Ekuadorko aktibista kitxua eta feminista

Paolina Vercoutere Quinche: «Niretzat, sufritutako indarkeria argitara ateratzea da ezkuturik handiena»

Quinchek bizi osoa darama bere herriaren alde borrokan, eta hamabi urte da talde feministetan militatzen ari dela. «Genero indarkeria politikoa» jasan du: «Nik nire alderdian sufritu dut indarkeria politikorik handiena».

Paolina Vercoutere Quinche, Aretxabaletan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Paolina Vercoutere Quinche, Aretxabaletan. GOTZON ARANBURU / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Aretxabaleta
2024ko apirilaren 2a
05:10
Entzun

Paolina Vercoutere Quinche (Frantzia, 1976) aita frantsesa eta ama kitxua dituen Ekuadorko aktibista da —bere ama izan zuen erreferente kitxuen aldeko eskubideen alde borrokan hasteko—, eta Imbabura probintziako prefetordea; hamabi urte dira talde feministetan militatzen ari dela. Euskal Herrian izan zen iragan hilabetean, Garabide gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, Warmi Imbabura proiektua aurkezteko eta finantzaketa bila; hainbat erakunderekin eta talderekin ere bildu zen, hizkuntzaz eta berdintasun politikez aritzeko.

Zer da Warmi Imbabura?

Warmik [emakume esan nahi du] indarkeria matxistaren aurka borrokatzea du helburu nagusi, baita estatu plurinazionala finkatzea ere. Lau ardatz ditugu. Lehena arreta zentroak dira; doako arreta psikosoziala eskaintzen dugu, eta abokatua, gizarte langilea eta psikologoa ditugu. Zure hizkuntzan artatua izan zaitezke, eta, batez ere, garrantzi handia ematen diogu justizia zureganatzeari.

Bigarren ardatza Hambi da, osasun ardatza. Eskualdeetara joaten gara hiru unitate mugikorrekin; horietan, oinarrizko osasun arreta ematen dugu. Baina lan handia egiten dugu eskubide sexualen eta ugalketa eskubideen alde. Hirugarrena eskubideen eskola da; gurean ditugun genero ereduak aldatzeko eta saihesteko erabiltzen dugu. Eta azkenik, Wawa [ume] Imbabura dugu. Elikadura urritasunaren aurka borrokatzea du helburu, eta horrek lotura du uraren arazoarekin. Ikono bihurtu nahi dugu proiektua, ikuspegi intersekzional horrekin.

Zenbat jenderi laguntzen diozue proiektu horren bitartez?

Ez daukat datu hori. Baina nik egin nahi dudana ez doa hainbeste kantitatearekin lotuta, kalitatearekin baizik. Nire baliabide ekonomikoak eta finantza baliabideak oso mugatuak dira. Nire asmoa da emakumeek estatuarekiko konfiantza berreskuratzea. Izan ere, estatua tratu txarren eta mesfidantzaren susmagarria izan da.

Zein izan da Ekuadorko Gobernuaren jarrera Warmi Imbabura sortu duzuenean?

Gobernu zentralaren erantzuna oso ahula da. Ez dute ezertarako gaitasunik. Gobernu zentrala absente dago, eta erdi mailakoek [agintariek] erantzun behar dugu. Testuinguru makroekonomiko batean, erdi mailako gobernuek [foru aldundien tankerako erakundeek] aurrekontu murrizketa handiak jasan ditugu. Guk ez dugu biltzeko gaitasuna, eta estatu zentralak egindako transferentzien bitartez irauten dugu bizirik.

«Proiektua ikono bihurtu nahi dugu ikuspegi intersekzional batetik»

Finantza egoera oso konplexua da, eta horregatik nago hemen. Nire erronka nagusia nazioarteko lankidetza lortzea da. Hainbat erakunderekin bildu naiz. Gure borrokak elkartzen jarraitu behar dugu, nire proiektuak aurrera jarrai dezan.

Kitxuak bigarren mailako herritarrak sentitzen zarete?

Nik uste dut baietz. Eta nire herrialdea ez da Latinoamerikako salbuespena. Konstituzioan eskubide berberak ditugu, baina hori oso diskurtsiboa da. Hezkuntzarako estatistikak begiratuz gero, emakume kitxua batek gehienez bost urtez ikas dezake [eskolan]; aldiz, emakume mestizoek, hamar-hamabi urte.

