Montserrat Bassa irakaslea da (Torroella de Montgri, Katalunia, 1965), eta, joan den apirilaren 28an, ERC Esquerra Republicanako diputatu hautatu zuten Espainiako Kongresurako, Gironako barrutiko zerrendaburu independente gisa. Ahizpa du Dolors Bassa Generalitateko Lanaren, Familien eta Gai Sozialen Saileko kontseilari ohia, iazko martxoren 23tik behin-behinean kartzelatua, zeina epaitzen ari baita Auzitegi Gorena gaur egun, beste lider independentista katalan batzuekin batera.
Nola eragin dio zure bizitzari ahizpa kartzelan edukitzeak?
Argi dago goitik behera aldatu zaidala bizitza. Hainbat fase izan nituen, beste senide guztiek bezala. Lehenbizikoa dolu izugarri bat izan zen; ia ezin erreakzionaturik geratu nintzen, baina, zorionez, harremanetan egon nintzen asko lagundu zidan jende batekin eta jende oso aktibistarekin, eta hori mugarri bat izan zen niretzat. Handik hilabete gutxi batzuetara, kalera irteten eta jendearekin egoten hasi nintzen, aktibismoan, eta horrek asko indartu nau. Horregatik diot bizitza asko aldatu zaidala: ni irakaslea nintzen, eta, orain, berriz, kausari zuzenean emana bizi naiz ia erabat.
Zein da presoen senideen eginkizuna, eta zein uste duzu izan behar lukeela?
Presoei babes osoa ematea; horixe egiten dugu guk. Esaten dut norberaren burua engainatzea dela pixka bat, zeren, arazoren bat baldin badugu ere, haiek ikustera joan eta indartsu itxurak egiten ditugu, bai baitakigu haiek badituztela beren arazoak, eta, beraz, geureei garrantzia kentzen saiatzen gara. Gure eginkizuna da haiek ahalik eta gehien babestea, eta nik, babes emozionala emateaz gainera, kontatzen diet nola dagoen egoera politikoa, soziala... Mundua dagoen bezala egonda, denbora faltan ibiltzen gara!
Ingurukoak garrantzitsuak dira.
Ezin argiago dugu hori; osasun mentalagatik, ezin da dena familiara soilik mugatu. Gure kasuan, familiakoak eta bestelako jendea joaten zaio bisitan, txandaka. Hori ere egin behar izaten dugu senideok: bisita agendak antolatu. Eta oso garrantzitsua da, zuk ondo baitakizu zein komeni den bisitan joatea eta zein ez, unean-unean. Nik asko hitz egiten dut Dolorsekin, eta hori badakit; berak ere esaten dit, eta argi dago zein den nire egitekoa arlo horretan.
Senideen behar bati erantzuteko sortu al zen Eskubide Zibilen Aldeko Kataluniako Elkartea? Denek elkarrekin jarduteko plataforma bateratu bat al da?
Sortu zen garaian, [2017ko] azaroaren ostean, gauzarik oinarrizkoenetan elkar laguntzea zen behar nagusia: logistika. Horretaz ez baikenuen ideiarik ere: nola egin behar ziren paketeak, nola den bisiten kontua kartzelan... Horrek gutxi iraun zuen, ordea: berehala konturatu ginen eginkizun garrantzitsua genuela. Jendearen berotasunari eutsi nahi genion, konplizitateei, eta, horregatik, oso argi ikusi genuen elkarte bat sortu beharra zegoela eskubide zibilak defendatzeko, eskubideen urraketak salatzeko, hori guztia ahalik eta gehien eramateko nazioartera. Nahiko aktibo gabiltza.
Baliagarria izan al zaizue euskal presoen senideen esperientzia, nahiz eta Euskal Herrian eta Katalunian oso ezberdinak diren bai egoera politikoa eta bai presoen egoera?
Euskal presoen egoera oso ezberdina da, baina erreferente izan da guretzat. Sekula ez genuen izan hainbesteko jakin-minik eta enpatiarik; eta ez hori bakarrik: adibidez, denok batera Europako Parlamentura joan ginenean Espainiaren errepresioa salatzera, haiek asko lagundu ziguten. Koska bat aurrerago daude espetxeratuen babesari dagokionez, eta laguntza ematen ari zaizkigu.
Eskubideak urratzen ari dira, eta errepresioa etengabea da. Ikusten al diozu konponbiderik gaur egungo egoerari?
