Frantziako Asanblearako hauteskundeak

NFPk berehala proposatu nahi du lehen ministroa izateko hautagaia

PSk baztertu egin du Melenchonen aukera, eta esan du «frantziarrek ez luketela onartuko». Gabriel Attalek dimisioa eman du, baina lehen ministro gisa segituko du behin-behinean, Frantziaren «egonkortasuna» bermatzeko.

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua, atzo, Parisen. ANDRE PAIN / EFE
Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua, atzo, Parisen. ANDRE PAIN / EFE
Enekoitz Esnaola - Aitor Garmendia Etxeberria
2024ko uztailaren 8a
20:45
Entzun

NFP Fronte Popular Berriak irabazi ditu Frantziako Asanblearako bigarren itzuliko hauteskundeak, eta berehala esan du aste honetan bertan proposatuko duela hautagai bat lehen ministro kargurako, eta, gainera, ez duela nahi Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentearen inguruko koalizio Ensemblerekin batera gobernatzerik, bozetan bi taldeen arteko aldea oso estua izan den arren.

Gabriel Attal lehen ministroak, bart iragarri zuen moduan, dimisioa aurkeztu dio gaur Macroni, baina presidenteak agindu dio behin-behinean jarraitzeko karguan, «herriaren egonkortasuna bermatzeko». Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean Olinpiar Jokoak izango dira Parisen, eta segurtasuna bermatzea da Frantziaren kezkarik garrantzitsuenetakoa.

Herrialdeko presidentearena da lehen ministroa izendatzeko ardura, eta gero hark Asanblea Nazionalera joan beharra du, sostengua baduen ikustera. NFPk 182 diputatu lortu ditu bigarren itzulian. Hamasei aulkira geratu da ondorengo indarra: Macronen inguruko Ensemble, 168rekin. Marine Le Pen eta Jordan Bardellaren RN Batasun Nazionalak hirugarren bukatu du, 143 diputaturekin. LR Errepublikanoak izan dira laugarren indarra, 45 aulkirekin.

Macron Washingtonera doa bihar, ostegunera artean NATOren batzar batean parte hartzera.

«Gai izan behar dugu aste honetan hautagaitza bat prestatzeko», esan du gaur Olivier Faure Frantziako PS Alderdi Sozialistako lehen idazkariak. Haren esanetan, Macronek aitortu beharra dauka «garaitua» izan dela ekainaren 30ean izandako lehen itzulian —hirugarren geratu zen Ensemble— eta atzokoan, bigarrenean.

NFPk lehen ministrogaia aste honetan aurkeztuko balu ere, akordioak osatu beharko dituzte Macronek hautagai hori lehen ministro izendatu dezan. Izan ere, alderdi batek gehiengo osoa lortu izan balu, presidenteak haien hautagaia onartu beste aukerarik ez luke izango. Oraingoan, ordea, inork ez du gehiengo osoa eskuratu, eta hiru talderik bozkatuenen arteko aldeak ez dira horrenbestekoak.

Akordioak, nekez

Gainera, atzoko irabazle NFPren barnean ere hasi dira alderdien arteko desadostasunak argitara ateratzen. Eskuin muturrari aurre egiteko asmoz, ekainean osatu zuten koalizioa ezkerreko indar nagusiek, tartean, PS, Frantzia Intsumisoa, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista. Bozak amaitu berritan, baina, bistan geratu da ez dela lan erraza izango alderdi guztiak ados jartzea zenbait alorretan; hala nola lehen ministrogaia izendatzekoan.

Faure PSko agintariak France Info irrati katean emandako elkarrizketan ez du iragarri zein izan daitekeen lehen ministro kargurako proposatuko duten hautagaia, baina, behintzat, baztertu egin du Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruaren aukera. Hala ere, Frantzia Intsumisoko jarduneko diputatu Mathilde Panotek zehaztu nahi izan du Melenchon lehen ministro proposatzeko aukera ez dagoela alboratuta. Melenchonek, TF1 telebista katean, bere alderdiko hiru izen aipatu ditu lehen ministro gai izan daitezkeenak: Panot bera, Clemence Guette eta Manuel Bompard.

Faureren ustez, hautagaiak NFPtik kanpoko indarrekin «hitz egiteko gai» izan beharko du, koalizioaren gehiengo soila «zabaldu» egin beharko dutelako. Halere, iluntzean TF1 telebista katean adierazi duenez, ez dute Macronen koalizioarekin batera gobernatzeko asmorik: «Frantziarrek ez lukete ulertuko». Eta Ensembleri «erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio, eta argitzeko RNrekin batera ariko den edota NFPren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duen.

