Noboa eta Gonzalez pare-parean geratu dira Ekuadorko bozen lehen itzulian

Botoen %44,3 eskuratu ditu Daniel Noboa gaur egungo presidenteak, eta %43,8 Luisa Gonzalez hautagai correistak. Inkestek aurreikusi baino alde txikiagoa atera du Noboak, eta bigarren itzulian erabakiko da nor izango den garailea, apirilaren 13an.

Luisa Gonzalez hautagai correista bart, Quiton, emaitzen berri izan ostean. GIANNA BENALCAZAR / EFE
Luisa Gonzalez hautagai correista bart, Quiton, emaitzen berri izan ostean. GIANNA BENALCAZAR / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 10a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekuardorko presidentetzarako hauteskundeetan txikia izan da bi hautagai nagusien arteko aldea, eta biek egin dute aurrera. Botoen %44,3 lortu ditu Daniel Noboa egungo presidenteak, eta %43,8 Luisa Gonzalez hautagai correistak. Atzo egin zituzten bozak, eta botoen %93 zenbatu dituzte oraingoz. Bietako batek ere ez dituenez eskuratu botoen erdiak baino gehiago, bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko hurrengo presidentea. Apirilaren 13an egingo dute bigarren bozketa.

Inkesten arabera, Noboa eta Gonzalez ziren faboritoak, baina gehienek esana zuten Noboak alde handiagoarekin irabaziko zuela. Azken asteetako inkestaren batek aldea hamar puntutik gorakoa izan zitekeela ere iragarri zuen. Hori gertatu izan balitz, ez zen bigarren itzuliaren beharrik izango. Horretarako baldintzak dira hautagai batek botoen %50 baino gehiago lortzea, edo botoen %40 lortzea eta bigarrenari hamar puntu baino gehiagoren aldea ateratzea. Ez da ez bata eta ez bestea gertatu.

Gonzalezek garaipentzat hartu ditu atzoko emaitzak: «Ia berdinketa tekniko bat izan da; gure joera gorantz egiten jarraitzea izango da, eta Daniel Noboak behera egiten jarraituko du», adierazi du bart, bozen lehen emaitzak jakin ostean egindako hitzaldian. Eta presidenteari leporatu dio bere karguaz baliatu izana hauteskunde kanpaina egiteko: «Estatuaren baliabideak kanpaina egiteko erabili dituen hautagai-presidente baten aurrean gaude».

Noboak eskerrak eman dizkie haren alde egin dutenei, bozen biharamunean. Atzo irabazi egin zutela esan du, nahiz eta haren alderdiak bertan behera utzi zuen atzo gauean garaipena ospatzeko prestatua zuten ekintza. Presidenteak Ekuadorko Asanblearako bozetan lortutako emaitzak nabarmendu ditu. Izan ere, asanblearen osaera nolakoa izango den ere atzo erabaki zuten. Bitan banatuta geratuko da, eta, lehen aldiz, Noboaren alderdia lehen indarra izango da: behin-behineko emaitzen arabera, Ekintza Demokratiko Nazionalak 66 eserleku izango ditu, eta Herritarren Iraultza Mugimenduak, 64. Gehiengoa edukitzeko 76 ordezkari behar dira.

Daniel Noboa atzo bozka ematen, Olon herrian (Ekuador). CARLOS DURAN ARAUJO / EFE
Daniel Noboa atzo, botoa ematen, Olon herrian (Ekuador). CARLOS DURAN ARAUJO / EFE

Noboa eskuindarra Ekintza Demokratiko Nazionala alderdikoa da, bananen arloko enpresari bat. Herrialdeko presidente izan da 2023ko urritik. Urte hartan eman zuen dimisioa Guillermo Lasso presidente ohiak (2021-2023), eta hauteskundeak aurreratu zituzten haren ordezkoa hautatzeko. Bozen bigarren itzulian gailendu zen Noboa, botoen %52 lortuta. Orduko hartan ere Gonzalez izan zuen aurrean. Herritarren Iraultza Mugimendukoa da Gonzalez, Rafael Correa presidente ohiaren (2007-2017) jarraitzailea.

Beste behin, Ekuadorko gizartean dagoen polarizazioaren isla izan dira hauteskundeak. Alde batetik correistak daude, eta bestetik, Rafael Correak bere agintaldian ezarritako neurri progresisten aurka daudenak.

2021ean, herrialdea segurtasun krisi bete-betean zela hautatu zuten Noboa presidente. 2019an, ehun mila biztanleko zazpi hilketa baino gutxiago zeuden; 2023an, berriz, 46. Noboak kanpaina indartsua egin du krimenaren aurka, eta dirutza bideratu du segurtasun krisiari aurre egiteko. Besteak beste, BEZa %12tik %15era igo du hori finantzatzeko. Gobernuaren datuen arabera, eguneko hilketa kopuruak 22tik hemeretzira egin zuen behera 2024an. 2025ean sartzearekin batera, aldiz, gora egin du berriz ere. Eta joan den urtarrila azken hiru urteetako hilabete odoltsuena izan da: 731 hilketa zenbatu dituzte, ia orduan bat.

Bi hautagai nagusien artean botoen %88 baino gehiago lortu dituzte, eta urrun geratu dira gainerako presidentegai guztiak. Hirugarren izan da Leonidas Iza buruzagi indigena ezkertiarra, botoen %5,3 lortuta. Andrea Gonzalez ingurumenaren aldeko ekintzaileak botoen %2,7 eskuratu ditu, eta gainerako hamabi hautagaietatik batek ere ez du eskuratu botoen %1 baino gehiago.

Bigarren itzulirako babes bila

Noboaren eta Gonzalezen arteko aldea horren txikia izanik, bigarren itzulian funtsezkoak izango dira atzo beste hautagaien alde egin zuten boto emaileak. Horietako batengana hurbiltzen ahalegindu da jada presidentegai correista. Gonzalezek Leonidas Iza zoriondu du, emaitzak jakin ostean egindako adierazpenetan. Izaren Pachakutik mugimendu indigenaren alde egin dutenen botoak eta ezkerreko gainerako hautagaien alde egin dutenenak bereganatzen saiatuko da Gonzalez apirilerako.

Izak, ordea, argi utzi du ez dituztela beren botoak «oparituko». Pachakutikeko hautagaiak gogorarazi du erabakia kolektiboarena dela, eta ez soilik berea. «Esango didate: 'Iza jauna, zuk erabakiko duzu bigarren itzulia'. Baina ez, erabakia ez da Iza jaunarena izango, kolektiboarena baizik», esan du bozen biharamunean, CONAIE Ekuadorko Indigenen Nazio Konfederazioaren egoitzan. Horregatik, nabarmendu du hala Noboak nola Gonzalezek itxaron egin beharko dutela, erabakia «kolektiboki» hartuko dutelako.

Ezker Demokratikoa alderdiak ere sare sozialetan iragarri du ez duela babestuko bigarren txandara igaroko den hautagairik. Talde horretako hautagai Carlos Rabascallek 19.000 boto inguru eskuratu ditu (%0,22); soilik hiru presidentegaik jaso dute Rabascallek baino babes gutxiago.

602

 

Zenbat herritar atxilotu dituzten hauteskunde egunean. Aurrez atxilotze agindua zuten 603 herritar atxilotu zituen atzo Ekuadorko Poliziak. Poliziaren arabera, zenbait delitu egozten dizkiete atxilotuei: besteak beste, lapurretak, sexu erasoak, droga trafikoa eta armak edukitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.