Nigerren estatu kolpea eman duen junta militarrak bart gauean jakinarazi zuen berriz zabaldu dituela Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin herrialdeak dituen aire eta lur mugak. Juntak asteazkenean itxi zituen mugak, Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota eta konstituzioa indargabetu zuela adierazi zuenean. Nigerrek beste bi herrialderekin ere badu muga; oraingoz, kolpistek ez dute ezer esan zer pasatuko den Nigeriaren eta Beninen kasuan.
Berriz ireki dituzten mugak urruneko basamortuetan daude batez ere. Nigerren merkataritza funtsezko sarrerak itxita daude, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak agindutako zigor ekonomikoen ondorioz; horrekin batera, Ecowasek igandera arteko ultimatuma eman zien kolpistei agintea utzi eta Bazoum estatuburu kargura itzularazteko.
Ecowasek ordezkaritza bat bidali du gaur Nigerrera, estatu kolpea eman zuten militarrekin negoziatzeko. Eta, gaur ere, Ecowaseko Defentsa ministroek bilkura bat hasi dute, herrialde horretako egoera politikoaz aritzeko; etzi arte iraungo du.
Nigerren dagoen ordezkaritzako kide Abdel-Fatau Musahek gaur esan du joan den asteburuan egin zuten mehatxua, indarkeria erabiltzekoa, «mahai gainean dagoen azken baliabidea» dela, baina «prestatu» beharra dagoela horretarako ere. Hori ikusirik, Malik eta Burkina Fasok gogor erantzun zuten herenegun, adierazita «gerra deklarazio baten parekoa» litzatekeela esku hartze militar bat.
Estatu kolpearen ondoren, Niger junta militar baten gidaritzapean dagoen Afrika mendebaldeko laugarren herrialdea da, Malirekin, Gineako Errepublikarekin eta Burkina Fasorekin batera.
Ebakuazioekin segitzen dute
Segurtasun egoera okertu denez, eta Maliren eta Burkina Fasoren adierazpenen ostean, hainbat herrialde beren herritarrak ebakuatzen hasi ziren atzo, beren kabuz edo aliatuen laguntzari esker. Beste batzuk ebakuazio planak prestatzen ari dira. Gehienbat Europako herritarrak zeramatzaten lehen hegazkin militarrak Parisen eta Erroman lurreratu dira gaur.
Adibidez, Frantziako Atzerri ministro Catherine Colonnak aditzera eman duenez, arratsalderako 736 pertsona ebakuatu dituzte —gehienak zibilak dira—, hiru hegalditan. Baina hegazkin horietan beste herrialde batzuetako herritarrak ere joan dira, hala nola Portugalgoak, Belgikakoak, Alemaniakoak, AEBetakoak, Kanadakoak, Libanokoak, Japoniakoak eta Nigerkoak bertakoak.
Bitartean, estatu kolpea babesten duen Nigerko M62 mugimendu zibilak dei egin die Niamei hiriburuko biztanleei «mobiliza daitezen» eta nazioarteko aireportua blokeatu dezaten, «kanpaldi herritar bakezale» baten bidez; hori egitea nahi du atzerriko indar militarrek herrialdetik alde egin arte. M62 Mugimenduak antolatu zuen igandean hiriburuan Frantziaren enbaxadaren kontrako erasoekin amaitu zen manifestazioa.