Frantziako Errepublikako presidentea, 2016an, UMP alderdiko primarioak irabaziko dituen hautagaia izanen da. Hori diote, behintzat, eskuineko diputatuek, eta baita ezkerreko batzuek ere. Oraindik ez gara horretan. Lehenik, alderdiaren burua izendatu beharko dute UMPko militanteek, gaur. «Nicolas Sarkozyk aise lortu beharko luke alderdiaren burutza», iritzi dio bozkatuko duen diputatu batek: «Bruno Le Mairek %25 ukan behar luke, eta Herve Maritonek, %5 eta %10en artean».
Alderdiko presidentetza nork irabaziko duen jakiteko duda gutxi, bada. Dena den, Sarkozyk jasoko duen babesaren tamainak bere garrantzia ukanen du. Botoen %70 gainditu ezean, porrot bat litzateke haren itzulera. 2004an, UMPren burua hartu zuelarik, militanteen %85ek eman zioten sostengua.
Beste bi hautagaiek, Le Maire Laborantza ministro ohiak eta Mariton diputatuak, ez diote ezer erraztu. Biek eragina ukan dute presidente ohiaren kanpainan. Le Mairek primario zabalduen antolakuntza proposatu du hastapenetik, erran nahi baita, zentristei eta eskuin osoari zabalduak. Maritonek, homosexualen ezkontzaren legea ezeztatzea. «Ez gara %10era iritsiko, beharbada», aitortu du Philippe Gosselin diputatuak, Maritonen aldekoak; «baina, bederen, gai kontserbadoreak sarrarazi ditugu Sarkozy eta Le Mairen mintzaldietan».
Homosexualen ezkontza
Homosexualen arteko ezkontzaren gaiak zatitu ditu gehien hautagaiak. «Taubira legea osoki berriz idatzia izan beharko da!», bota zuen Sarkozyk azaroaren 15ean, lege horren aurkako mugimendutik sortutako Sens Commun UMP taldeari. Bertako militanteentzat proposamen hori ez zen aski. Orduan Sarkozyk segitu zuen: «Nahiago baduzue ezezta dezagun, lege berri baten sortzeko. Aldaketa merkea da!». Lehen aldiz, ezkontza homosexualari oposizioa eman zion Sarkozyk.
Proposamen hori «ahulegia» da Maritonentzat. «Sarkozyk legea ezeztatu nahi du, baina berridazteko artikulu garrantzitsuena atxikiz», deitoratu zuen diputatuak asteazkenean. «Ni oso argi naiz: egiazki legea ezeztatzea nahi dut». Ezeztatzearen aurka den bakarra Le Maire da.
Errepublikako presidentea aukeratzeko primarioen antolakuntza UMPko buruaren lan garrantzitsuenetako bat izanen da. Hiru hautagaiak ados dira eskuinari eta zentroari zabaldu behar direla. Nahiz eta Sarkozyk ez duen luzaz argiki onartu, joan den asteazken arte: «Berriz erraten dut, inork dudarik ukan ez dezan: primarioak izanen dira; 2016an iraganen dira, eta zabalduak izanen dira», agindu zuen Sarkozyk Le Figaro kazetan emandako elkarrizketa batean.
Ikusgai dago nolako zabaltzea izanen den. 2011n PSk egin zuen gisan egiten badu UMPk —bozkatzeko euro bat ordainarazi zuten soilik—, parte hartze handia bil lezakete; 2,9 milioik bozkatu zuten bigarren itzulirako 2011n. Ordea, prezioa igoz, boto-emaileen kopurua murriztuz joango litzateke. «Ene ustez, hobe genuke PSren modeloa segitzea», esplikatzen du UMPko diputatu batek. «Jende gehiago bilduko genuke. Baina posible litzateke UMPko presidenteak legeak aldatzeko gogoa ukaitea azken mementoan».
2016ko primarioetarako beste hautagaien kezka horretan da. «Alderdiaren presidente berriak bere asmoak argiki adierazi beharko ditu. Bere proposamenak onargarriak diren ikusiko dugu», idatzi zuen Juppek astelehenean, bere blogean, primarioei buruz.
Juppe eta Fillonen susmoak
Alain Juppe eta François Fillonek, 2016ko beste bi hautagaiek, badute kezka argi bat: Sarkozyk alderdiaren kontrola hartu eta primarioak bere onerako antolatuko dituela. Juppek nahiz Fillonek emaitza hobeak dituzte frantses populazio osoa kontuan hartzen duten inkestetan. Presidente ohiak, ordea, sostengu handiagoa du UMPko militanteak kontuan hartuz soilik.
Beste gai batek banatzen ditu Sarkozy, Le Maire eta Mariton: UMPren geroak. Bygmalion aferaren ondorioz alderdiaren irudia okertu da. Horregatik, hautagai bakoitzak bere proposamena badu makurraren zuzentzeko. Maritonek alderdiaren gastuak apaldu nahi ditu; Le Mairek, militanteak bozkarazi gai garrantzitsuetan; Sarkozyk, berriz, izenez aldatu nahi du. «Erokeria bat», Laborantza ministro ohiarentzat. Frantziako presidente ohiak zentristak eta eskuina bildu nahi ditu alderdi berri batean. Beste biek ere zentristekin lan egin nahi dute, baina ez alderdi berri bat sortuz, baizik eta 2016ko primarioak elkarrekin batuz soilik.
Nicolas txikiren itzulera
UMPren presidentea aukeratzeko barne bozak gaur dira. Homosexualen ezkontzaren legearen eztabaidak eta primario zabalduen antolakuntzak markatu dute kanpaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu