NFPk «traizio egitea» leporatu dio Macroni

Frantzia Intsumisoko koordinatzaile Bompardek Frantziako presidenteari egotzi dio bozen emaitzei «jaramonik» ez egitea. Parisko alkateak bere alderdi PS kritikatu du, ez direlakoan aritu «egoerak eskatzen zuen mailan».

Marine Le Pen eta Emmanuel Macron Eliseoan elkarrekin, Parisen, 2022an. LUDOVIC MARIN / EFE
Marine Le Pen eta Emmanuel Macron Eliseoan elkarrekin, Parisen, 2022an. LUDOVIC MARIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 6a
15:10
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo jakinarazi zuen Michel Barnier izendatu duela lehen ministro. Ezkerreko koalizio NFP Fronte Popular Berriak erabakia kritikatu zuen, eta gaur bere horretan jarraitu du. Lehen ministroa Marine Le Penen RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiarekin adostu izana leporatu dio Frantzia Intsumisoak —NFPko kidea da—, besteak beste. Ezkerreko koalizioak eskuratu zuen eserleku gehien Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, eta beraien alde egin ez eta eskuinaren alde egin izana gaitzetsi dute. Izan ere, LR Errepublikanoak alderdikoa da Barnier; hau da, iragan uztailaren 7ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan laugarren gelditu zen alderdia.

Azken bi hilabeteetan gobernuburu berririk gabe egon da Frantzia. Ezein alderdik Asanblean gehiengo osorik ez duenez, indar politikoen arteko akordioen bila aritu behar izan du Macronek, lehen ministro berria izendatu eta gutxira zentsuratu ez zezaten —NFPk jada jakinarazi du gobernu berria zentsuratuko duela—. Ezkerraren iritziz, Asanblean eserleku gehien duen blokea izan den heinean, lehen ministroak NFPkoa izan behar du; eta koalizioa osatzen duten alderdien arteko tirabirak izan diren arren —uztailaren 15ean hautagaia erabakitzeko elkarrizketak eten zituen Frantzia Intsumisoak—, uztail bukaeran Lucie Castets proposatu zuten kargurako. Hura izan da Macronen erabakiaren aurka gogor egin dutenetariko bat.

RTL irrati katean gaur egindako elkarrizketa batean, boto emaileei «traizio egin» izana leporatu dio ezkerreko koalizioko hautagaiak presidenteari: «Sumindurik nago, Frantziako milioika boto emaileren gisan. [Macronek] Ez dio erantzun frantziarrek duela bi hilabete hautetsontzietan eskatutakoari».

Frantzia Intsumisoa harago joan da. Alderdiko koordinatzaile Manuel Bompardek hauteskundeen emaitzei «jaramonik egin ez izana» aurpegiratu dio Macroni BFM-TV katean: «Lasterketa batean norbait azkena geratuz gero, ez du urrezko domina irabazten. Hala ere, presidenteak botoen %6 eskuratu dituen alderdi bateko lehen ministroa izendatzea erabaki du». Are gehiago, deitoratu du eskuin muturrarekin ados jarrita izendatu dutela lehen ministro berria: «Macron-Le Pen gobernu bat da. Presidenteak aurrera eraman dezake, soilik, Batasun Nazionalak bere oniritzia eman diolako».

Barnierrek atzoko mezu bera errepikatu du gaur, AFP albiste agentziak bildu duenez: indar politikoekin izaten ari den elkarrizketak «ondo» doazela, «energiaz beterik». Indar politiko guztiekin negoziazioetan murgildurik dela esateak hautsak harrotu ditu, PS Frantziako Alderdi Sozialistak hori gezurtatu baitu. «Denekin gobernatuko duela esaten duenean, nori buruz ari da? Ezkerrari buruz? Ez, eskuin muturraz ari da; bizirauteko haien oniritzia behar baitu», adierazi du PSko lehen idazkari Olivier Faurek France Inter irratian. Hori dela eta, jakinarazi du gobernuan ez dela sozialistarik egongo.

Barnierren izendapenaren harira egindako kritika gehienak Macroni bideratu dizkio ezkerrak; hala ere, autokritika egin duenik ere egon da. Parisko alkate Anne Hidalgok (PS) Olinpiar Jokoen inguruko prentsaurreko batean adierazi du bere alderdia «egoerak eskatzen zuen mailan» aritu ez delako duela eskuinak lehen ministroaren kargua: «Frantsesen botoa ordezkatuko zuen lehen ministro ezkertiar bat izan ahal genuen: Bernard Cazeneuve. Nire alderdiaren erruz ez da lehen ministroa, tamalez».

Gobernu berria

Barnierrek gaur iluntzean eman du lehenengo elkarrizketa lehen ministro gisa, TF1 telebista katean. Macronek zergatik izendatu zuen galdetuta, Frantziako presidenteak argudiatutakoa errepikatu du: ibilbide luzea duela politikan, eta «esperientzia handia» negoziazioetan. Hain justu, esan du prest dagoela talde parlamentario guztiekin eztabaidatzeko; baina, ezkerreko koalizioak egindako kritiken harira, zehaztu du oraindik ez dela Le Penekin bildu, eta argitu du ez duela bat egiten RNren «teoria politikoekin». Agintaldiko helburuei dagokienez, aipatu du atea ireki nahi diela erretretaren erreformaren inguruko eztabaidei, hori «hobetzeko» asmoz.

Barnier hasia da Frantziako gobernu berria osatzen. Lehen ministro izendatua izan eta biharamunean sinatu du bere lehen erabakia: Nolwenn Chouffot lehen ministroaren misio arduradun izendatu du. Horrela, jarraipena eman dio Gabriel Attalen gobernu macronistari, Chouffotek kargu bera izan baitzuen harekin. Edouard Philippekin, Jean Castexekin eta Elisabeth Bornekin ere kargu bera izan zuen; hirurak Macronek izendatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.