Gauza bat argi dut: denbora luzea daramagula kalean presio egiten: xingolak, manifestazioak, espetxeetako elkarretaratzeak direla… Hori oso ondo dago jendearen berotasunak bizirik segi dezan, baina ni pragmatikoa naiz aspalditik, eta jabetuta nago horrek ez duela balioko gure presoak askatzeko. Konponbideak politikoa behar du izan; ez dago beste aukerarik. Besteak beste, horregatik animatu naiz aktibismotik harago egin eta politikaren lehen lerroan jardutera. Nire ustez, oso kutsatua dago dena. Bide judizialetik, indultua exijitzea beste biderik ez dugu, horixe merezi baitute. Baina, zoritxarrez hori lortzen ez badugu, Europako bidearen zain gelditu beharko dugu. Bitartean, konponbide bakarra ikusten dut: elkarrekin hitz egitea, barruan dugun amorru hori guztia irenstea, amorru hori indar bihurtzea, eta modua aurkitzea elkarrekin ados jartzeko. Egoera horretara ez itzultzea lekuz kanpo dagoela iruditzen zait.
Presoak egoera batean daude, eta erbesteratuak, beste batean. Gatazkarik piztu al dezake bakoitzarentzat taktika ezberdina erabili behar izateak?
Elkartekook oso garbi daukagu denak direla errepresaliatuak, hala nola Tamara [Carrasco, CDR auzipetua] edo Espainiaren errepresioa pairatzen ari den beste edonor. Ni hasi berria naiz honetan, baina politikoki uste dut sekula ez dudala aditu ezberdintasun horien inguruko kritikarik; iruditzen zait errespetu handia dagoela. Dolors bera Bruselara joan zen, baina itzuli egin nahi izan zuen. Nolanahi ere, beti errespetatu da bakoitzaren erabakia, oso ondo errespetatu ere. Azken batean, erbestean bizitzea ere bada preso bizitzea: bestelako espetxe bat da, baina ez da inolako oparia. Senide guztiak batuta gaude.
Orain, Dolorsen bozeramaile politikoa zara, eta politikaren lehen lerroan jarri zara: ERCren Gironako zerrendaburua zara, eta diputatu aukeratu zaituzte. Beste modu batean ulertzen al duzu orain konpromiso politikoa?
Alde horretatik ez dut aldaketa handirik sumatu, gure familian beti DNAn eduki baitugu kontzientzia politikoa. Niretzat, bide hau gehiago izan da bilakaera natural bat, elkarrizketarako bideak irekitzeko. Esan bezala, pauso hori eman dut; hein batean, ahizpak berak eta Esquerrako gainerako taldekideek animatuta.
Horrek arrakalaren bat eragin al dezake senideek daukazuen estrategia bateratu horretan?
Nik oso argi daukat ezetz. Beti egongo gara ados gai nazionaletan; ekiteko batasuna argia eta garbia da. Eta niretzat Kataluniako Errepublika eratzea da lehentasuna, ez dira soilik presoak, nahiz eta nik kartzelan daukadan ahizpa. Errepresioa da hartzen ari garen ordaina, baina ni ez nago hemen nire senide batenganako elkartasunagatik bakarrik, ezta gutxiago ere. Batzuk zerrenda bereizien inguruan eztabaidatzen ari dira, baina, nire ustez, debate hori gainditua dago. Kontua zen ahalik eta jende gehiena izatea independentista. Kataluniaren independentzia da helburua, eta ekiteko batasuna bermatuta dago.
Som el 80% plataformaren arabera (%80 gara), hiru gaitan lortu behar da ados jartzea. Uste duzu hori dela ekiteko batasun beharrezkoa?
Hiru oinarri dira, bai: presoak berehala askatzea; errepresio politikoa bukatzea; eta baldintzarik gabe negoziatzen hastea, konponbide politiko benetako bat iristeko. Hori da logikoa, eta herritar gehienak ados daude horrekin, argi geratu den bezala. Katalanen %80 botoa ematearen, hitz egitearen alde bagaude, horren bila joko dugu Madrilera, eta daukagun indarra aprobetxatuko dugu elkarrizketa baldintzatzeko. Ez gara joango ezer blokeatzeko asmoz, zeren horren zuzeneko ondorioa izaten baita eskuinak eremu batzuk bereganatzea. Adostasuna behar dugu, eta, horretarako, eseri egin behar dugu, eta hitz egin, itun bat lortzeko.
Montserrat Bassa. ERC Esquerra Republicanako hautetsia
«Niretzat, errepublika eratzea da lehentasuna, ez soilik presoak »
Espainiako Kongresurako diputatu aukeratu dute. Bere ahizpa behin-behinean kartzelatua dago, eta Eskubide Zibilen Aldeko Kataluniako Elkarteko kide da. Adostasuna eta elkarrizketa aldarrikatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu