nahi, Ekuadorrek aurrerantz ibili nahi du». Kanpainan zehar iragarri duenez, presidentetzan jarraituz gero, herrialdeko konstituzioa aldatzeko asmoa du, hala krimenaren aurkako neurriak finkatzeko eta ekonomia liberalizatzeko. Izan ere, egun indarrean dagoen konstituzioa Correaren agintaldian onartutakoa da.

Noboa Ekintza Demokratiko Nazionala alderdikoa da, bananen arloko enpresaria. Herrialdeko presidente izan da 2023ko urritik. Urte hartan eman zuen dimisioa Guillermo Lasso presidente ohiak (2021-2023), eta hauteskundeak aurreratu zituzten haren ordezkoa hautatzeko. Orduko hartan ere bozen bigarren itzulian gailendu zitzaion Gonzalezi, botoen %52 lortuta. Herrialdea segurtasun krisian murgilduta zegoela hautatu zuten Noboa presidente. 2019an, zazpi hilketa baino gutxiago izaten ziren 100.000 biztanleko; 2023an, berriz, 46. Noboak kanpaina indartsua egin du krimenaren aurka, eta dirutza jarri du segurtasun krisiari aurre egiteko.

Atzo gauean, hauteskunde akten %90a zenbatuta zegoela, Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidente Diana Atamaintek baieztatu zuen joerak ez zuela «atzera bueltarik». Prentsaurreko batean jakinarazi zuen aldea handia zela, eta, akta guztiak zenbatuta ez bazeuden ere, Noboa izango zela garaile. Lehen itzulian, otsailaren 9an, bi hautagaien arteko lehia askoz ere estuagoa izan zen: Noboa gailendu zen, baina bien arteko aldea 20.000 botorena baino txikiagoa izan zen. Milioi bat boto baino gehiagoren aldea atera dio oraingoan Noboak Gonzalezi: 5.700.000 herritar baino gehiagok bozkatu dute Noboaren alde, eta 4.600.000ra ez dira iritsi Gonzalezen aldekoak.

Emaitzen berri izan bezain laster, iruzurra izan dela salatu du Gonzalezek. Bigarren itzuliaren aurreko inkestek ez zuten horrenbesteko alderik aurreikusi; horregatik, hautagai correistak ez ditu emaitzak onartu, eta botoak berriz zenbatzeko eskatu du. «Herritarren Iraultzak [Gonzalezen alderdia] beti onartu izan ditu porrotak, inkestek hala aurreikusi izan dutenean. Gaur ez ditut emaitzak onartuko», adierazi du bart Gonzalezek, Quiton, bere jarraitzaileen aurrean. Eta gaineratu du: «Salatu nahi dut Ekuador diktadura baten mende dagoela, eta gure historiako hauteskundeetako iruzurrik lotsagarriena dela hau». Esther Cuesta Herritarren Iraultzako biltzarkideak aurreko astean BERRIAri esan zion bazutela beldurra bozetan hertsatzeren bat izango ote zen.

Gonzalez bart bere jarraitzaileen eta kazetarien aurrean, Quiton. JOSE JACOME / EFE
Gonzalez bart bere jarraitzaileen eta kazetarien aurrean, Quiton. JOSE JACOME / EFE

Gonzalezen alderdiak ikerketa independente bat exijitu du, gaur kaleratutako komunikatu batean. Salatu du hautagai correistaren aldeko milaka boto «desagertu» zirela botoen zenbaketan, eta Noboak «estatistikoki ezinezkoa» den igoera izan duela hainbat hautesbarrutitan. Otsailean baino milioi bat boto gehiago izan dira oraingoan egungo presidentearen aldekoak; aldiz, ia lehen itzuliko emaitza bera lortu du presidentegai correistak —botoen %44 eskuratu zituen orduan—.

Azken orduko aldaketak

Correa presidente ohiak ere sare sozialetan salatu du atzoko emaitzak «ezinezkoak» direla: «Mafioso hauek gehiago disimula zezaketen». Izan ere, lehen itzulian beste hautagai batzuen alde egin zuten herritarrek Gonzalez babestuko zutela espero zen. Esaterako, orduko hartan Pachakutik mugimendu indigenako buru Leonidas Iza izan zen boto gehien lortutakoen artean hirugarrena. Eta bigarren itzulira igaro ez zenez, Izak Gonzalezen alde bozkatzeko eskatu zien bere jarraitzaileei.

Bozak egin bezperan, Izak sare sozialetan salatu zuen gobernua hauteskundeak «manipulatzen» ari zela. Noboaren administrazioak salbuespen egoera ezarri zuen hauteslekuak ireki baino ordu batzuk lehenago, herrialdeko zazpi probintziatan; gobernuaren arabera, indarkeria kasuak areagotu zirela-eta hartu zuten erabakia. Hain justu, zazpi probintzia horietan Gonzalez nagusitu zen bozen lehen itzulian. Bestetik, Venezuelan bizi diren ekuadortarrek ere ezin izan zuten bozkatu; hauteskunde batzordeak bozen bezperan justifikatu zuenez, «arazo logistikoak» zeuden horren atzean. Azken orduko bi aldaketa horiek eta beste hainbatek «hauteskundeen gardentasuna» kaltetzen zutela salatu zuten Herritarren Iraultza, Pachakutik eta beste hiru alderdik, komunikatu bateratu batean. Are, lider indigenak gaitzetsi zuen aldaketa horiek Noboaren «estrategiaren parte» zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.