Frantzia Intsumisoko kide Manuel Bompardek adierazi du bigarren itzuliko «galtzaileak» Macronen jarraitzaileak eta RN izan direla, eta nabarmendu du NFPk gobernatu behar duela, nahiz eta gehiengo osorik ez izan. Dena dela, gogoratu nahi izan du Macronen gobernuak ere ez zuela halako gehiengorik izan joan den legealdian. Orain, «metodo bat eta [lehen ministro kargurako] izen bat» proposatuko ditu ezkerreko indarren koalizioak, Bombardek France 2 telebista kateko elkarrizketa batean aipatu duenez.

Marine Tondelier EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiko buruaren iritziz, Macronek gaur bertan deitu beharko lioke NFPri, hark jakinarazi diezaion zein den lehen ministroa izateko hautagaia.

Marra gorria: intsumisoak

Bitartean, Macronen alderdikideek akordioak lortzeko beharra nabarmendu dute; beraz, ez dirudi NFPri bakarrik gobernatzea errazteko asmorik dutenik. Sylvain Maillard Renaissance alderdiko —Ensemble koalizioaren parte da— diputatuaren eta Gerald Darmanin egungo barne ministroaren adierazpenak jaso ditu Le Monde egunkariak. Biek ala biek marra gorri bi zehaztu dituzte: Frantzia Intsumisoa eta RN.

Maillardek esan du «gehiengo erlatiboko koalizio bat aurkitzea» izango dela datozen asteetako lana. Baina ez ditu koalizio horren barnean ikusten, ez intsumisoak, ezta eskuin muturrekoak ere: «Frantzia Intsumisokoak eta RNkoak ez diren beste diputatu guztiek gehiengo erlatibo hori eraikitzeko bokazioa dute». Gehitu du koalizio horrek «sendoa» izan behar duela, datozen hiru urteetan iraun dezan, hau da, 2027ko bozak bitarte.

Darmanin zehatzago mintzatu da, eta baztertu egin du Frantzia Intsumisoarekin «gobernatzea» edo alderdi horrekin «zerikusirik duen koalizioren bat babestea». RNren ere ez dutela halakorik egingo zehaztu du, eta sozialistei egin die dei: «Alderdi sozialistari galdetu behar zaio ea Frantzia Intsumisoarekin hausteko prest dagoen».

Sozialistek Frantzia Intsumisoa alde batera utzi eta Ensemblerekin akordioa osatzea erabakiz gero ere, ez lukete gehiengo osoa bermatuko. NFPk lortu dituen 182 eserlekuetatik, 74 dira Frantzia Intsumisoarenak. Melenchonen alderdia ekuaziotik kenduta, NFPko gainerako alderdiek 108 diputatu batuko lituzkete. Eta horiei Ensembleren 168ak gehituta, 276; beraz, ez lirate gehiengo osora iritsiko —289 eserleku—. Horretarako Errepublikanoen edo beste diputatu batzuen babesa ere beharko lukete.

RNren bilera, egoera aztertzeko

RNk eskuratu zuen atzo ere boto gehien —8,7 milioi—, baina ez diputatu gehien, eta Louis Alliot RNko presidenteordeak azaldu du «frustrazio handia» daukatela, eta aitortu du euren kontrako dinamikak lortu duela eragitea. Alderdiko zuzendaritzak gaur arratsaldean bilera egitekoak dira, Parisen, emaitzak eta egoera aztertzeko.

Jordan Bardellak alderdiko lehen ministrogaiak bere gain hartu du «erantzukizunaren zati bat»; «bai Europako hauteskundeetako irabazi genituenean, zein atzoko porrotean». Julien Odoul alderdiko eledunak esan du barruti batzuetako hautagaien aukeraketan «akatsak» egin dituztela, baina, oro har, segitzen dutela markak hausten: «Denon aurka ari gara, baina aurreraka doaz».

RN Orbanen taldera batuko da, bruselan

Europaren Aldeko Patriotak eskuin muturreko talde parlamentarioko burua izango da Jordan Bardella. Europako Parlamentuko taldea Viktor Orban Hungariako lehen ministroak sustatu du, eta, gaur iragarri dutenez, talde horretara batuko dira Frantziako RN eta Italiako Lega alderdiak. Aurrez, Identitatea eta Demokrazia taldean zeuden biak. Espainiako VOX alderdiak ere jakinarazi zuen koalizio berrira batuko dela. Horrela, Europaren Aldeko Patriotak hirugarren indarra izango da Bruselan, 84 europarlamentarirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.