Nigerko presidente kargugabetua epaituko dute «traizioa» egotzita

«Barneko nahiz kanpoko segurtasuna arriskuan» jartzea egozten diote 63 urteko buruzagiari. Ecowasekin biltzeko prest agertu dira militarrak

Hainbat ibilgailu erreta Niamein, Mohamed Bazoum presidente kargugabetuaren alderdiaren egoitza parean. I. D. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
«Traizioa» egotzi diote Nigerko presidente kargugabetuari, Mohamed Bazoumi. Hala jakinarazi zuen herenegun iluntzean junta militarreko bozeramaile Amadou Abdramanek. «Barneko nahiz kanpoko segurtasuna arriskuan» jarri izana leporatzen diote 63 urteko buruzagiari. Bazoum eta haren familia presidentearen jauregian preso daude militarrek estatu kolpea eman zutenetik, uztailaren 26tik. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak gaitzetsi egin zuen kolpea, eta estatuburua aske uzteko eskatu zien militarrei.

Azken egunetan, presidente kargugabetuaren osasunaren inguruko kezka agertu du aliantzak, argudiatuta hura eta haren familia argindarrik, edateko urik eta janaririk gabe egon direla zenbait egunez. Abdramanek, baina, ukatu egin zituen salaketak, eta esan zuen larunbatean medikuak ikusi zuela Bazoum, eta haren osasuna ona zela. Bide batez, armadaren bozeramaileak kritikatu egin zituen Ecowasek Nigerri ezarritako zigor ekonomikoak: «Legez kanpokoak, lotsagarriak eta ankerrak dira [zigorrak], eta zaildu egiten dute herritarren egunerokoa, arazo gehiago izango dituztelako botikak, janaria eta argindarra eskuratzeko».

Bazoumen aurkako neurrien berri jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, Nigerko kolpistak Nigeriako ordezkaritza batekin bildu ziren. Taldeko buru Abdullahi Bala Lauk Al-Jazeera telebista kateari azaldu zionez, euren helburua izan da Niameiren eta Ecowasen arteko «bideak zabaltzea» elkarrizketak ahalbidetzeko. Bala Lauren esanetan, batzarrean junta militarreko buru Abdourahamane Tchianik ontzat jo zuen aliantzako ordezkaritza batekin zuzeneko elkarrizketak hastea, baina ez zuten zehaztu noiz izango diren.

Ecowasek behin eta berriz eskatu die militarrei atzera egin dezatela eta aska dezatela Bazoum presidentea. Orain arte zenbait saio egin dituzte kolpistekin biltzeko, baina armadak uko egin die, «segurtasunik eza» argudiatuta. Hala, joan den astean blokeak estatu kideei eskatu zien presta zitzatela beren armadak Nigerren esku hartzeko. Aliantzako behin-behineko presidentea da Nigeriako estatuburua, Bola Tinubu, eta bera da estatu kolpearen aurka gogorren hitz egin duten buruzagietako bat ere.

Harremanak estutuz

Bestelakoa da Nigerren eta aurrez estatu kolpeak izan dituzten blokeko beste herrialdeen arteko harremana. Malik eta Burkina Fasok iragarria dute ez dutela esku hartuko Nigerren aurkako eraso militar batean, eta, halakorik gertatuz gero, Niameiren aldean kokatuko direla. Beste hainbeste egin du Gineak ere.

Joan den larunbatean, Nigerko junta militarrak ordezkaritza bat bidali zuen Gineako hiriburura, hango gobernuaren babesa eskertu eta harremanak estutu nahian. «Panafrikarrak gara. Gure herriak arazoak dituenean, han gaude eta han egongo gara», berretsi zuen jarduneko presidente Mamady Doumbouyak.

Mendebaldearentzat kolpe gogorra izan da Nigerko estatu kolpea, besteak beste, orain arteko gobernua aliatu zutelako Sahel eskualdeko indarkeria oldea geldiarazteko ahaleginean —AEBek eta Europak milaka milioiko inbertsioa egin dute Nigerko militarrak trebatzen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.