Urteko aurreneko eguna hasi eta gutxira, auto bat ziztu bizian sartu zen AEB Ameriketako Estatu Batuetako New Orleans (Louisiana) hiriko Bourbon kalean, eta han zeudenen aurka egin. Urte berriaren harira, ospakizun mordoa zegoen hiriaren erdiguneko gune horretan. FBI Ikerketa Bulego Federalak atzo bertan jakinarazi zuen erasotzailea erasoa egin eta gutxira hil zela, Poliziak tirokatuta. Hari buruzko xehetasunak iluntzean zabaldu ziren sare sozialetan eta AEBetako hedabideetan, eta iturri ofizialek baieztatu egin dituzte azken orduetan. Texasko militar ohi Shamsud Din Jabbarrek egin zuen erasoa, eta, Joe Biden AEBetako presidenteak bart prentsaurreko batean ziurtatu duenez, «lotura estua» dauka EI Estatu Islamikoarekin.
Hain justu, FBIren hasierako hipotesia izan arren Din Jabarrek erasoa «taldean» prestatu zuela, gaur aukera hori baztertu eta bakarrik egin zuela adierazi du agentziak. Iturri ofizialek hari buruzko informazioa zabaldu baino lehen, hainbat hedabidek iradoki zuten erasotzailea Estatu Islamikoaren parte zela; izan ere, EIren bandera beltza zeraman erasoa egiteko baliatu zuen autoan. Horiek hala, atzotik «eraso terrorista» gisa ikertzen ari dira gertatutakoa. Din Jabarrek hamahiru urte egin zituen AEBetako armadan; tarte horretan, urte bat eman zuen Afganistanen, 2009tik 2010era.
EIrekin izan ditzakeen loturen inguruan, informazio gehiago eman du bart Bidenek: «FBIk jakinarazi dit erasoa egin baino ordu batzuk lehenago hainbat bideo argitaratu zituela sare sozialetan. Horietan, argi azaltzen du EIk inspiratzen zuela, eta agerikoa da min egiteko asmoa zuela». Halere, nabarmendu du ikerketa hasi besterik ez dela egin, eta, hortaz, xehetasunak eta loturak argitzeko daudela. Are, esan du ez litzatekeela egokia «presazko ondorioak» ziurtzat ematea.
Futbol Amerikarreko Unibertsitate Ligako Sugar Bowl txapelketaren finalaurrekoetako bat jokatzekoak ziren atzo iluntzean New Orleansen. Erasoaren ondoren, kirol ikuskizuna atzeratzea erabaki zuten, argudiatuta ikerketa oraindik abian zegoela, eta ezin zutela ziurtatu txapelketa erabat segurua izango zenik. Gaur iluntzean dira egitekoak.
Nazioartean zeresan handia ematen ari da New Orleansen atzo goizaldean izandako erasoa, eta munduko lider mordo batek egin dituzte horren inguruko adierazpenak. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek doluminak eman dizkie biktimen senideei, eta Erresuma Batuko Atzerri idazkari David Lammyk, halaber, eskua luzatu die AEBetako Poliziari eta FBIri. Antzera mintzatu dira Alemaniako kantziler Olaf Scholz eta Frantziako presidente Emmanuel Macron. «Terrorismoak New Orleans astindu du», esan du Macronek.
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek eta Mexikoko presidente Claudia Sheinbaumek ere doluminak helarazi dizkiete biktimen senideei. Egiptok, Qatarrek eta Saudi Arabiak erasoa gaitzesteko komunikatuak zabaldu dituzte, nork bere aldetik; «indarkeria bidezko eta mota guztietako ekintza terrorista oro» deitoratu dute.
Las Vegasko erasoa
New Orleanseko erasoa gertatu eta zenbait orduren buruan, beste eraso bat izan da bart Las Vegasen, hilaren 20tik aurrera Etxe Zuriko maizter izango denaren, hau da, Donald Trumpen International Trump Hotel hotelaren aurrean. Tesla markako auto bat lehertu, pertsona bat hil, eta zazpi zauritu dira. Las Vegasko Poliziaren arabera, autoan gas zilindroak, kanpinerako erregaia eta kalibre handiko morteroak aurkitu dituzte. Bestalde, agintariek jakinarazi dute leherketak ez diola kalterik eragin ez hotelari ez inguruari.
«Tesla markako auto bat da, eta jakina da Elon Musk [Tesla konpainiaren burua] Trump presidente hautatuarekin lanean ari dela, eta erasoa Trumpen eraikin batean izan da», azaldu du Las Vegasko Polizia Departamentuko sheriff Kevin McMahillek. Horren harira, ikertzen ari dira erasoak «motibo politikoak» ote dituen. New Orleanseko erasoan eta Las Vegaskoan erabilitako autoak aplikazio beraren bidez alokatu zituzten. Halere, FBIk gaur arratsaldean jakinarazi duenez, ez dago harremanik bi erasoen artean. Bada, bi ikerketak abian dauden bitartean, Trumpek FBIren, Justizia Departamentuaren eta «Estatu Demokrataren» lana kritikatu du, bere kontrolpeko Truth sare sozialean: «Ez dira beren lana egiten ari».
Hamar zauritu new yorken, tiroketa batean
New Yorkeko (AEB) Queens auzoko diskoteka batean tiroketa bat izan da bart, eta gutxienez hamar pertsona zauritu dituzte. New Yorkeko Poliziak jakinarazi du ez zela «eraso terrorista bat» izan. Festa pribatu bat antolatua zuten Amazura diskotekan, eta 90 pertsona inguru zeuden. AEBetako Fox News hedabidearen arabera, diskotekara sartzeko ilaran zegoen jende talde batengana hurbildu ziren hiru gizon, eta tiroka hasi: 30 tiro baino gehiago egin zituzten. Erasotzaileek auto batean egin zuten ihes. Iturri ofizialak aipatuz AEBetako hainbat hedabidek kaleratu dutenez, urrian hil zuten «talde kriminal» bateko buruaren omenezko festa bat zen.