Nigerrek ohartarazi du «indartsu» erantzungo duela esku hartze militarrik bada

Herrialdeko aire eremua itxi du junta militarrak, eta «gerrarako plan bat» finkatzea egotzi dio Ecowasi. Blokea etzi bilduko da egoeraz hausnartzeko

Nigerko junta militarraren aldeko manifestariak, igandean, Niamein, Ecowasen aurkako pankarta batekin. ISSFOU DJIBO / EFE.
Julen Otaegi Leonet - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Amaitu da kortesiazko epea, eta tentsioa areagotzen hasi da Afrika mendebaldean. Nigerko junta militarrak herrialdeko aire eremua itxi zuen atzo, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak militarki esku hartzeko aukeraren harira, eta nabarmendu zuen «prest» daudela «herrialdearen osotasuna defendatzeko». Bide beretik, kolpistek ohartarazi zuten «erantzun indartsua eta berehalakoa» jasoko duela Nigerko aire eremuan baimenik gabe sartzen den edonork.

Blokeak astebete eman zion junta militarrari Mohamed Bazoum presidentea agintera itzularazteko; igande gauerdian amaitu zen hori. Armetara jotzea Ecowasen «azken baliabidea» litzateke; dena dela, junta militarrak ohartarazi zuen «gerrarako plan bat» finkatu duela blokeak, eta eskualdeko bi herrialde hasiak direla erasorako prestatzen. «Atzerriko potentzia» bat ere horretan ari dela jakinarazi zuen Nigerrek.

Hamabost herrialdek osatzen dute Ecowas erkidegoa, eta gehientsuenak lerrokatu dira Nigerko estatu kolpearen kontra. Negoziazio politikoen bideak itxita daudela dirudi oraingoz; Ecowas militarrekin eta Bazoumekin elkartzen saiatu zen joan den astean, baina huts egin zuen.

Etzi Abujan bilduko dira berriz blokeko ordezkariak, Nigeriako presidente eta blokeko txandakako buruzagi Bola Tinubuk eskatuta. Sare sozialetan plazaratu zuten oharraren arabera, «Nigerko egoera politikoaz hitz egiteko». Erakundeak ez zuen beste xehetasunik eman.

Nigeriak, Beninek, Boli Kostak eta Senegalek jada baieztatu dute beren armadak eskura dituztela Nigerren esku hartzeko eta «ordena konstituzionala berriz ezartzeko». Nigeriak du erkidegoko armadarik handiena eta indartsuena. Uzkur daude, ordea. Tinubuk erasoaldiaren alde egin zuen Bazoum agintera bueltatzeko. Herenegun, baina, Nigeriako Senatuak uko egin zion presidentearen nahiari, eta beste bideren bat bilatzeko eskatu zuen.

Dena den, ez litzateke lehen aldia Nigeriak militarki esku hartzen duena Senatuaren onespenik gabe. 2017an, Muhammadu Buharik, orduko gobernuburuak, militarrak bidali zituen Gambiara, goi ganberaren nahiaren aurka. Esku hartzearen ondorioz, kargutik kendu zuten Yahya Jammeh jarduneko presidentea—oposizioko buru Adama Barrowk irabaziak zituen hauteskundeak, baina Jammehk uko egin zion kargua uzteari—.

Hala ere, agerikoa da Ecowasen parte diren herrialdeen arteko zatiketa. Junta militarrak daude agintean Gineako Errepublikan, Malin eta Burkina Fason. Eta azken bi horiek jada argi utzi dute Nigerren kontrako oldarraldia haien kontrako «gerra deklarazio bat» litzatekeela. Hori dela eta, Nigerko estatu kolpetik bi astera, Frantziak iragarri du Burkina Faso ekonomikoki laguntzeari utziko diola «beste agindurik eman arte».

Aurretik, laguntzak eten zizkion Frantziak Nigerri ere. Ecowasek ere zigor ekonomikoak ezarri zizkion; besteak beste, energia salerosketak etetea. Neurria presio handikoa da Nigerrentzat, kontsumitzen duen energiaren %90 eskuratzen baitu Nigeriatik, Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziaren arabera.

Militarren kolpearen ondotik, herrialdeko muga guztiak itxi zituzten. Hortik astebetera, junta militarrak mugako bide batzuk ireki zituen. Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin dituen mugak zabalik daude; aldiz, oraindik itxita daude Beninekin eta Nigeriarekin dituenak.

Igandean, Nigerko junta militarraren 30.000 jarraitzaile inguru bildu ziren Niameiko Seyni Kountche estadioan. Juntako buruzagien irudiekin eta Errusiako banderekin bertaratu ziren zenbait.

Nazioarteko babesa

Gaur-gaurkoz, esku hartze militar batek ez luke izango NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren babesik, hartako kideen jarrerak ere ez baitatoz bat. Frantziak, zeinak interes ekonomikoak dituen herrialdean, argi utzi du sostengatu egingo duela Ecowasen edozein ekintza. Errusiak, aldiz, ez du esku hartzerik nahi, baina Wagner talde paramilitarrak laguntza eskaini die kolpistei. Ez litzateke lehen aldia estatu kolpe bat jo duten militarrek talde mertzenario hori kontratatzen dutena: Malin, esaterako, 2021etik ari dira armadari laguntzen, eta haien eragina handia da Afrika Erdiko Errepublikan eta Libian ere.

Bestalde, Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik itxaropena agertu zuen atzo Ecowasek luzatu egingo duela junta militarrari ezarritako epemuga eta elkarrizketak lehenetsiko dituela. Hala adierazi zuen La Stampa egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: «Diplomazia da bide egoki bakarra». Hala ere, okerrenerako prestatu da Italia bera ere, eta tokia egin du herrialdean duen base militarrean, borroketatik ihesi italiar zibilik helduko balitz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.