«Nik ez nuen Irakeko gerrara joan nahi»

AEBetako presidente izandakoak, George Bushek, bere memoriak plazaratu berri ditu; bertan defendatu egiten ditu kritika gogorrak eragin zituzten agintaldiko hainbat erabaki.

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Liburu honekin eta denboraren joanarekin jendea ohartuko da Bush benetan zintzoa eta asmo oneko gizona dela», dio Mark McKinnon aholkulari errepublikanoak. Hari entzunda, pentsa daiteke George Bush presidente ohiaren memoriak jasotzen dituen Decision Points liburuak mirariak egin ditzakeela. Haren aurkezpena baliatuz esandakoek, ordea, lehendik jakina zena berresten dute, alegia, buruzagi errepublikanoa ez dela egindako okerrengatik barkamena eskatzen duten horietakoa. Soilik bi erabakiz damutzen da bere memorietan, 2003an gerra amaitutzat eman izanaz eta 2005ean Katrina urakana igaro berritan New Orleans hegazkinez zeharkatu izanaz, airekotik jaitsi ere egin gabe, horrek bere irudia kaltetu zuelako; Al Kaedako kide ohiak torturatu izana eta gerra hasi izana, aldiz, «egin beharrekoak» izan ziren Bushen iritziz.

Asko dira Irakeko gerra hasi izana inoiz barkatu ez diotenak. Maiz leporatu izan diote suntsipen handiko armen aitzakia baliatu izana aitak ezin izan zuena lortzeko, alegia, herrialdea okupatzeko. Berak, baina, besterik dio: «Nik ez nuen Irakeko gerrara joan nahi. Diplomaziari aukera eman nahi nion. Baina egindakoagatik barkamena eskatzea, oker egin genuela aitortzea litzateke, eta hori ez da hala. Orain Iraken demokrazia gazte bat dago. Eta irakiarrak hobeto daude torturatu eta hil beharrean haien galderei erantzuten dien gobernu batekin». Saddam Hussein presidenteak omen zituen suntsipen handiko armei buruz galdetuta, berriz, ez zituztela aurkitu pentsatzen duen aldiro «goragalea» sentitzen duela dio.

Torturak, legezkoak

Atxilotuei itolarria eragiteko teknika edo waterboarding-a erabiltzea ere ontzat eman du estatuburu ohiak, hari esker «jende asko salbatu» omen zutelako. «AEBei berriz erasoko zietela uste genuen. Hala ematen ziguten aditzera informazio iturriek. Al Kaedako buruetako bat gure esku zegoen, eta informazioa zuela esan zidaten. Zer zekien jakiteko agindu nien. Niretzat waterboarding-a legezkoa da, abokatuak horixe esan zidalako. Ez ginela inongo itunik urratzen ari esan zuen».

Bushek berak liburuan aitortzen du Khalid Seikh Mohammedekin 183 alditan erabili zutela itolarria eragiteko teknika, eta Abu Zabetarekin, berriz, 80 aldiz. Honetan datza teknika hori: ohol bertikal bati lotu eta gero, ahoa zintaz edo zapi batez estaltzen diote atxilotuari, eta gero ura botatzen diote aurpegira; handik gutxira, ura sudurretik hartzen hasi ahala, itolarria sentitzen dute. Estatuburuaren ustetan, hala ere, islamaren euren ikuskerak galdeketak jasateko «prestatzen» zituen. «Interesgarria da, ezta? Jende asko atxilotu genuela ohartu nintzen, eta teknika hau hiru alditan erabilita informazio ugari lortu genuen. Egin genezakeen hoberena zen». Teknika hori bera estatubatuar batekin erabiltzea zilegi ote litzakeen galdetuta, baina, isilik geratu da Bush.

Itolarria eragiteko teknika ez ezik, bestelakoak ere erabili zituzten Irakeko Abu Graib espetxean. Han presoak jipoitu, bortxatu eta torturatu zituzten, eta haietako batzuk hil ere egin zituzten. Estatuburu izandakoa ikusitakoaz atsekabetuta agertu da elkarrizketan, baina presoek sufritutakoengatik baino gehiago, soldaduek «armadaren irudia itsustu» zutelako. Hala ere, uko egin zion Donald Rumsfeld Defentsa ministroaren dimisioari. «Rumsfelden dimisioa ez onartzea erabaki nuen, postu horretarako bera baino hoberik ez zegoelako».

Bi hondamendi

Bi sarraskik markatu zuten Bushen agintaldia, irailaren 11ko atentatuek eta Katrina urakanak, eta bietan motelegi mugitzea egotzi zioten Bushi. Lehenengoan eskola bateko haurrei ipuin bat irakurtzen ari zen, hegazkin batek New Yorkeko dorre bikiak jo zituela esan ziotenean. «Hegazkin hark munduko piloturik okerrena eduki behar zuela pentsatu nuen hasieran. Han eserita geratu nintzen zazpi minutuz. Hala egin nuen kaosa ez eragiteko, jendea nire erreakzioaren zain egongo zelako. Ez nengoen shock egoeran».

Katrina-ren kasuan, berriz, egunak behar izan zituen orduan presidente zenak urakanak eragindako hondamendian harrapatutako milaka eta milaka herritarri laguntzeko. «Hutsegitea izan zen New Orleans zeharkatzea nire hegazkinarekin. Errealitatetik urrun nengoen itxura eman nuen; nire irudiari kalte egin zion. Gobernu osoaren hutsegitea izan zen berehalako erantzunik ez ematea». Ekidin zitekeen «hutsegite» haren ondorioz, 1.836 lagun hil ziren.



Fitxa

Egilea: George W. Bush.

Izenburua: Decision Points.

Generoa: Memoriak.

Argitaletxea: Crown Publishers.





Esandakoak

IRAK

«Diplomaziari aukera eman nahi nion. Baina egindakoagatik barkamena eskatzea, oker egin genuela aitortzea litzateke, eta hori ez da hala. Orain Iraken demokrazia gazte bat dago».

TORTURAK

«Jende asko salbatu genuen. Al Kaedako buruetako bat gure esku zegoen, eta informazioa zuela esan zidaten. Zer zekien jakiteko agindu nien. Niretzat waterboarding-a legezkoa da abokatuak horixe esan zidalako».

IRAILAREN 11

«Eserita geratu nintzen zazpi minutuz. Hala egin nuen kaosa ez eragiteko, jendea nire erreakzioaren zain egongo zelako. Ez nengoen shock egoeran».

'KATRINA'

«Akatsa izan zen New Orleans zeharkatzea nire hegazkinarekin. Nire irudiari kalte egin zion. Gobernu osoaren akatsa izan zen berehalako erantzunik ez ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.