Eskozia

Nicola Sturgeonek Eskoziako lehen ministro kargua utzi du

Jardunean arituko da SNPk ordezko bat hautatu bitartean. Azken zortzi urteetan egindako lanaz «harro» agertu da, baina aitortu du «luzeegi» egon dela agintean

Nicola Sturgeon Eskoziako jarduneko lehen ministroa, atzo, dimisioa iragartzeko prentsaurrekoan, gobernuburuari dagokion etxebizitza ofizialean. EFE.
Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dimisioa eman zuen atzo ezustean, bai gobernuburu kargu gisa, baita SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi gisa ere. BBC kateak zabaldu zuen albistea, goizean, eta eguerdian eman zituen azalpenak Sturgeonek berak, gobernuburuaren egoitzan egin zuen agerraldian. 2014an hartu zuen lehen ministro kargua eta SNPren buruzagitza, Alex Salmondek dimisioa eman ondoren, eta Eskozian agintean denbora gehien egon den politikaria bilakatu da urteotan.

Kargu horretan egon den lehen emakumea izateaz eta lehen ministro lanetan denbora gehien egon dena izateaz «harro» agertu zen Sturgeon, eta iragarri zuen gobernuburu lanetan jarraituko duela alderdiak ordezkoa aukeratu bitartean: «Munduko lanik hoberena izan da hau. Ordurik zailenetan eta unerik gogorrenetan eusteko indarra eman dit, baina garrantzitsua da jakitea noiz den garaia beste norbaiti tokia egiteko».

Gobernuburuak zehaztu du kargua uztearen arrazoia ez dela «epe motzeko presioa», karguari lotutako bestelako ardura batzuk baizik. «Hainbat astez barne borroka batean aritu naiz, eta bi galdera egin dizkiot neure buruari: karguan jarraitzea onuragarria da niretzat? Eta, garrantzitsuagoa, nik karguan jarraitzea onuragarria da herrialdearentzat, alderdiarentzat eta bizi osoan defendatu dudan independentziaren kausarentzat? Erantzuna ezezkoa da», adierazi zuen.

Lehen ministro lanean aritzeko modu bakarra norberak duen guztia karguari ematea dela nabarmendu zuen Sturgeonek, eta jarraian azaldu zuen «luzeegi» jo duela bere agintaldiak. Sturgeonen hitzetan, «oso gogorra» izan da politikako lehen lerroan aritzea: «Ondorioak izan ditu buruko osasunean eta osasun fisikoan, eta, Eskoziak dituen erronken neurria kontuan izanik, indarra duen norbait behar da lan honetan».

Sturgeonek ospe handia du herritarren artean, eta ibilbide luzea egin du politikan, baina ez du lortu bere helburu nagusia: bigarren independentzia erreferenduma antolatzea. Hainbatetan eskatu dio Londresi horretarako baimena, baina beti ezezkoa jaso du, Erresuma Batuko lehen ministroa Theresa May, Boris Johnson, Liz Truss edo Rishi Sunak zela ere; gainera, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren epaiak —Eskoziak ezin duela Londresen baimenik gabe galdeketa batera deitu— egoera zailean utzi zuen agintari independentista.

Gobernuburuak aitortu zuen garai «zailean» utziko duela kargua, eta «kolpe gogorra» izan dela Londresek bigarren erreferenduma blokeatu izana. Alde horretatik, berretsi zuen Eskoziako bozek erabakigarriak beharko luketela, eta de facto erreferendum baten balioa izan. Zehaztu zuen, ordea, SNPk «talde moduan» hartu beharreko erabakia dela hori, eta atea irekia utzi zion alderdiaren norabide aldaketari ere.

Azken kolpea

Asteotan, zalaparta handia izan da Eskoziako Parlamentuak onarturiko trans lege-proiektuaren inguruan. Bere alderdi SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean barne zatiketa eragin zuen, eta, gainera, Erresuma Batuko Gobernuak, historian lehen aldiz, 35. Sekzioa erabili zuen lege proiektu hori blokeatzeko. Horiek horrela, Sturgeonen gertuko batek BBCri adierazi dionez, Eskoziako lehen ministroak «nahikoa» denbora egin du kargu horretan.

Bere dimisioak mugimendu independentista indartuko duela adierazi zuen Sturgeonek. Haren iritziz, ardura publikotik aldenduta, ekarpena egingo dio pertsonalismoetan oinarritutako eztabaida polarizatuak leuntzeari. «Geroz eta irudipen argiagoa dut jendeak niri buruz dituen iritzi geroz eta zurrunagoak, batzuk bidezkoak eta beste batzuk karikaturaren parekoak, arrazoizko eztabaida baterako oztopo bihurtu direla herrialdean».

Galdera asko daude SNPren eta independentisten kanpainaren inguruan datozen hilabeteei begira. Batetik, alderdi horrek ez du agintariaren ordezko argirik, eta horrek agerian utzi du datozen asteetan barne eztabaida handiak izango dituztela. Alderdiak jakinarazi du ireki duela jada hautagaien izen ematerako eta Sturgeonen ondorengoa hautatzeko bozketa prozesua. «Aurki» emango du epeen berri. Gainera, martxoaren 19an, SNP ezohiko konferentzia bat egitekoa da erabakitzeko nola bilakatuko dituzten 2024ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak de facto erreferendum, lehen ministroak berak iragarri duen moduan.

Dena den, eta lehen lerroa utzi arren, politikagintzan jarraituko du Sturgeonek, diputatu lanetan, baita orain arte bere bide orria markatu duten helburuen alde lanean ere, Eskoziaren independentzia tartean. «Eskozia askeagoa da orain, 2015ean baino. Harro egoteko arrazoi asko dauzkat; hala ere, egitekoak asko dira oraindik».

Haren ordezkoa nor izango den arrastorik ez zuen eman atzo gobernuburuak, baina nabarmendu du ziur dagoela hark eramango duela herrialdea independentziara: «Benetan uste dut azken etapa dela honako hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.