Diskurtsoek eta konstituzioak berdinak garela esan arren, hori praktikan ez da hala. Kalera joanez gero, konturatuko zara guk dugula enplegurik prekarioena, eta gu garela edozer egiten dutenak bizirik irauteko; askotan, gure umea gainean dugula.

Erraza da instituzioetan kitxuaz komunikatzea?

Ez. Kitxuari ospea kendu diote, menderatuen hizkuntza izango balitz bezala. Erosahalmena duten kitxuentzat ere ez zen batere prestigioduna haien seme-alabek kitxuaz hitz egitea. Ez zituzten eskola kitxuetara bidaltzen, landatarren, txiroen eta bazterrekoen eskolak zirelako, eta ez litzatekeelako lagungarria izango gero unibertsitatera joan nahi izanez gero.

Berreskuratzeko politikak indarrean sartzea oso zaila da, ez delako inoiz halakorik egon estatuan. Imbaburako prefeturara iritsi naizenetik, bostehun funtzionarioetatik hiruk bakarrik dakite kitxuaz. Kitxua modu oso folklorikoan erabili da, baina, hizkuntza eskubideak bermatzerakoan, ez dago arrakastarik.

Horregatik, Warmi Imbabura erabiltzen ari naiz hizkuntzari prestigioa emateko. Adibidez, gure hizkuntzan ez dago indarkeria hitza, eta horren inguruan galdetuta, esaten dute ez dela biolentzia hitza existitzen eta hizkuntza kutsatuko dugula.

Zergatik erromantizatzen da kultura kitxua?

Espainiarrak iritsi zirenetik gu burbuila baten barruan egon garela dirudi. Baina ez da horrela. Historiaren parte gara, eta kapitalismoa, Eliza eta abar ere gure egituren barruan sartu dira. Droga arazoak, matxismoa eta bestelakoak gure lurraldean ere presente daude. Baina arazo horiek areagotuta daude gurean. Izan ere, guk bazterketa historikoa, ekonomikoa eta politikoa jasan behar izan dugu, eta harremanetanemakumeoi egokitu zaigu parterik txarrena.

«Nik ezin nuen fiskalizatu, dena oztopatzen zidaten, ez zidaten informaziorik ematen, bulegoak ixten zizkidaten, ez nuen ez ibilgailurik eta ez inprimagailurik, 'feminazi' eta 'hembrista' deitu didate... Erabateko blokeo politikoa nuen»

Zuk ere indarkeria jasan duzu?

Bai. Kontzientzia politikoa etxean garatu nuen, nire familiarekin eta umeekin. Nire bigarren mailako estatusa, emakume eta emakume kitxuarena, etxean garatu nuen. Baina nik nire alderdian sufritu dut indarkeria politikorik handiena.

Genero indarkeria politikoa jasan nuen lau urtez. Ni hautatua izan nintzen, baina alkate kitxua bati oposizio politikoa egiteagatik baztertua izan nintzen. Nik ezin nuen fiskalizatu, dena oztopatzen zidaten, ez zidaten informaziorik ematen, bulegoak ixten zizkidaten, ez nuen ez ibilgailurik eta ez inprimagailurik ere, feminazi eta hembrista deitu didate... Politikoki erabat blokeatu ninduten.

Prozesu hori oso gogorra izan zen, eta horrek salaketa bat aurkeztera eraman ninduen. Auzia galdu nuen arren, horrek maila nazionalean legea aldatzea ekarri zuen. Warmin zerbitzu publikoetan indarkeriarik ez jasotzeko programa bat abiatu dugu, eta indarkeria politikoa jasan duten emakumeei laguntza eskaintzeko zerbitzua ere badugu.

Zuk jasandako indarkeria politika egiteko baliatu duzu?

Bai. Orain negarrik egin gabe azaldu dezaket, prozesu hori oso gogorra baita, eta nik asko baliatu dut. Feminista naizenez, badakit zein garrantzitsua den gertakari horiek kontatzea. Ni ez naiz isilik gelditu, eta, horregatik, batzuek bozeramaile nazionaltzat hartu naute, emakumeek politikan jasan duguna azaltzeko.

Gainera, espazio politikoa biolentoa da ia naturalki, eta, politikan sartzen bazara, eutsi egin behar diozu, ez? Pertsonaia publiko bat zara, eta eutsi egin behar diozu, ez? Baina emakume gisa sufritzen dituzun gauzak bestelako gauzak dira. Niretzat, [sufritutakoa] argitara ateratzea da ezkuturik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.