Nkurunziza bakarlari

Presidentetzarako bozak egin dituzte Burundin, baina oposizioa ez da aurkeztu, Nkurunziza presidenteak konstituzioa urratu duela esanda

Nkurunziza bakarlari.
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Normaltasunez mozorrotutako hauteskundeak izan dira Burundin; tentsioa, liskarrak, eta oposizioaren boikota gorabehera, gobernuak presidentetzarako bozak giro arruntean egin nahi izan ditu. Pierre Nkurunziza presidentea jarraian hirugarren agintaldirako aurkeztu da, eta, horregatik, oposizioak konstituzioa «urratzea» egotzi, eta boikotera deitu du. Bozetara ez aurkeztea erabaki duenez, Nkurunzizaren garaipena ziurra da. Bozketa eguna giro nahasian igaro da, eta, nahiz eta herritarrek bozkatzeko aukera eduki duten, oposizioak zilegitasuna kendu die bozei, eta «iruzurtzat» jo dituzte hauteskundeak.

Hauteskundeen aurreko gauean istilu ugari izan dira Bujumbura hiriburuan; leherketa eta tiro hots ugari egon dira, eta, ondorioz, larrialdi egoeran egon dira hiriko hainbat auzo. Goizera arte luzatu dira liskarrak, eta bi lagun hil dituzte; polizia bat eta zibil bat. Bozketa eguna, berriz, istilu handirik gabe igaro da, polizia iturriek Eferi esan diotenaren arabera. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzekin zaindu dituzte bozak. Kaleetan, ordea, presidentearen aurkako giroa nabaria da; goizean presidentearen aurkako manifestazio ugari izan dira. Presidentetza bulegoak adierazi du gertakari horiek hauteskundeak eteteko «ekintza terroristak» direla, eta haien helburua «hautesleak beldurraraztea» dela.

Gertakari horiek, ordea, ez dira hauteskundeetako gorabehera bakarrak, oposiziorik gabeko bozak izan baitira. Nkurunzizak hirugarren agintaldirako aurkeztuko zela iragarri zuen apirilaren amaieran, eta oposizioak erabaki horren aurka egitean piztu zen gatazka. Konstituzioak «zuzeneko sufragio unibertsal bidez» jarraian bi legealdi egitea bakarrik onartzen du. Baina Nkurunzizak argudiatzen du lehenengo agintaldian parlamentuak hauteskunderik gabe hautatu zuela. Nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak arrazoia agintariari eman, oposizioaren gehiengoak ez du hori onartzen; ez dira hauteskundeetara aurkeztu, eta herritarrei boikoterako deia egin diete.

ABko begiralerik ez

Burundiko hauteskunde batzordeak oposizioko kideen izeneieutsi diete bozka paperetan, eta oposizioaren aldeko botoak kontatuko dituela esan du. Baina bai oposizioak eta bai nazioarteko erakunde ugarik zilegitasuna kendu diete. Oposizioak «iruzurtzat» jo ditu hauteskundeak; AB Afrikako Batasunak eta Afrika Ekialdeko Elkarteak adierazi dute Burundiko bozek ez dituztela beharrezko segurtasun neurriak bete, eta emaitzek ez dutela zilegitasunik edukiko. Halaber, Afrikako Batasunak uko egin dio behatzaileak bidaltzeari —lehen aldia da estatu kide batekiko jarrera hori hartzen duela—.

Gatazka hasi zenetik, 80 lagun inguru hil dira borroketan, eta beste 160.000k ondoko herrialdeetara ihes egin dute. Maiatz erdialdera, Nkurunzizaren kontrako estatu kolpe bat ere izan zen, baina egun gutxitara porrot egin zuen. Gatazkak kezka handia eragin du nazioartean. 1993tik 2005era bitartean hutu eta tutsien arteko borroketan 300.000 pertsona hil ziren. Historia errepikatzeak beldurra sortu du askorengan, nahiz eta egun alderdi askotan hutuak eta tutsiak egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.